Plater bete kultura

Plater bete kultura

Beñat Alberdi

Mahai baten bueltan elkartzeak lotura zuzena dauka euskal kulturarekin, eta are gehiago jateko baldin bada. Horren erakusle da Euskal Herriko gastronomiak daukan oparotasuna, kalitatea eta sona. Auzoko izeneko proiektuan, mahaiaren jiran aurkitu dute aukera egungo gizartea osatzen duen jatorri askotako jendea elkartzeko. Oñatiko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarritako proiektua da Auzoko. Hitzaldiak eta afariak antolatuko dituzte Antixena gaztetxean, etorkinek euren jaioterriko esperientziak truka ditzaten. Paraguaik eman dio hasiera zikloari, eta hilean behin erreleboa hartuko diote Mendebaldeko Saharak, Nepalek eta Dominikar Errepublikak, betiere euskara eta euskal kultura guztien arteko lotura gisa hartuta.

“Talde horretan sortu da afariak eta hitzaldiak egiteko ideia”, azaldu du Julen Korkostegi Auzokoko koordinatzaileak. Hamabost bat pertsonak osatzen dute Auzoko taldea. Bi multzotan banatzen dituzte partaideak: Auzotarrak, euskara ondo menderatzen dutenak, batetik; eta Auzokideak, euskara ez dakiten edo oso ongi menderatzen ez dutenak, bestetik. “Euskaraz ez dakien bertako jendeak ere parte har dezake, noski”, nabarmendu du Korkostegik. “Baina etorkinei bideratuta dago gehienbat”. Astean behin elkartzen dira, eta ordu eta erdi edo bi orduko saioak egiten dituzte: jolasak, tailerrak eta beste hainbat ekintza. Euskara ikastea eta bertako historia eta kultura ezagutzea izaten dituzte ardatz. “Gai bat hartzen dugu beti. Adibidez, animaliak. Eta euskaraz lantzen ditugu”.

“Guk euskaraz ikas dezagun izugarrizko lana egiten dute Auzotarrek”, azaldu du Luali Belal Mendebaldeko Saharako herritarrak. Auzokoko kideen artean, hark darama urte gehien Oñatin bizitzen. Garrantzi berezia eman dio euskara ikasteari, herritarrekin harreman hobea izateko. “Ez gaituzte baztertzen edo bakartzen gazteleraz hitz egiteagatik, baina euskara hutsean bizi dira asko, eta egunerokotasunaren zati bat galtzen dugu”. Antzeko iritzia dauka Malainin Embarecek ere; Mendebaldeko Saharan jaioa da hura ere. Futbolean jokatzen du Embarecek: “Eta entrenatzaileak euskaraz ematen ditu agindu guztiak. Ondoren, beti ematen dizkidate azalpenak gazteleraz. Baina euskara ikasi eta zuzenean ulertzeko gogoa daukat”. Auzoko ekimenean parte hartzeaz gain, euskaltegian ere badabil sahararra, eta euskarazko tertulia talde batean parte hartzen du gauean.

Euskaraz gain, ordea, beste helburu batzuk ere badauzka Auzokok. Alde batetik, herrian etorkinen integrazioa lortzea, eta, bestetik, hartu-eman horretatik sortzen den kultur aniztasuna baloratzea eta oñatiarrekin partekatzea. “Oñatira iristean ez genuen ezagutzen inor, eta, alde horretatik, Auzoko ekimena oso garrantzitsua izan da jendea ezagutzeko”, azaldu du Damaris Wrubel paraguaitarrak. Lau hilabete soilik daramatza Euskal Herrian, eta lehen hartu-emanetan dabil euskararekin. Hori bai, D ereduan matrikulatu ditu seme-alabak, eta senideek ere jaso dituzte euskara klaseak. “Etxean saiatzen gara harremanak euskara hutsean izaten”. Guaraniera hitz egiten du Wrubelek, Paraguain ikasita, eta guaraniera bezain zaila iruditzen zaio euskara.

Antolatu duten hitzaldi eta afari zikloak lotura zuzena dauka etorkinen integrazioa lortzeko nahiarekin eta kultur aniztasuna hedatzearekin. “Iaz, afari bat egin genuen pakistandar batekin, bere jaioterriko janaria prestatuta”, argitu du koordinatzaileak. “Era berean, Pakistani buruzko aurkezpen bat prestatu zuen Suleimanek, taldean azaltzeko”. Esperientzia horrek izan zuen arrakasta kontuan hartuta, egitasmo berria ere herritarrekin partekatzea erabaki zuen taldeak. Antixena gaztetxeari proposamena egin zioten, eta batzarrak aho batez onartu zuen.

Gaur egun, zikloan parte hartuko duten hiru herrialdeek osatzen dute Auzoko: Paraguaik, Mendebaldeko Saharak eta Nepalek. Dominikar Errepublikak ere parte hartu izan du aurretik, baina, “helburuak beteta”, haiek utzi egin zuten taldea. Hala ere, kultura eta gastronomia trukatzeko aukera ikusita, zikloaren barruan sartu dira aurten.

Jakin-min handia

Paraguaitarrek astelehenean eskaini zuten hitzaldia, eta ostegunean egin zuten afaria. Wrubelek azaldu duenez, “politika, kultura, bertako janaria eta historia” izan zituzten hizketagai. Hogei bat pertsona joan ziren hitzaldira, baina hitzaldiak berak baino garrantzi handiagoa izan zuen entzuleen jakin-minak. “Elkarrizketa bat sortu zen”, nabarmendu du Korkostegik. “Oso positiboa da Paraguaik oñatiarren artean halako jakin-mina sortzea”.

Ostegunean, berriz, haragi errea, Paraguaiko zopa eta juka dastatu zituzten. “Osagaiak ez dira berdin-berdinak, baina tira…”, argitu du Wrubelek. Hala ere, egun batez jaioterrian sentitu zela onartu du. Paraguain Euskal Herrian baino gehiago jaten dela azaldu du, hori bai. Protagonismoa taldetxo batek izan zuen arren, guztiak aritu ziren afaria zerbitzatzen eta txukuntzen, baita gaztetxeko kideak ere. “Izugarria izan zen oñatiarrek laguntzeko izan zuten prestutasuna”.

Mendebaldeko Saharak emango dio erreleboa Paraguairi, apirilean; Nepalen txanda izango da gero, maiatzean; eta Dominikar Errepublikak itxiko du zikloa, ekainean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.