Euskara oinarri, Himalaia helburu

Euskara oinarri, Himalaia helburu

Beñat Alberdi

Joan al naiteke Himalaiara?”. Oso ohikoa, behintzat, ez da galdera. Are gutxiago 15 eta 16 urteko gazteek egiten badute. Baina galdera hori egin diete gurasoei Maddi Oihagaraik, Igor Mugarzak, Amaia Ugartek eta Malen Osak. Izan ere, lau gazte horiek Nepal ingurua ezagutzeko aukera izango dute urrian, Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere ekinaldiari esker. Felipe Uriarte mendizaleak sustatu du proiektu hori Euskal Herriko zazpi probintzietan, mendian ere euskaraz egin daitekeela oinarri hartuta.

Lau oñatiarrek Txantxiku ikastolako aretoan jaso zuten ideiaren berri. Irakasleek azaldu zieten Uriartek bazeukala proposatzeko zerbait; ez, ordea, zer zeukan esateko. “Aretora sartu ginenean, ez genekien oso ondo zertara gindoazen”, argitu du Mugarzak. Argazkia, planteamendua eta ibilaldia aurkeztu zizkien Uriartek, eta galdera egin ere bai: “Joan nahi al duzue Himalaiara?”.

Beste kontu bat da, ordea, galdera hirugarren pertsonatik lehenengora pasatzea. Hau da, Uriartek botatako “joan nahi al duzue” hori, gurasoen aurrean “joan al naiteke” bilakatzea. “Denbora pixka bat eman zigun hausnartzeko”, adierazi du Ugartek. “Nire kasuan, gurasoek babesa eman zidaten joateko”. Lauren ustez, “aukera aproposa” da Himalaia ezagutu ahal izateko, “aprobetxatu beharrekoa”. Antzeko ikuspegia dute gurasoek ere: “Niri aita haserretu egin zitzaidan pixka bat”, nabarmendu du Oihagaraik. “Galdetu zidan ea gurasoek baino lehenago igoko nuen 6.000 metroko mendi bat”. Dena den, egoera guztiek daukate konponbidea. Oihagaraik, behintzat, argitu du aitak Uriarteri eskatu diola hark ere espediziora joan nahi duela. Gurasoek eurek aurre egin beharko diete gastuei, baina erakundeen eta eskualdeko enpresa eta elkarteen laguntza lortzen saiatuko dira. Lanketa horretan buru-belarri murgilduta dabiltza orain.

Urriaren 11tik azaroaren 9ra egingo dute Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere proiektua. Everest ondoko bailaretan ibiliko dira. Hiru mendate eta hiru mendi gain zeharkatuko dituzte, eta 6.000 metroko bi gailur ere igoko dituzte. “Inguru horretan, herriak 5.000 metroko altueran daude ia-ia”, zehaztu du Uriartek. “Herrien arteko bideak pasatuko ditugu. Hori bai, bideak ez dira onak; mendi-mendia da, eta altu daude”. Hala ere, nabarmendu du ibilaldia ez dela gogorra.

Everest ondoan jardungo dira. Munduko mendirik altuena ikusteko aukera izango dute, “ia behatzekin ukitzeraino”, Uriarteren arabera. Baina ez da izango ikusiko duten 8.000 metrotik gorako mendi bakarra. Everestez gain (8.848 metro), Lhotse (8.516 metro), Makalu (8.463 metro) eta Cho Oyu (8.188 metro) ere parez pare izango dituzte. “Irudietan sarri ikusi izan ditugu paraje horiek”, onartu du Ugartek. “Baina ametsa betetzearen parekoa da bertatik bertara ikustea”.

Espedizioa ez dute osatuko lau oñatiarrek bakarrik. Gipuzkoako ordezkariak izango dira haiek, baina Euskal Herriko zazpi herrialdeetan sustatu dute Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere ekimena. Momentuz, Zuberoa, Lapurdi, Araba, Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoako kideek osatzen dute espedizioa. Nafarroa Behereko kideak aurkitzea falta zaie oraindik, baina gazte horien bila dabiltzala argitu du Uriartek.

Izan ere, egitasmoak euskara du oinarri. Urrian hartuko dute hegazkina, baina prestaketa lanak egin beharko dituzte aurretik. Euskaraz egingo dute egitasmoko ekintza bakoitza. “Gizarteari galderak egin nahi dizkiogu guk: igo al daiteke mendira euskaraz hitz eginez? 6.000 metroan egin al daiteke euskaraz?”, azaldu du Uriartek. “Gazteek bermatuko dute euskararen etorkizuna; tresnak eskainiko dizkiegu guk. Euskaraz egiten ez duten heldu horiei posible dela esango diete”.

Hala ere, espedizioko hizkuntza gutxitu bakarra ez da euskara izango. Izan ere, xerpen hizkuntzako 50 hitz ikasiko dituzte euskal herritarrek, eta, era berean, euskarazko 50 hitz ikasiko dituzte xerpek berek. “Ingelesez komunikatuko gara gehien bat”, argitu du Mugarzak. “Baina keinu polita da eurek euskarazko hitz batzuk ikastea. Guk ere, noski, ikasi nahi ditugu euren hitzak”.

Xerpekin harremanetan

Hizkuntza trukaketatik harago, kultura trukaketa bultzatu nahi du Uriartek. Hamabost bat euskal gaztek hartuko dute parte, baina baita beste hamar xerpa gaztek ere. “Hango errealitatea ezagutzeko aukera handia eskainiko digu proiektuak: nola bizi diren, nondik nora ibiltzen diren…”, azaldu du Oihagaraik. “Lagunak egin gaitezke agian”. Ez dakite itzuliko diren, baina, itzultzekotan, beti izango dute lagun bat Nepalen. “Nepalgoa ez da etorriko Oñatira, akaso”, nabarmendu du Uriartek. “Baina mapan kokatuko du, eta lagun bat izango du hemen”.

Jadanik ekin diete prestaketei. Kide guztiak batu ziren otsailaren 17an eta 18an. Elkar ezagutzea izan zen helburu nagusia, eta asteburuan mendi buelta bat ere egin zuten, noski. Aizkorrira igo ziren, elurrak bidea trabatuta ere. Martxoan, Baigorri inguruan ibiliko dira; apirilean, Gorbeian; eta ekainean, Nafarroan. Uztailean, berriz, astebete pasatuko dute Pirinioetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.