Imanol Garcia Landa
Musika irakasteko Txirula eztia liburua argitaratu zuen 2016an Arantxa Zubillaga musika irakasleak (Alegia, 1969), eta bigarren liburua kaleratuko du orain, otsailean. “Hainbat maila eskaintzea”, hori da, bereziki, bigarren proiektuaren helburua. “Lehen pausoak emateko liburua da lehenengoa, maila baxua dutenentzat egokia, eta bigarrenean pixka bat gehiago igo dugu zailtasuna”.
Zubillagak Aranzubil argitaletxearen bidez zabaltzen ditu bere lanak, eta argitaletxearen webgunean dago eskuragarri orain arteko materiala. Aurki lortu ahal izango da Txirula eztia-ren bigarren zenbakia ere. Dagoeneko ikusgai dago lan osoaren aurrerapen txiki bat, idatzizkoa eta audioa, eta erosi nahi duenak aukera dauka materiala jaisteko. PDF formatuan jaits daitezke idatzizko bertsioa eta partitura osoa: aukera bat da instrumentu guztiak elkarrekin dauden partitura jaistea, eta bestea partiturak banaka jaistea. Gauza bera egin daiteke audioekin ere: “Batetik, ikasle bakoitzak jo behar duen partitura entzuteko erabiltzen dira audioak; beraz, ikasteko baliabide bat izan daiteke. Bestetik, sormena lantzeko baliatzen dira”.
Zubillagak azaldu du badauzkatela baliabideak musika irakasteko, baina irakasleak sentitzen zuen baliabide horiek ez zirela nahikoa ikasle guztiengana heltzeko. “Dauzkagun saio murritzetan, ikasle guztiak, duten ahalmenaren arabera, klaseko partaide bihurtzea da erronka”. Horregatik,material didaktikoa sortzean kontuan hartu du ikasgela bakoitzak izaten duen musika ezagutzaren aniztasuna, eta beste hainbat instrumentu ere txertatu ditu, txirula eztiarekin batera; izan ere, hainbat ikaslek musika instrumentuak ikasten dituzte eskolatik kanpo. “Eta, dena uztartuta, klasekide guztiek talde bakarra osatzea da asmoa. Helburu hori aintzat hartuta osatu dugu proiektua. Aukerak ugaritzeko beharra zegoela sentitzen nuen nik, eta, liburu honi esker, irakasleek orain eskuragarri dute material pedagogiko hori”.
Zubillaga materiala osatuz joan da irakasle lanean, eta material hori berritu eta osatu egin behar izaten zuen beste eskola batera joaten zen bakoitzean. Materiala behin eta berriz osatu beharrean, ordea, irakaslearen ustez egokiagoa da material hori “eskuragarri” izatea. “Eta, hain zuzen ere, hori izan zen liburua osatzen hasteko bultzada nagusia”.
Txirula eztia da proiektuaren oinarria, ikastetxeetan erakusten den instrumentua. “Abesti errazak osatzen saiatu gara, ikasleentzat erakargarriak”, zehaztu du Zubillagak. “Oinarrizko instrumentuak erabili ditugu txirularekin batera: erritmoa markatzekoak, melodia laguntzaileak… Gainera, proiektua ez dago itxita, eta klasean ditugun beste hainbat instrumentu gehi daitezke. Horrela, txirula aberastu egiten da”.
Zubillaga Ordiziako Oianguren institutuko irakaslea da egun, eta DBH 1en eta DBH 2n ari da klaseak ematen; DBH 4n, berriz, hautazkoa da musika ikasgaia. Batez ere DBH 1eko ikasleentzat da Txirula eztia liburua. “Hori bai, zailtasuna gehituz doan heinean, ez du esan nahi ezin denik erabili. Ez dago mugatuta”. Oinarrizko egitura zeukan lehenengo zenbakiak, eta txirularentzat zein beste instrumentu guztientzat handitu da zailtasuna bigarrenean.
Emanaldia EHUn
Lehen liburua argitaratu eta berehala, EHUko Leioako Irakasle Eskolako arduradunak harremanetan jarri ziren Zubillagarekin, eta azaldu zioten material pedagogikoaren berri izan nahi zutela. Harreman horretatik sortu zen elkarrekin proiekturen bat egiteko aukera, eta Leioan emanaldi bat eskaintzea adostu zuten; bat eginda aritu ziren Zubillagaren ikasleak eta fakultatekoak. Emanaldia adostu eta egin bitartean, Zubillagak ikastetxez aldatu behar izan zuen, eta gaur egun ikasle dituenekin joan zen Leioara, abenduan. “DBH 1eko ikasleekin joan ginen, eta unibertsitateko laugarren mailakoekin eskaini genuen emanaldia”, azaldu du Zubillagak berak.
“Proiektu interesgarria izan zen niretzat. Azken finean, unibertsitatean landu dute nire lan didaktikoa, eta garrantzitsua eta bitxia izan da hori bertatik bertara ikustea”. Ikasleek ere ondo gogoan edukiko dute egun hori. “Urduri zeuden, konpromiso handiko proiektua zelako. Ez da erraza 120 ikasle elkartu eta denon artean lan bateratu bat egitea, eta pozgarria izan zen emaitza”. Txirula eztia liburuaren lehen zenbakian oinarritu zuten kontzertua, eta bertan jasota dauzkaten sei abestiak interpretatu zituzten.
“Gehiago edo gutxiago landuta, baina denok ditugu zerbaitetarako dohainak”, azaldu du Zubillagak. “Batzuekin argi ikusten da musika lantzeko bertuteak dituztela, eta beste batzuekin lan gehiago egin beharko litzateke”. Hain justu, “aniztasuna lantzea” da lan didaktikoaren helburua. “Eta, batez ere, ikasleei talde baten partaide direla sentiaraztea”. Berdin dio moduak: parte sentitzea da helburua. “Besteek ikus dezatela beste taldekide bat dela, eta egiten duen lana garrantzitsua dela. Azken finean, taldekide guztiak dira garrantzitsuak proiektuan”.
Etorkizunean Txirula eztia liburuaren hirugarren zenbakia kaleratzeko asmoa dauka Zubillagak. “Eta, noski, proiektu horrek maila handixeagoa izango luke. Horren ondoren, sortzen diren beharren arabera ikusiko dugu material gehiago publikatuko dugun edo ez”.
Leave a Reply