Leire Narbaiza
Orain pare bat urte izango zen. Automobilean nindoan, eta atzean iloba biak neramatzan, orduan bost eta zazpi urte inguru zituzten. Jolasean zihoazen euren aulkitxoetan jarrita, gaztelania makarroniko batean, baina gaztelania hutsean. Asaldatu egin nintzen. Oso nekatuta egoteak ere lagunduko zidan; izan ere, egun osoan kanpoan bueltaka ibilita, leher eginda gentozen. Aztoramen horren erdian, errieta egiten hasi nintzaien: ea zertan zebiltzan, nolatan egiten zuten erdaraz, ea ez zekiten zenbat jendek egin zuen borrokan eurek euskaraz egiteko eskubidea izan zezaten, askok ez zutela izan euskaraz egiteko aukerarik… Hau dena zeharo suminduta, gidatzen nuen bitartean. Ume koitaduak isilik, izeko zoroa egokitu zitzaiela pentsatzen, ziurrenik. Jaitsi nuen tonua eta goxoago azaldu nizkien kontu batzuk, zergatik haserretzen ninduen hainbeste eurei erdaraz entzuteak, esate baterako. Orduan, zaharrenak jaurti zidan: “Leire, baina jendeak badaki hori? Irratian kontatu beharko zenuke! —orduan kolaborazio bat egiten nuen jakitun zegoen eta—.
Agian ez zen izan modu egokiena ezer kontatzeko. Beharbada, agiraka egitea ez zen bidea, baina euren harridura handiak adierazi zidan hizkuntzaren transmisioan ez ezik, hizkuntzaren historiaren transmisioan —errelatoan— ere egiten dugula kale, batez ere gure ume eta gazteekin. Herri eta familia batzuetan euskaraz egitea naturalena izanda, ez dute gatazkaren zantzurik, eta uste dut hori ere jakinaraztea beharrezkoa dela. Batez ere jakin dezaten euren burbuila horretatik kanpora errealitatea ezberdina dela, askoz gordinagoa eta gaitzagoa. Aurretiaz, gurekin egin zuten (kontatu ziguten eraztunaren zigorra, esate baterako), eta kontzientzia sortzeko balio izan zigun. Lehenengo mespretxuzko No te entiendo takarrak harritu ez ditzan ere komeniko litzateke errealitateaz jabetzea.
Edo futbol partidaren batean euskaraz egitea debekatzen dietenean, pasa den astean Idiazabal-Elgoibar partidako epaileak egin zuen bezala. Baliteke horrela hurrengoan jokalari guztiek planto egitea, eta gogoak ematen dien hizkuntzan berba egitea. Espaloitik ez jaistea, alegia.
Gertuko historiaren transmisioa ere egin behar dugu, zalantza barik, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi ziguteneko kontakizuna, adibidez. Aprobetxa dezagun asteartean hamabost urte bete direla bidegabekeria hartaz, gure txikiei adierazteko zer gertatu zen. Ez dugu nahi biktimatzat har gaitzaten, baina ezinbestekoa deritzot ondorengoei igarotakoaren lekukotasuna ematea. Horrela, nondik gatozen eta zein ibilbide izan dugun hobeto uler dezaten. Era berean, gaur eguneko egoera beste perspektiba batetik ikusiko dute. Eta, nola ez, etor litekeen hurrengo erasorako ere presta daitezen.
Izan ere, bolo-bolo dabil birzentralizazioa datorrela. Badabiltza esaten usain zaharreko politikari berriak administrazio publikoan lan egiteko ez dela derrigorrezkoa izango hizkuntza koofiziala jakitea. Berriro ere, hizkuntza minorizatuendako atzerakada eta egurra iragartzen dute.
Horregatik, gure ume eta gaztetxoei ez badiegu azaltzen zeintzuk diren gure sustrai eta bizipenak, zelan emango diote segida hizkuntzaren kateari?
Leave a Reply