Gazteak eta ekintzaileak

Gazteak eta ekintzaileak

Ikerne Zarate

Internet bidez erositako produktuak jasotzeko armairu elektroniko baten prototipoa sortu dute, elkarlanean, Iker Ruzo eta Andrea Espada donostiarrek, Pedro Rodriguez asturiarrak, Tibi Gabriel Bencea irundarrak, Julen Iurramendi urnietarrak eta Julen Arruabarrena errenteriarrak. LockBox du izena, eta Goi Mailako Gradu amaierako proiektu gisa egin dute. Lehenengo laurak Web Aplikazioen Garapena ikasten ari dira Donostiako Zubiri-Manteo BHI institutuan, eta beste biak Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako institutuko elektronika ikasleak dira. Prototipo horri esker, Zaragozan (Espainia) hilabete hasieran egindako Berrikuntza eta Ikerkuntzarako Don Bosco Sari Nazionala irabazi dute.

Gazteak pozik daude emaitzarekin; 1.500 euroko diru saria jaso dute, eta Espadak aitortu du ez zutela espero lehenengoak izatea: “Prestatu genuen prototipoarekin pozik joan ginen lehiaketara, baina ez genuen espero irabazterik. Elektronika arloa landu duten bi kideek arazoak izan zituzten, hainbat osagai elektroniko azken unean heldu zirelako, baina lortu genuen amaitzea”. Harago jo du Ruzok: “Izugarria izan da proiektuan lanean aritu garen bitartean ongi pasatzea eta, gainera, sari bat irabaztea”. Lehiaketan, Arruabarrenak eta Ruzok defendatu zuten sei gazteek elkarlanean sortu duten proiektua, eta aitortu dute”harrituta” gelditu zirela jendearen harrerarekin. “Batek baino gehiagok galdetu zigun salgai ote geneukan; gustatu egin zitzaien”.

Paketeak jasotzeko denbora asko galtzen da etxean banatzailearen zain, eta ideia horri tiraka hasi ziren, Ruzok azaldu duenez: “Zain egon behar izaten da, eta, banatzailea pasatzean etxean ez bazaude, oharra utzi eta norberak joan behar izaten du bila leku jakin batera. Ez da erosoa”. Arazo horiek saihesteko irtenbide bila hasi ziren, “eta hala sortu zen ideia”.

Prototipo hori garatzeko eta zabaltzeko asmorik ba ote duten galdetuta, Espadak aitortu du ez dela erraza izango: “Dirua behar da horretarako. 1.500 euroko saria jaso dugu, baina hori ez da nahikoa enpresa bat sortu eta prototipoa garatu ahal izateko”. Ruzoren hitzetan, inbertitzaile bat edo dirua jarriko lukeen bazkide bat lortzea litzateke gakoa. “Hala ere, orain hainbat enpresatan praktikak egiten ari gara guztiok, eta arreta horretan jarrita daukagu, lantegi horietan arrastoa uzteko asmoz. Ea enpresa horietan lana aurkitzeko aukera zabaltzen dugun, eta gero ikusiko dugu zer bide egin dezakeen”.

Proiektuak aurrera eginez gero, Internet bidezko erosketa non jaso nahi den galdetzean sei gazteek sortu berri duten zerbitzua aukeratu beharko litzateke, erosketa etxebizitzaren bat hautatu beharrean: “Salmenta egin duena harremanetan jarriko litzateke webgunearekin”, hasi du azalpena Ruzok. “Eta, datuak aurkitutakoan, eroslearen inguruan dagoen bulegoa aurkitu eta bertara bideratuko luke paketea”.

Banaketa enpresak zein erosleak kode bat izango lukete paketeari buruzko informazioa jasotzeko. Banaketa enpresak aukeratutako bulegoko armairuan utziko luke paketea. “Eta, orduan, banatzailearen kodeak soilik funtzionatuko luke”, gaineratu du Ruzok. Behin paketea utzita, erosleak mezua jasoko luke posta elektroniko bidez, eta baita armairua zabaldu ahal izateko kodea ere. “Erosleak paketea jasota, berriz ere hutsetik hasiko litzateke prozesu guztia, armairua erabilgarri utzita”.

Gazteek onartu dute lehiakideak egon badaudela: “Amazonek antzeko sistema dauka Espainiako estatuan, baina Euskal Herrian ez dago halakorik. Halere, haien zerbitzua honaino ere helduko da ziurrenik. Beste bi enpresa ere badabiltza lan horretan”.

Inguruko errealitatea aztertuta, haien prototipoa berezi bihurtuko zuen zer edo zer gehitu beharra zeukatela erabaki zuten berehala, eta armairuak erosteko aukera gehitu zioten proiektuari. “Etxebizitza partikular batean jartzea litzateke egokiena, baina etxebizitza komunitate batean ere jar liteke. Proiektuan txertatuta dago aukera hori, moldaketak erraz egin ahal izateko”.

Lan mundua, zaila

Gazteek azaldu dute haiek proposatzen duten sistema “erosoagoa” dela. “Azken batean, ez dago etxean egon beharrik banatzailea heldu zain, eta ez da bulegoz bulego ibili beharko paketea eskuratzeko”. Horrez gain, sistema horrek banaketa enpresei ere mesede egingo lieke: “Izan ere, banatzaileek behin eta berriz joan behar izaten dute maiz banaketa berbera egitera. Armairu elektronikoen sistemarekin, berriz, lehenengoan egingo du banaketa, eta enpresak denbora eta dirua aurreztuko ditu “.

Sei horiek 19 eta 27 urte arteko gazteak dira. Ruzok, Rodriguezek eta Espadak ez dute samur ikusten lan mundurako jauzia; egoera “ilun” dagoela azaldu dute: “Prestaketa handia daukan jendea nahi dute enpresetan”. Egungo ikasketez gain, Ruzok Fabrikazio Mekaniko gradua ere badu, Espada sareko sistema administratzailea da eta Rodriguezek egina dauka Multiplataforma Aplikazioen Garapeneko goi zikloa: “Dena jakin beharra dago, baina nola jakin inork ez badu aukerarik ematen? Egoera ez da batere samurra”. Espadaren ustez, “errazagoa” lukete lana aurkitzea Europako beste herrialde batzuetara joanez gero. “Eta hemen baino baldintza hobeak edukiko genituzke. Hemen oso zail dago”.

Arruabarrenak, aldiz, ez du errealitatea hain zaila denik uste. “Elektronika arloan nahikoa lan badagoela uste dut. Orain, nire klaseko guztiak ari gara enpresetan praktikak egiten; gainditu dugunok, eta baita gainditu ez dutenak ere”. Errenteriarrak zehaztu du azken horiek “bestelako kontratu mota batekin” ari direla. “Baina denok ari gara praktiketan. Nire ustez, horrek erakusten du badagoela gero arlo honetan lan egiteko aukera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.