Eider Goenaga Lizaso
Minbiziaren kontrako borrokan, etengabeak dira aurrerapausoak; borrokak ez du etenik. Horretan aritzen dira Donostiako Onkologikoan, eta bertako barne funtzionamendua ezagutzeko bisita beste mundu eta beste mende batera bidaiatzea bezalakoa da; zientzia fikziozko filmetan agertzen diren moduko makinak ikusi, eta ezinezkoak diruditen lorpenen inguruko azalpenak jasotzen ditu bisitariak: bularraren irudiak milimetro bakoitzeko ateratzen dituzten mamografia makinak, biopsian ateratako laginak aztertzeko teknologia ezberdinak, kimioterapia botikak arriskurik gabe prestatzen dituen robota, genearen osaera eta mutazioak identifikatzen dituzten makinak, PET (positroien emisio bidezko tomografia) proba egiteko aparailu erraldoia, erradioterapia eraginkor bat ziurtatzeko simulagailua…
Minbizi kasuak detektatu, gaixoak artatu eta gaitza sendatzea dute lehentasun Onkologikoan, eta ikerketa eta berrikuntza ere ezinbestekoak dira. Iokin Gutierrez medikuak esan duenez, baina, “minbiziaren inguruko tabuak desegin eta gaitzari buruz normaltasunez eta beldurrik gabe hitz egitea” ere bada euren helburuetako bat. Xede horrekin, eta iazko esperientziari jarraituz, batxilergoko biologia adarreko ikasleentzako bisitak ari dira egiten. Otsailaren 2an hasi ziren bisita horiek egiten, astearte eta ostiraletan. Joan den ostiralean Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasleek egindako bisitan izan zen Gipuzkoako Hitza. Guztira, 25 ikastetxek bisitatuko dute Onkologikoa maiatza bitartean.
Bisita baino lehen, aurkezpen hitzaldia eskaini die Gutierrezek gazteei, eta hainbat datu eman dizkie. Besteak beste, gizarte aurreratuetan hiru emakumetik batek eta bi gizonetik batek minbizia izango duela dio, baina baita kasuen %55 inguru sendatzen direla ere. Detekzio azkarraren eta tratamendu pertsonalizatua ematearen garrantzia nabarmendu du Gutierrezek. Egun, Onkologikoan, lau tratamendu mota egiten dira: kirurgia, erradioterapia eta brakiterapia, kimioterapia eta medikuntza nuklearra. Antigorputzak eta immunoterapia ere aipatu ditu; pixkanaka gero eta gehiago erabiltzen direla eta “etorkizuneko kimioterapia” direla dio, tratamendu zehatzagoak eta albo kalte gutxiagokoak direlako.
Itxaropenari leihoa irekiz, onkologia “oso espezialitate berria” dela nabarmendu du Gutierrezek, eta asko dagoela oraindik egiteko, ikerkuntza arloan pauso handiak ematen direla egunez egun. Alegia, minbiziaren kontrako borroka bizian ari direla.
Hitzaldiaren ostean hasi dute bisita ikasleek. Bost gune bisitatu, eta mediku, erizain eta teknikarien azalpenak jaso dituzte.
Emakumeen artean gehien antzematen den minbiziari erreparatu diote diagnostikoaren atalean. Mamografiak egiten dituzten atala bisitatu dute ikasleek. “Hemen duguna ez da mamografo konbentzionala, garai batean erabiltzen genuena; tomosintesia egiten du makina honek”, azaldu du erradiologiako teknikariak. X izpien erradiazio baxuagoarekin, emaitza hobeak lortzen dira teknologia horrekin; milimetro bakoitzeko ateratzen ditu argazkiak, hiru dimentsioko irudi bat eskainiz, eta diagnostikoa hobetzen du horrek. Tomosintesi bidezko lau mamografo dituzte.
Teknikariek azaldutakoaren arabera, bularra dezente zanpatu behar da irudi on bat lortzeko. “Baina zazpi segundo bakarrik irauten du probak”. Tarte horretan, hamabost kliskatze egiten ditu makinak, eta kliskatze bakoitzean hainbat irudi ateratzen ditu, milimetro bakoitzeko bat.
Minbiziaren diagnostikoan zein tratamenduan erabiltzen da medikuntza nuklearra, baina ikasleek diagnostikorako erabiltzen den gunea bisitatu dute. PET proba egiten dute bertan, eta aktibitate edo ugaltze azkarreko zelulak detektatzen ditu makinak. “Fluor 18 edo FDG substantzia erradioaktiboa injektatzen diogu pazienteari, eta fluor hori elkartzen da gorputzeko glukosa molekulekin. Tumore bat baldin badago, aktibitate dezente egongo da hor, eta guk injektatzen dugun FDG hori gune horretan itsatsiko da”, azaldu du erizainak. Bi irudi ateratzen ditu PET proba egiteko makinak: batetik, egitura anatomikoen irudia ateratzen du TAC txiki batekin, eta, bestetik, FDGa itsatsi den tokien irudia ateratzen du. “Bata bestearen gainean jarrita, zehaztasunez ikus daiteke non dagoen aktibitate anormal bat. Zurian, argituta agertzen dira gune horiek”.
