Danel Agirre
Alemaniarrekin mania bat partekatzen dugu gutxienez: “Martxa honetan erretirorik hartu gabe hilko gara, pentsiorik ez da geratuko guretzat” esaldia txitean-pitean errepikatzea. Bota didaten bakoitzean euro bat jaso izan banu, honezkero heriotza arteko Nescafe soldata bilduta nuke zuretzat eta biontzat. Iragarpenak bereziki sutzen nau gainera, ezkorra baino gehiago, axolagabea delako: muturren aurrean maula egingo digutena ontzat hartzen du, eta iruzurra eragozteko adore berezirik ez dugula erakutsiko suposatu. Entzunaren poderioz, hondamendi sozial hori aritmetika demografiko saihetsezin batek eragingo duen ustea barneraturik dugulako gertatzen da. Borondateak eta lehentasunak ezartzeak oso eragin mugatua dutela sinetsarazi nahi digute horrela, politikaren enegarren kapitulazioa eskandalu handirik gabe baimentzeko.
Profezia apokaliptikoari antzematen zaio beste ahulgune bat: oker planteatuta egotearen traza du, kalera irteten hasi diren erretretadunek (biba zuek!) detektatu moduan. Pentsioak itsumustuan kentzera ez da inor ausartuko, ez dira abuztuko gau despistatu batean desagertuko. Inflazio errealetik aldenduta jarraituko dute, azkenaldian bezala, eta krisi ekonomikoen aitzakiarekin, murrizketa ziklikoak ere egingo dizkiete, aldiro urte batzuk atzeratu. Ia sinbolikoak izateraino iritsiko dira noizbait. Egunero galtzen ari garen gerra bat da.
Minimoa doi-doi kotizatu, aurreztea utopia bilakatzen duten diru-sarrerak izan eta ondasunik eta ondorengorik gabe adinduko garenon kasuan, ama-aiten inperio txikitik egokituko zaigun zatitxoa oinordekotzan hartu eta hil arte kudeatzen —likidatzen— asmatzea beste proiekturik ez zaigu geldituko, zortearekin. Gehienoi, irauteko baino ez digu balioko jasotakoak, eta erabat ahitu arte lanean jarraitzea tokatuko zaigu —aspaldi gairik gabe geratu nintzela kontuan izanda, imajinatu hemendik 50 urteko nire zutabe krepuskularrak!—. Gero, ia sosik gabe, burua galtzen akaso, kakak garbituko dizkigun profesionalik ezingo dugu ordaindu. Eta seme-alabarik gabe, inor ez da gure kakak garbitzera behartuta sentituko.
Hauek guztiak pasatu zaizkit burutik, Berlinen urtero milaka nagusi bakarrik hiltzen direla irakurri dudanean. Langileriaren pentsioek apenas ematen duten alokairua pagatzeko. Egoitzak edo etxeko laguntza luxu garestiak dira hainbatentzat, eta familiek ez dute oro har gureen trinkotasunik hemen. Ondorengoen gisako istorioak sarri azaltzen zaizkit egunkarian: berogailuaren kontatzailea irakurtzera etortzen zen beharginari atea zabaltzen ez zionez, sarraila bortxatu eta hilabeteak usteltzen zeramatzan amona topatu dute sukaldean. Edo errentarako erabiltzen zuen kontu korrontea zerora geratu zenerako urteak pasatu dira, eta etxegabetzera sartu direnean eskeleto irribarretsu batek agurtu ditu ohetik.
Gurea baino gizarte indibidualistagoa izaki, ekonomikoki porrot egindako agure bakartien dramari aurre egin behar izan diote dagoeneko Alemanian. Okurritu zaien ideia bakarretakoa lau edo bost edadetu pobrek bizilekua parteka dezaten da, elkar zainduz. Niri ez lidake balioko irtenbideak, 40 bete gabe ere misantropo amorratua naizelako. Lasaitasun apur bat baino eskatuko ez dudan urteetan unibertsitateko ikasleen moduan bizi baino, nahiago Interneteko bazterren batean erositako zianuro botilari tragoxka eman. Epaiketa hartako militar serbiar fotogenikoa bezala. Abisua lagata, bisitan datorren inork momia bat aurki ez dezan.
Leave a Reply