Leire Narbaiza
Apiril hontan beteko ditut nik nahi baino urte gehio“, kanta nezake, Ruper Ordorikaren Bertso berriak abestia parafraseatuta. Egia esatera, artikulu hau irten orduko beteta izango ditut urteok; nahiko nukeena baino zaharragoa naiz, alegia. Zenbaki biribila, eta hamarkada aldaketa. Latza! Urtebetetze eguna okasio berezia dela baderitzot ere, nire asmoa ez da zorion agur gehiago jasotzea —baina opariak hartzeko beti prest nago, kar, kar, kar—, digitu aldaketa beti hausnartzeko momentua izaten da defendatzea baizik.
Esango nuke jaiotze datak dioena gugan islatzen dela, nahiz eta batzuk hobeto kontserbatuko diren, eta beste batzuek zaharragoak emango duten. Azkenean, zahartze programatua dugu gure geneetan. Gainbehera hasita dago aspaldi.
Bitxia da, ostera, geure buruan zer gertatzen den: edadea (zenbakia) ikusi, eta ikara sortzen du. Izan ere, ez datoz bat barruan dugun irudia, adin horretako pertsonak izan beharko lukeena, eta geu garena. Jakina, gu askoz gazteagoak gara, gazteago gaude, ideia modernoagoak dauzkagu, modan janzten gara… Berba batean, gazteak gara oraindik.
Tira, baina egia da hau? Ez ote zaizkigu zimurrak igartzen? Ile zuriek ez ote dute zahar itxurarik ematen orain? Haragia eta azala hogei urterekin bezain leun eta tente ote daude? Begi-zuloak, girgiloak eta nekeak ez dira ageri gure gorputzetan? Menopausiaren mamuari ez diogu oraindik ere izararen barrena ikusi, ala? Irakurtzean hizki guztiak ez zaizkigu txikiegiak begitantzen? Gorputza ez zaigu aldatu, horratik? Larruan ez ote zaigu irten mantxarik?
Bai, jakina. Baina gorputzak oihuka esaten badigu ere heldu-helduak garela, gaztaroa laga dugula, guk entzungor egiten diogu, edo ez-entzunarena egiten dugu. Zelan izango gara, bada, zaharrak? Beti-gazte belaunaldikoak gara, barren! Txosnetan gure lehenengo gaztaroko musika jartzen dute-eta!
Pista batzuk, baina, jasotzen ditugu kanpotik ere. Aspaldian esan ziguten lehenekoz señora, por favor hura. Dena den, azkenaldian, gaztelaniaz atenditu izan nautenean komertzio edo halako batean, askotan usted esan didate, inoizkorik gehien. Hasieran pentsatu nuen moda berria zela, bezeroarenganako tratua hobetzeko asmotan egindako zerbait —niregan kontrako eragina duena, halere—. Gerora, ostera, oker nengoela iruditu zitzaidan, eta benetan emakume heldu-heldutzat hartzen nindutela, señoratzat naukatela, alegia.
Señora eta usted guztiak gorabehera, eta besteen pertzepzioak alde batera lagata, badago helduaroan bete-betean gauden seinale argi bat. Kalean adinkide ezagun batekin topo egindakoan argi eta garbi ageri dena. Lehentxeago, lagun horri seme-alabez edota lanaz galdetuko geniokeen. Baina orain galdera horiek egiten baditugu ere, gurasoen osasunaz itauntzen dugu, batez ere. Aldaketa nabarmena, bai horixe. Gurasoak zahartzeak ere ematen duelako, orokorrean, gure zahartzearen neurria. Sasoi eta aro berriek beste arazo mota bat dakarkigutelako.
Zahartzea da dagokiguna. Denoi. Hogei urtekoa ere zahartu egin delako, ez bakarrik hirurogeikoa. Zahartzea programatua dugulako, edozein traste edo trepetxu legez. Horrelakoa da bizitza, egin ezazu behar duzuna!
Leave a Reply