Mendi zabaleko erakusketa

Mendi zabaleko erakusketa

Unai Zubeldia

Erakusketatik dezente dauka sagardoaren munduak; freskuratik zer esanik ez; ibilaldi lasai baten ondorengo gazta zatia edo intxaur jana beti izaten da berezia; eta herri askok daukate lotura zuzena sagardoarekin. Sagardoaren errealitatea sagar uztatik pauso asko aurrera emanda dabil azkenaldian. Leku askotan esperientzia gisa saltzen da, jada, sagardo garaia, eta bide hori hartu dute Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak (GPS) eta Hernaniko Larre-Gain sagardotegiak ere: Sagardogintza, trikuharriak eta saroiak. Eskaintza berezia egin dute elkarrengana bilduta.

“Duela urte batzuk, Larre-Gain sagardotegiak eskaintza egiten zien ikastetxeei, eta horri tiraka hasi zen gorpuzten sagardoa, trikuharriak eta saroiak esperientzia bakarrean uztartzeko ideia”, azaldu du Itsaso Aritzeta Arditurriko Parketxeko koordinatzaileak. Luis Mari Zaldua GPSko zuzendariak ikerketa eginda dauka Hernaniko Akola inguruko trikuharri eta saroiei buruz. “Eta, gune horretako aukerak aztertzen hasita, ibilaldi hori sagardotegiko esperientziarekin uztartzea polita izan zitekeela ikusi genuen”.

Aiako Harria Natura Parkeko eremuan barrena, Larre-Gain sagardotegian hasi eta amaituko da lau kilometroko mendi ibilaldi gidatu labur eta erraza. “Herritar guztientzat egokia; edonork egiteko modukoa”, zehaztu du Aritzetak. Saratsetako lepoan dago inguru horretan ondoen iraun duen trikuharria. “Eta bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte saroiak ere, Euskal Herrian ganadua kudeatzeko erabiltzen ziren guneak eta lurraldea antolatzeko modu bat”. Aritzetaren hitzetan, saroiek lotura zuzena daukate trikuharriekin, “elkarren ondoan egoten direlako gehienetan. Alde horretatik, oso leku berezia da Hernani”. Hamahiru-hamalau trikuharri eta zortzi-hamar saroi daude ibilaldia egingo duten eremuan. “Denak ez dituzte ikusiko, baina asko daude gune horretan. Saroien kasuan, bizpahiru ikusteko aukera izango dute”.

Mendi buelta amaituta, sagardotegira bisita eginez ezagutu ahal izango dute bertaratutakoek sagardo kulturaren funtsa: “Historia, sagardoa egiteko prozesua, sagardoaren ezaugarriak…”. Sagardotegiko jabeei eurei nahi adina galdera egiteko aukera ere izango dute amaieran. Bestela ezin eta, sagardotegian bazkalduz amaituko da esperientzia —hiru ordukoa da mendi bueltaren eta sagardotegiko azalpenen iraupena—.

Hamalau pertsonako taldea osatu beharko da, gutxienez, bisita egin ahal izateko —antolatzaileak eurak arduratuko dira bi, hiru edo behar diren taldeak elkartzeaz—, eta aurrez egin beharko da erreserba 943-49 50 60 edo 688-89 50 68 telefono zenbakietara deituta, edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezua bidalita. Euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daitezke bisitak. Maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik eskaintza, eta asteartetik igandera gozatu ahal izango da esperientzia —larunbatak salbu—. 32 eurokoa da prezioa. Aritzetak zehaztu du ez dutela izaten ordutegi finkorik. “Baina 10:00-10:30 aldera jartzen dugu ordua, bisita 13:30 aldera amaitu eta 14:00etan bazkaltzen hasteko”.

Bertakoentzat ere bai

Euskal Herrian sagardoaren kultura “oso zabalduta” dagoen arren, “gehien-gehienek” jakintza handirik ez daukatela uste du Aritzetak. “Kalekumeak garenok, batez ere, ez dakit benetan ezagutzen dugun sagardoaren prozesua. Bisita egiten dutenen artean oso gutxik jakiten dute errealitatea nolakoa den”. Turistentzat nahiz bertakoentzat da eskaintza, beraz. “Hernaniarrek eurek ere ez dakidalako zein neurritaraino dakiten, adibidez, saroiak zer diren eta inguruan zenbat dauzkaten”.

Eguraldiak dezente baldintza dezake horrelako esperientzia bat. “Baina, sekulako eguraldi txarra salbu, gure aldetik ez dago muga handirik; bisitarien araberakoa izango da hori”. Ariketa fisikoa, kultur ukitua eta gastronomia. Hiru eskaintza batean elkartuta, bisitarien zain daude Hernani inguruko trikuharriak, saroiak eta Larre-Gain sagardotegia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.