Medikuntza nuklearreko langileek kontu handiz ibili behar dutela dio erizainak; hormak ere berunezkoak dira gune horretan. “Erradiazioari beldurrik ezin diogu izan, horrekin lan egin behar dugulako egunero, baina errespetua bai”. Behin pazienteari substantzia erradioaktiboa sartzen diotenean ahalik eta kontaktu gutxien edukitzen saiatzen direla azaldu du. “Baina, noski, hona etortzen den pertsona ez dator egoera samurrean, eta ezin da kontaktua guztiz saihestu, lagundu egin behar zaio”.
Segurtasun protokoloa oso zorrotza da, eta dosiak berunezko edukiontzietan edukitzen dituzte une oro. “Gaixoek erabiltzen duten komuna ere berezia da, berunezkoa. Ura edukiontzi berezi batera joaten da, eta erradiazioa guztiz desagertu dela ziurtatu arte gordetzen dugu”.
Ebakuntza, biopsia eta abarretatik ateratako laginekin egiten dute lan anatomia patologikoan. “Pieza kirurgikoak zuzenean iristen dira operazio gelatik”, dio teknikariak. Xerratu, eta lamina oso finak ateratzen dituzte. Prozedura kimikoen bidez, ehun hori desidratatu egiten da, eta gero aztertu ahal izateko tratamendua eman: parafinan sartuz, adibidez. Ikasleei beirazko bi xaflaren artean dagoen melanoma baten (azaleko minbizia) lagina eman diete, ikusteko. Azal zatia patologoak aztertuko du, diagnostikoa egiteko.
“Baina diagnostikoa ez da soilik minbizia dagoen edo ez jakitea. Bularreko minbizien kasuan, adibidez, bularreko immunofenotipoa egiten da, eta horren bidez zehazten da ez bakarrik zein tumore mota den, baizik eta hartzaile hormonalak adierazten dituen, zein den ugaltze indizea…”. Diagnostiko zehatz hori ezinbestekoa da tratamendua erabakitzeko garaian.
Gune molekularra deitzen dutena dago laborategi berean. “Hemen ez ditugu kultiboak egiten; DNA atera eta genearen azterketa egiten dugu, mutazioak non gertatzen diren ikusteko. Eta, ondorioz, horri nolako tratamendua dagokion erabakitzeko”.
Oinetakoak plastikoekin estali behar izaten dituzte bisitariek farmazia atalean sartzeko. Bertan prestatzen dituzte, besteak beste, Onkologikoan hurrengo egunean emango dituzten kimioterapia dosiak. “Eta, kimioaren barruan, antigorputzak ere bai. Arratoien antigorputzak dira, proteina batzuekin nahasten ditugunak, eta hemen sortzen ditugu; antigorputzak gaixoari sartzen zaizkio, gure antigorputzen moduan minbizi zelulen kontra lan egin dezaten”, azaldu du bertan lanean ari den erizainak.
Gune berezietan prestatu behar dira dosiak; “gela zuria edo gela garbia deitzen diogu toki horri”. Eta zehaztasuna ezinbestekoa da: “Dosian pasatzen bagara, gaixoa hil egin daiteke, eta gutxiegi jartzen badugu, ez da eraginkorra”.
Botikak prestatzeko lan horretan laguntzaile bat dute 2014tik: “Guk jartzen ditugu osagaiak, eta berak egiten ditu kargak. Hori segurtasuna da guretzat, kutsatzeko arriskua gutxitzen duelako”. Kiro Robot izena du, bi besoko robota da, eta Mondragon taldeko I+G+B taldeak diseinatu zuen, Onkologikoko Farmazia Sailaren ideia batetik abiatuta.
Antigorputzak, berriz, eskuz egiten dituzte. “Robotean zerbait gaizki ateratzen bada, sorta oso bat bota behar da zakarretara, eta, kimioarekin alderatuta, oso garestiak dira antigorputzen bialak”. 15.000 euro arte balio dezake antigorputzen dosi batek.
Onkologikoko Farmazia sailean egiten dituzten entsegu klinikoez ere hitz egin du erizainak. “Medikazio berriak probatzen ditugu, eta arlo horretan lan handia egiten dugu hemen; azkenaldian, azaleko minbiziarekin ari gara lanean, antigorputzak erabiliz”.
Erradioterapiarako simulagailua da ikasleek bisitatu duten azken gunea. Erradioterapia zehaztasun eta eraginkortasun ahalik eta handienarekin egitea du helburu, eta erradiazioa minbiziaren zelulak dauden gune zehatz horretara zuzendu ahal izatea. Horretarako, teknikariak azaldu duenez, terapia hasi aurretik pazientearen kokaleku zehatza erabaki behar da, tratamendua jasotzen duen egunean “zirkinik mugitu gabe” egon behar duelako.
Pazientea geldirik edukitzeko tekniken berri eman die ikasleei. Minbizia buru edo lepo inguruan baldin bada, burua ez mugitzeko mahaiari torlojuen bidez lotzen zaion maskara bat atera du. “Maskara hau pazientearen aurpegiari itsasten zaio, eta paziente bakoitzak berea du”. Plastikozko xafla lau bat atera du, maskara nola egiten den azaltzeko. “Hau berotu egiten da, eta aurpegian jartzen zaio gaixoari, bere forma hartu arte. Erradiazioak ematerakoan, mahaiari lotuta egongo da pazientea, eta ezingo da mugitu”.
Minbizia buruan ez beste nonbait baldin badago, puztu eta gorputzaren forma hartzen duen koltxoneta moduko batekin lortzen dute gaixoa immobilizatzea eta erradiazioak justu behar duen tokian jotzea.
Leave a Reply