Ane Olaizola
Urte gutxiren buruan sona handia hartu du olatu handietako surfak. Gero eta gehiago dira olatu amaigabeen arrantzan dabiltzan surflariak, eta horren adibide da han-hemenka egiten diren nazioarteko txapelketak ugaritu izana. Euskal Herriko kostaldeak ematen dituen aukerez baliatuta, gaur egun surflari ugari dabil olatu erraldoiak hartzeko lehen lerroan borrokan, eta, kirol horren arriskua handi samarra bada ere, surflariek eurek “bizitzeko modu batekin” lotu dute jarduera.
Indar Unanue (Donostia, 1987) azken urteotan ezagun egin da olatu handietako surfean. Iaz, esaterako, hirugarren sailkatu zen Punta Galeako (Bizkaia) olatu handietako txapelketan, eta euskal surflarien artean Deban egin zuten Sorgiñetxe Big Wave erronka irabazi zuen urtea hastearekin batera. Unanue 12 urterekin hasi zen lagunartean surfa egiten, Zarautzera bizitzera joan zenean, eta azaldu du olatu handiak zeuden egunetan, “oharkabean”, “gogo handiagoarekin” sartzen zela uretara. “Olatu handiak hartzean izaten nuen sentsazioa gustatzen zitzaidan niri”. Gerora ofizio bilakatuko zen afizioa lantzen hasi zen orduan. 17 urte zituela egin zuen lehen bidaia Hawaiira, surfaren sehaskara, eta han egin zen ezagun: “Waimea hondartzako olatu famatua hartzeko aukera izan nuen, eta une horixe bera harrapatu zuen argazkilari batek. Surfline webgune ezagunaren azalean argitaratu zuten argazki hura, eta nire ibilbidean jauzi handia izan zen gertaera hura”. Orduan hasi zen txapelketetan buru-belarri lehiatzen.
Unanuek azaldu duenez, oso azkar ari da hazten surfaren diziplina hori. “Olatu erraldoien bila dabiltzan surflarien izen asko agertzen ari dira”. Jarduera horretan profesional gisa ibiltzeko, gainera, erabat horretara jarrita egon beharra daukatela gaineratu du: “Fisikoki prest egoteaz eta itsaski guztien berri izateaz gain, edozein unetan munduaren bestaldera joateko bitarteko guztiak behar dira”.
Urruneko itsasoetara joan gabe, ordea, beste askok bezala, Unanuek ere etxe ondoan izan du olatu handietan ondu ahal izateko txokoa: Getaria eta Zumaia arteko Sustarri eremuan, hain zuzen ere. “Leku hori gabe, ez nintzatekeen iritsiko orain nagoen lekuraino. Euskal harrobiarentzat gune garrantzitsua da hura”. Sustarriz gain, Gipuzkoako kostaldeak aukera ugari eskaintzen du surf mota hori egiteko. Surflari ugari elkartzen dute, adibidez, Debako olatuek eta Hondarribiko Amuizkoek.
Euskal Herrian ere olatu handietan surfa egitea “normalizatu” egin da, beraz, eta Ibon Amatriain (Donostia, 1969) izan da horren erantzuleetako bat. Hura da erreferentzia Euskal Herriko olatu handietako surfean, eta azken urteotan gazte ugari erakarri du Amatriainek atzerritik ekarri zuen jarduerak; Unanue bera, esaterako. “Amatriainek zabaldu zuen bidea”. Izan ere, Mikel Agoterekin batera, hura hasi zen surfean Sustarriko olatuetan: “‘Hemen sar daiteke’ esan zuen lehen ausarta izan zen Amatriain”, azaldu du Unanuek.
1988an Hawaiira egindako bidaia batean ezagutu zuen Amatriainek olatu handietako surfa: “Begiak zabaltzeko balio izan zidan bidaia hark. Olatu erraldoietan surfa egiteko kultura handia zegoen han, eta Euskal Herriko kostaldea ere olatu handiena zela ohartu nintzen; aukera ugari eskaintzen zuela kirol hori praktikatzeko”. Garai hartan oso surflari gutxi zeuden Euskal Herrian, eta, beraz, aitzindariek “aukera asko” izan zuten kirol hori ikasteko eta barneratzeko. “Ordura arte surfean aritu gabeko olatu asko zeuden Euskal Herrian, eta garai hura egokitu zitzaidan niri. Egun, ia ezinezkoa litzateke euskal kostaldean olatu berri bat aurkitzea. Zorte handia eduki nuen nik”.
Gaur egun txapelketetatik nahiko aparte dabil Amatriain, eta itsasertzetik ikusi du bilakaera: “Garatu egin da teknologia, eta, alde horretatik, segurtasun handia dago orain; ordea, surflariek askoz gehiago arriskatzen dute egun”. Urteen poderioz, marka guztiak hautsi dituzte surflariek. “Eta gaur egun lorpen txikiak izango lirateke duela urte batzuk olatu handitzat hartzen genituen haiek. Orain urte batzuk pentsaezina zen gaur egun hartzen dituzten olatuak hartzea”.
Normalizatzeaz gain, profesionalizatu ere egin da olatu handietako surfa, eta Amatriainek uste du bestelako filosofia bat duela egungo surflari askok: “Lehen, saioetan gozatzea izaten zen surflarien xedea; orain, berriz, guztiek ez, baina askok argazki bat edukitzea edo markaren bat haustea lehenesten dute”.
Bi surflarien iritziz, ohiko surfa baino ikusgarriagoa da olatu handietakoa, eta horrek protagonismoa eman dio modalitateari. “Internetekin, mundu osora zabaldu da diziplina hau. Bideoak egiten dituzte, eta argazkilari gehiago joaten da txapelketetara. Lehen, ez zen izaten halakorik”. Era berean, “gero eta txapelketa gehiago” antolatzen dituztela azpimarratu du Unanuek. “Eta saio gehiago izaten dituzte surflariek. Zirkulu baten gisakoa da dena, eta handitzen ari da gurpila”.
Gustatu beharreko diziplina
Surfistak “muturreko baldintzetan” aritzen dira itsasoan, eta, Amatriainen hitzetan, halako olatuak mendean hartzeak “ase” egiten du pertsona. Dena den, biek ohartarazi dute kirol “arriskutsua” eta “gogorra” dela. Beraz, moda baino gehiago, “bizitzeko modu bat” dela azpimarratu du beteranoenak, “mendizale batentzat mendia izan daitekeen bezala”. Unanueren hitzetan, berriz, “asko” gustatu beharreko diziplina da olatu handietakoa. “Bestela ez dauka zentzurik”. Kirol hau egiteko oinarrizkoa da prestatuta egotea, modan dagoelako jarduten dutenek aukera handiagoa izango dutelako gaizki pasatzeko.
Leave a Reply