Eider Goenaga Lizaso
Pasaia Biziberritzeko Plan Estrategikoari oniritzia eman zion asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ia 30 urteko ibilbide malkartsu eta gorabeheratsua egin du planak onarpena jaso arte, eta azken bi urteetan planak barne hartzen dituen administrazio ezberdinen eskuetatik pasatu da proiektua, denen oniritzia jaso arte: Pasaiako Udala, Pasaiako Portu Agintaritza (Espainiako Sustapen Ministerioaren menpekoa da), Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Asteartean, foru gobernuak plana onartu eta berehala, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Marisol Garmendia Lurralde Antolaketa diputatuak erabakiaren berri emateko agerraldia egin zuten. “Legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat da hau, garrantzitsuena ez bada”. Horrelaxe definitu du Olanok Pasaiako portu ingurua eraberritzeko egitasmoa. Plana onartzeko zailtasunez hitz egin du, halaber: “Denak ados gaude Pasaia ingurua behar handiko zonaldea dela, baina baita biziberritzeko zailtasun handiak dituela ere. Administrazio asko, titulartasun asko daude tartean, eta horrek asko zaildu du prozesua martxan jartzea”.
Hamar hektareako azalera bati eragiten dion plangintza estrategikoa da aurrerantzean martxan jarriko dena. Horrek ez du esan nahi, ordea, obra guztiak berehala abiaraziko dituztenik. Hainbat ekinbide eta hainbat obra jarduera eskatzen ditu planak, eta horien proiektuak oraindik idazteke daude. Hospitalilloko aparkalekuaren eta Adinberri zentroaren proiekturako pleguak, adibidez, bizpahiru astean aterako dituztela iragarri du Garmendiak. Bestalde, hainbat jarduera ez dira foru aldundiak egitekoak; Lurralde Antolaketarako diputatuak argitu duenez, portu agintaritzak eta Pasaiako Udalak ere zehaztuta dauzkate zein diren beraien etxeko lanak. 2021ean obren zati handi bat amaituta egotea espero du foru gobernuak; amaiera data zehatzik ezin dela eman gaineratu du, ordea, ahaldun nagusiak.
Bi muturrak, obretan
Herritarrek Pasaia biziberritzeko jardueren lehen emaitzak berehala ikusiko dituztela iragarri dute bi ordezkariek. “Izan ere, hamar hektareako zonalde horren bi muturretan jada ari dira obrak egiten. Gomistegi inguruan, Jaurlaritza ari da lanean, eta obrak pil-pilean daude. Beste muturrean, Ondartxo inguruan, foru aldundia ari da obretan”, azaldu du Olanok, eta jarraian ziurtatu du bi obrak amaituta egongo direla 2018a amaitu aurretik.
Foru aldundiarentzat Pasaia biziberritzeko jarduera estrategikoetako bat da Eusko Jaurlaritza egiten ari den obra. Euskotrenen Herrerako geltokitik Trintxerperako pasabidea egiten ari dira; “igarobide seguru bat”, bai oinezkoentzat eta bai txirrindularientzat. Obra hori egin ahal izateko, portu agintaritzarenak ziren hainbat eraikin bota behar izan zituzten gune horretan. Ondartxo inguruan, berriz, Sanpedrotarra arraun klubetik Albaola museorako pasealekua ari dira eraikitzen, hori ere urtea amaitu aurretik bukatzeko asmoz.
Bi gune horien tarteko zonaldea da Pasaia Biziberritzeko Planak hartzen duena. “Euskadi etorbideko zonalde horretan, hegoaldeko zein iparraldeko Herreran egingo dira ekinbide nagusiak. Hegoaldeko aldean, portu erabilera batekin, jarduera ekonomikora bideratutako gunea izango da; eta iparraldekoan, berriz, Euskadi etorbidetik Trintxerpera begira dagoen zonalde horrek erabilera urbanoago bat izango du”. Trintxerpen hasi eta San Pedroko lonjaraino soilik oinezkoentzat izango den pasealeku bat egiteko asmoa dute, autoen zirkulaziorik gabea, eta gaur egun dauden oztopoak kenduta. Gune horretan merkataritza suspertzeko helburua du aldundiak.
Adinberri zentroa
Inguru horretan kokatzen du Olanok plan estrategiko guztiaren giltzarrietako bat izango dena ere: Adinberri, zahartzaroaren inguruko erreferentziazko zentroa. Hospitalillo deitzen duten tokian, azalerako aparkaleku handi bat dagoen zonaldean eraikiko dute Adinberri zentroa. Autoa toki horretan uzten dutenei irtenbidea emateko, berriz, lurpeko aparkaleku bat eraikiko dute. “Gaurko tramitazioa egin gabe, ezin genuen hau martxan jarri, eta Adinberri proiektu estrategiko gisa ikusten dugu guk. Erreferentziazko zentro bat izango da; aldi berean, adinekoei zerbitzua eta arreta eskainiko diena, eta inguru honetan jarduera ekonomikoa suspertzen lagunduko duena”.
Lonjari buruz gainetik hitz egin dute Olanok eta Garmendiak, baina biziberritzeko egitasmoan sartu dute hura berritzea. Halaber, portuari lotutako hainbat lan portu agintaritzak egin beharko dituela nabarmendu dute, eta ziurtatu dute portu agintaritzak “erabateko konpromisoa” duela eta egin egingo dituela bere lanak. “Izan ere, plan honen helburua bada orain arte herritarrek gozatu ezin izan zituzten espazio publikoak herritarrentzat berreskuratzea, helburua bada biziberritze urbano bat egitea, herritarren bizi kalitatea hobetzea; baina ez hori bakarrik. Ezinbestekoa da portuaren lehiakortasuna, bertako enpresen baldintzak eta portuaren jarduera bera hobetzea, eta portu agintaritzak hainbat espazio berritu eta sortu beharko ditu, bai hegoaldeko eta bai iparraldeko Herreran. Planak bere baitan hartzen baitu biziberritzea, portuaren eta, ondorioz, badia osoaren suspertze ekonomikoa”, azaldu du Garmendiak.
Prentsaurrekoan, behin eta berriro agertu dute foru aldundia, portu agintaritza eta Pasaiako Udala sintonia onean ari direla lanean. Beste bi erakundeak prentsaurrekoan egon ez arren, hirurak bateratzen dituen erakunde arteko batzorde bat osatua dutela azaldu du Garmendiak, lehen bilera egin duela batzordeak, eta badutela “oso zorrotz beteko den jarduera egutegi bat”.
EH Bildu, kritiko
Foru aldundiak asteartean onartutako plan berezia “kosmetika ariketa hutsa” dela salatu du EH Bilduk; “ez ditu herritarren bizi baldintzak hobetuko”. EH Bilduren arabera, “inoizko datu txarrenetan dagoen portuari ez dio aukera berririk eskaintzen”, eta, gainera, “herritarrek Herreran aurreikusi eta erabakitako ordenazioa eta ekipamenduak ukatzen ditu”. Portu Agintaritzari, portu moderno baten alde egin beharrean, “XIX. mendean gelditzea eta herritarrei bizkarra ematea” egotzi dio EH Bilduk: “Urteetan erabili ez dituen eta herriaren etorkizunerako beharrezkoak diren lurrak erreserbatzen zaizkio, badiako aukeraguneak pabiloi logistikoz bete ahal izateko”.
Leave a Reply