Urko Etxebeste
Gipuzkoan biztanle gehien duen bigarren herrian, Irunen, azaroaren 18an egingo dute herri galdeketa, Gure Esku Dago dinamikak jada 84 herritan bultzatua eta egina. Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko iritzia bildu nahi dute, eta Hartu Hitza Irun izena jarri diote prozesu horri; bederatzi hilabete iraungo du. Getxoren ondoren (Bizkaia), tankera horretako galdeketa bat egingo den hiririk handiena da Irun; litekeena da Donostian ere kontsulta egun horretan bertan antolatzea.
“Sukaldeko lana”: hori da gakoa, Elena Berazadi Hartu Hitza Irun elkarteko lehendakariak zehaztu duenez —elkarte horrek antolatuko du galdeketa—. Eta sukaldeko lan handia egin dute, Irunen galdeketa egiteko erabakia hartzeko; izan ere, biztanleen ezaugarriei erreparatuz gero, askotariko hiria da Irun, askotariko irundarrek osatzen baitute 60.000 biztanle pasatxoko komunitatea. Horregatik, hirian gogotik lan egin dute kontsultaren erronkari heltzeko. Horren erakusgarri da joan den larunbatean galdeketaren xehetasunak emateko egin zuten agerraldia: ia kolore guztietako 50 irundar ezagunek esan zuten galdeketarekin bat egiten dutela, eta zilegi dela erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea.
Berazadik zehaztu duenez, 80-85 pertsonako lantaldea ari da galdeketari forma ematen, hainbat arlotan banatuta. Haientzat garrantzitsua da azaleko lana, baina garrantzi nabarmena ematen ari dira sakonekoari; hala, harremanetan jarri dira gizarte eragileekin, hezkuntza zentroekin, kirol elkarteekin, kultur arloko taldeekin, enpresetako langileen batzordeekin eta bestelako irundarrekin. “Guretzat hori da garrantzitsuena: harreman horiek sortzea. Handia da Irun, plurala, eta bereziki landu beharreko esparrua da harremanena. Esparru guztietan sortu behar dira sareak”. Saretze horretan, Berazadiren ustez oinarri-oinarrian egon behar du elkarlanak eta adostasunak. “Hori da bidea. Irunen behintzat hala uste dugu”.
Hartu Hitza Irun elkarteko kideek aurretik beste herrietan egindakoa baliatuko dute. Berazadik azaldu duenez, esperientzia horietatik ikasi eta euren egingo dute hirian aplika daitekeena: “Baloratzekoa da Gure Esku Dago-k orain arte egin duen lana. Guretzat abantaila da dozenaka herritan aurretik galdeketak egin izana, jada badagoelako esperientzia alor teknikoan eta antolakuntzan”.
Dena dela, Irunen aspalditik ari dira guztia antolatzeko lanean. “Herri galdeketen olatua hasi zenean, batzarran planteatu genuen horretan sartu behar genuen edo ez. Lasaiago ibiltzea erabaki genuen, Irun ez delako Orexa, adibidez”. Hartu Hitza Irun elkarteko lehendakariak gaineratu duenez, artean sukaldeko lan handia zegoen egiteko. “Gure oinarriak zeintzuk izango ziren adostu genuen, eta duela urtebete inguru ekin genion lanari. Lasai, baina etenik gabe”.
Egunari dagokionez, Berazadik azaldu du Donostian ere azaroaren 18an direla galdeketa egitekoak. “Eta hori ere baliagarria da guretzat, are informazioa gehiago zabaltzen lagunduko duelako”. Azaroaren 18ko galdeketan parte hartuko duten herritarrez harago, lehendakariak nabarmendu du erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida plazaratzea dela haien helburu nagusia. “Eguneratu egin nahi dugu Irunen gure etorkizun politikoa erabakitzeari buruz dagoen eztabaida. Sektorearen arabera, arrakasta handiagoa edo txikiagoa izango dugu helburu horretan. Arnasa handiko ahalegina da”.
Babes politikoa
Joan den urteko martxoan mozioa onartu zuen Irungo Udalak, herriek duten erabakitzeko eskubidea aitortzeko. EAJk, EH Bilduk eta Si Se Puede Irunek —Ahal Dugu-ren Irungo udal marka— aldebozkatu zuten, eta PSE-EEk eta PPkkontra; hamahiru zinegotzik egin zuten mozioaren alde, eta hamabik kontra. Hau da: 2015eko udal hauteskundeetako emaitzen arabera, 13.760 boto berenganatu zituzten hiru alderdiek erabakitzeko eskubidearen alde egin zuten, eta 11.601 boto jaso zituzten biek, kontra.
Irungo 2015eko hautesle erroldaren ia %30 ordezkatzen dute galdeketaren aldeko jarrera duten alderdiek; urte hartako udal hauteskundeetan botoa emandakoen %48,5 dira. Berazadik aitortu duenez, galdeketa antolatzeko bultzada izan zen hori: “Galdeketarako urratsa egitera animatu gintuen udalaren gehiengoa erabakitzearen alde egoteak. Babes politiko hori garrantzitsua da”.
Leave a Reply