Danel Agirre
Teologo anglikano gasteiztar bat izan nuen klasekide, unibertsitatera izterren artean Chopper ikusgarri bat zuela agertzen zena. Iron Maidenen kontzertu batean topatu nuen behin, kamisetarik gabe izerditan blai, gurutzedun zintzilikarioa lepoan, The number of the beast kantuarekin trantzean. Aspaldian, Nabarraren eta musulmanik gabeko Europa zuri kristauaren defentsa sutsuan dabil sarean, eta feministak astintzeko indarrak ere geratu ohi zaizkio. Bizitzaren misterioaren gremioan dabiltzanekin beti gertatzen da: teologo anglikano gasteiztarra benetan da morroi originala.
Bera baino askoz grisagoa naiz ni, baina ezagunen artean tipo bitxia naizen ilusioa elikatu nahi nuke. Horregatik, bizitzaren misterioarekin obsesionatuta nabil azkenaldian, ea Munilla gotzainaren edo David Koresh Wacoko martiriaren eszentrikotasunaren zerbait kutsatzen zaidan. Kreazioari buruzko teoria berritzaile bat asmatzea zaila suertatu zait, ordea, eta nire saiakerak ez du espiritualtasun handirik ere. Espiritualtasunik gabe, nire kosmobisioari xelebrekeria puntua falta zaio akaso.
Hilabeteak dira nire burua psikiatra argentinar baten esperimentu konduktista baten subjektu moduan irudikatzen dudala. Gizateria eta izadia niri estimulu kimikoak eragiteko bakarrik existitzen dira. Psikiatra argentinarraren laborategian ari diren teknikari aspertuek nirekin gurutzatu baino segundo batzuk lehenago gorpuzten dute ezagutzen ez dudan jendea. Ni iritsitakoan marraztu lehendik bisitatu gabe nituen paisaiak. Protagonistatzat nauen estrategiako bideo-joko baten modukoa da mundua, eta pantailaren kanpoaldean itzalpean zeuden zonaldeak argitzen noa pixkanaka.
Xehetasunekin oso tematia naiz. Laborategiko teknikari aspertuen lanaldiak luzeak imajinatzen ditut, eta nire beharren arabera sortzen ari diren atrezzo horrek nagikeriak eragindako akatsez jositakoa behar duelako susmoa dut (teologo anglikano gasteiztarrarenak ni probokatzeko txantxa jostalari bat dirudi, bidenabar). Atzo bertan, egunero cocker batekin parkean ikusi izan dudan beltzaran ikusgarriak beagle bat zeraman uhaletik tiraka. “Jaja, hauxe bai raccord akatsa”, pentsatu nuen nik, “Felix Linaresek bere programarako aurkitzen dituenak bezain zabarra”. Beltzaran ikusgarriarengana hurbildu nintzen, esperimentuko estra bat balitz erraz frogatu ahalko nuelakoan. Hizketan hasi, eta txakur paseatzaile profesionala dela kontatu zidan, eta horregatik zebilela betikoa ez zen kanidoarekin.
Gero eta zer hausnartu gehiago ematen didate parkekoaren gisako gertakariek. Eta egia balitz psikiatra argentinarrak huskeriarik txikiena ere aurreikusi, eta esperimentu konduktista perfektu batean bizi naizela? Egiaztatzeko modu bat dut: zutabe hau idaztea. Bere laborategiko teknikari efikazak benetan guardian badaude, guztiaz jabetu naizela jakinaraziko diote nagusiari, eta proiektua bertan behera lagatzea beste erremediorik ez zaie geratuko. Edo jarraitzen utziko didate, batek daki, mesias orojakile moduan.
Zu lasai. Hau unibertsoaren amaiera bada, ez zaizu batere axola izango, nire begien aurretik sekula pasatu ere egin ez zarenez, existitu ere ez zarelako egiten. Aldiz, jainkotzat —psikiatra argentinar baten profetatzat— aitortzen banaute, errezatu laborategiko teknikari efikazek sekula margotu ez zaitzaten, nahiago izango duzulako perbertsioz betetako nire erreinu despotikoa ez ezagutu. Azkenik, burua galdu besterik ez badut egin, ezagunen artean tipo bitxia naizen ustea zabalduko da behintzat.
Leave a Reply