Leire Narbaiza
Artikulu hau irakurtzen hasi zareten asko opor usainean ibiliko zarete, laster etorriko zaizkizuelako Aste Santuko jaiegunak, batez ere Hegoaldean egiten baduzue lan. Beste batzuk dagoeneko oporlekurako bidean ere izango zarete. Besteak, berriz, deskantsu nahian. Oro har, zoriontasuna dela iritziko diozue lasai asmoko tarte horri, errutina alde batera lagata, nahi dena egiteko aukera ematen duelakoan.
Zoriontasuna. Baina zer da zoriontasuna? Aste honetan, hilaren 20an da Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna. Hala dauka izendatuta Nazio Batuen Erakundeak martxoko egun hori. Gezurra badirudi ere, halakoetan ematen du denbora munduaren gobernuak —orain ulertzen da zergatik ez duen gure planeta honetan agintzen—. Erakunde horrek ikerketa bat egin du zoriontasuna zertan datzan aztertzeko. Zoriontasunaren gaineko aurtengo Nazioarteko Txostenaren arabera, herrialde eskandinaviarrak dira zoriontsuenak, Finlandia da txapelduna, eta Norvegia dago bigarren postuan. Bizi maila garrantzitsua dela aitortu dute halako rankingak egiteko orduan. Nahiz eta esaerak dioen diruak ez duela zoriontasuna ematen, argi dago lortzen lagundu egiten duela.
Egia esan, oinarrizko beharrizanak ase izatea ezinbestekoa da zoriontasunaren bidean. Egunero jateko bila ibiltzea, edota lolekua aurkitzen jardutea ez da parte onekoa ditxa badugu xede.
Baina bizi maila ona izatea ote da zoriontasuna? Zoriontasun kontzeptua ez da pixka bat finkatu maitasun erromantikoarekin batera? Zoriontasun txepela, zozongoa, alegia? Ez da asmakeria bat, azken finean? Ez ote da irentsarazi nahi diguten amua, beti deskonforme, baina beti eroso egon gaitezen? Ez dakit. Zeren zoriontasun absolutua ezin baita egon, ondo dakigun moduan. Beraz, etenbako zoriontasun utopiko horren bila jardutea da saldu nahiko liguketena, aurreko hipotesia zuzen balego, behintzat!
Horregatik esan genezake zoriontasuna unetxoak direla, euforia hutsa ere ez dela, gainera. Adibidez, Martxoaren 8an kaleak lepo ikusi genituenean, poz ikaragarria izan genuen. Txundituta geunden, oilo ipurdia jarri zitzaigun, emozionatu egin ginen, zoramena izan zen, kabitu ezinda geunden. Baina zoriontsu izan ginen? Ostean, bai!
Era berean, zorionak badu baretasunetik ere. Esango nuke berotasunean ez dagoela zoriontasunik, subidoia delako. Endorfinek ematen diguten gorakada hori ez da zoriontasuna, horren ostean datorkigun asebete sentimendua baizik. Iraunkorragoa eta egonkorragoa da dontsutasuna, patxadarekin zerikusia du, eta emozioen oreka ere bada. Gainera, grinetatik aparte dagoela begitantzen zait. Zerbait helduagoren traza hartzen diot. Nik, behintzat, hala bizi dut. Dena dela, emozio horiek ere ez daude gaizki. Azkenean pilak bezalakoak dira, bateriak kargatzeko modua, bizirik gauden seinale.
Egia da bizimodu honek ere ez digula lagatzen baretasun hori lortzen, dena antxintxika egin behar izateak astirik ere ez digulako ematen. Izan ere, atsegintasun geldoa da felizitatea, laino baten moduan egotea: liburu on batekin, tximinia ondoan jesarrita, kanpoan elurra, mantatxo batekin, edari beroa ondoan dugula. Aldamenean, maite gaituen norbait, baina bakean lagako diguna liburua irakurtzen. Baina hortxe dagoela jakinda, ttak! Zoriona!
Leave a Reply