Danel Agirre
Atzerrira bizitzera irten nintzen lehenbiziko aldian, ikurrina eta Benitoren CD bat sartu nituen maletan. Trapua nondik atera zen ez nago oso ziur, gurasoen etxetik ez behintzat. Alokairuko nire logelako oheburukoaren gainean ipini nuen. Eta begiratu eta zeharo barregarri sentitzen nintzenez, agudo ezkutatu ere bai. Diskoa, berriz, anaiari ostu nion. Hogei urte daramatzat neure buruari zer demontretarako behar nuen galdetzen: Benitori cortapedos deitzen genion ordurako, ez zitzaidan batere gustatzen. Baina hori baino garrantzitsuagoa, ez nuen inola ere gustatzerik nahi.
Buelta hartan izan zen: euskal giroko gazte moduan identifika nintzaketen bereizgarri kanonikoak baztertzen joan nintzen korrika eta presaka. Ordura arte, aizkora formako patillak hazten lagatakoa nintzen, modan modu guztiz ulergaitzean ipini zen beheko ezpainaren azpialdeko ile-mataza hura ere bai. Kokozko belarritakoak laguntzarik gabe ixten asmatzen zuen bakarretakoa nintzen, zurezko txotx zorrotz haiekin. Guztiak zokoratu nituen. Arauzko Trango polar gorria aitari oparitu nion, eta Getariara oinez joateko janzten zuen oraindik Getariara oinez joaten zenean (mugitu alferrontzi!).
Harrezkeroztik, tribuaren piuren bilakaera guztiak distantziatik bizi izan ditut. Erbeste borondatezkoak eragindako tarte fisikoa izan da batzuetan, erbeste estetikoak eragindako tarte pertsonala beti. Trekkingeko oinetakoak anatema dira niretzat, berdin zait diskretu askoak ere saltzen dituztenarekin tematzen bazara ere. Nonahi dauden eta zabor poltsen plastikoarekin estalitakoak diruditen lumazko jaka horietakoren batekin adiskideren bat ikusten dudan bakoitzean ezin dut errukia sentitzea saihestu (nahi duzun arinak izango dira, baina joder!). Ile-apaintzailetzat eslovakiar sinpatiko bat dut. Badaezpada.
Nire maniak konplexuz jositako koitadu baten adierazgarri dira, bere nortasunarekin zer egin sekula jakin ez duen kaskarinaren setak. Ezinikusi horiek guztiak aztertu eta neutralizatzea tokatzen zait, ordea, orain, fase berri bati ekiteko. Izan ere, euskal txapela janzten hasi nahi nuke, Belartzan Decathlona zabaldu baino mende batzuk lehenagotik tribuaren identifikatzaile gorena dena. Baina ez naiz inola ere prest sentitzen, bideratu beharreko kaka-nahasteren bat badagoelako oraindik nire baitan. Badakit Berlinen atrebituko naizela, adibidez, eta badakit Zarautzen ez naizela atrebituko. Zergatia igarriko banu, neure burua behingoz ezagutu ahalko nuke.
Euskal txapela zinez da —izan daiteke behintzat— dotoreziaren pinakulu unibertsal bat. Nazioarteko pasareletatik ez da sekula desagertu, esaterako. Eta baskoa zarela esandakoan, solaskide atzerritar askori okurritzen zaien erreferentzia bakarra ere bada. Badira gutxienez bi belaunaldi, ordea, inongo beharrik gabe zeharo baztertu zela gurean —munduan ibiltzearen esaldi ezin nekosoago hori hedatzearekin batera izango zen, hor nonbait—. Nire obsesioen kasuan gertatu bezala, zergatia igarri ahalko bagenu, geure burua askoz hobeto ezagutuko genukeelakoan nago.
Leave a Reply