Loinaz Agirre
Transexualitatearen inguruko zalantzak eta iluntasunak argitzen laguntzeko sortu dute Trans-formatzen film dokumentala. Aniztasunaren bidean urratsak eginez, “identitateak azaleratu” nahi dituzte HiKiru taldea osatzen duten hiru kideek: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena eta Garazi Zabaleta Mendizabal beasaindarrek, eta Aitor Lanas Ardanaz iruindarrak, “jendartea transformatzeko”. Asteartean, 19:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian aurkeztuko dute, II. Transzikloan.
Goikoetxeak duela lau urte eta erdi ezagutu zituen Mikele Grande transexuala eta haren gurasoak, Atarrabiako (Nafarroa) institutuan. “Aberastasun ondarea da Mikele ezagutzea, eta aprobetxatu egin beharra zegoela ikusi nuen; are gehiago, bera nolakoa den ikusita”. Beasaindarraren hitzetan, gainera, Mikelek berak oso ondo barneratu du dena. “Oso zoriontsua da, oso-oso alaia, eta bere bizipenak adierazi eta partekatu nahi ditu”. Duela bi urte, Basarri bertsopaper lehiaketa irabazi zuen Goikoetxeak transexualitateari buruzko Naizenaren izenean bertso sortarekin. “Mikelerekin izandako solasaldietatik abiatuta, bertsoak idaztea erabaki nuen orduan. Berritasuna izan zen, gai horretaz gutxi idatzi izan zelako ordura arte”, gogoratu du Goikoetxeak. Iaz, berriz, Mahaitasunez solasaldi-ikuskizuna prestatu zuen Mikelerekin berarekin eta Olaia Baigorrirekin.
Goikoetxeak Zabaleta eta Lanasekin bat egin du oraingoan, eta dokumentalaren bidez landu dute transexualitatearen gaia, “jendartea aniztasunean sentiberatzeko helburuarekin”. Trans eta formatzen hitzekin jolastuz osatu dute dokumentalaren izena eta izana. “Denok transformatu behar dugu”, azaldu du Goikoetxeak. “Transexualitatean jartzen dugu fokua hitz jokoarekin, baina mota guztietako aniztasunei zuzendutako lana da. Aniztasunaren begirada dauka oinarri, eta hori aldarrikatzen dugu”.
40 minutuko testigantza eta bizipen sorta bildu dute dokumentalean. “Material gehiago ere bageneukan, baina garrantzitsua da helburua zehaztea. Testigantzak jasota, mezua errazago iristen da testigantza horiek daukaten gizatasun horretatik”. Testigantzak jasoz eta informazioa bilduz, gertutik hainbat egoera ezagutzeko aukera eskaini dute, gogoeta egitea gonbidatuz. Ertz askotatik landu dute gaia, hainbat pertsonaren laguntzarekin: “Askotariko bizipenak jasotzen saiatu gara; bai prozesua oso ondo barneratu dutenena, baina baita infernua bizi izan dutenena ere”. Ondorengoek parte hartu dute proiektuan: Mikelek berak eta haren gurasoek, Aingeru Mayor eta Edurne Koch Chrysallis elkarteko kideek, Susana Asiain antropologoak, Erika Salvatierra sexologoak, Marijo eta Maddi Imazek, German Urteagak, Maria Amolategik eta Kai Etxanizek.
Ele bitan dago dokumentala, euskaraz eta gaztelaniaz, hizlari batzuek ez dakitelako euskaraz. Hori bai, euskaraz dago hezkuntzara bideratutako unitate didaktikoa, D eredurako prestatu baitute. “Material aldetik, horrelako gaiak jorratzeko gabezia handia dago hezkuntzan, eta are gehiago euskaraz”, azaldu du Zabaletak.
Baina aniztasunaren formakuntza ez denez ikasgeletara soilik mugatzen, gizarte guztia eduki dute gogoan dokumentalean, “guztiek transformatu beharra daukatelako”. Zabaletaren esanetan, jendeak, oraindik ere, ez dauzka oso argi zenbait kontzeptu. “Eta landu egin behar da arlo hori, sakondu eta aniztasunaren berri izan, bere aberri garela ohartzeko”.
Diskurtsoa, iraunkorragoa
“Eraginkorragoak eta iraunkorragoak” izatea ere komeni dela uste dute hirurek: “Askotan, momentu jakin batzuetan, badaukagu diskurtso landu samar bat. Ekairena gertatu zenean [bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi 16 urteko gazteak] edo Hazte Oir plataformaren autobusa etorri zenean… Baina horrelako gaietan askoz iraunkorragoak izan behar dugula uste dugu”.
Horregatik, hezkuntza arloak eta gizarteak eskutik joan behar dutela uste dute hirurek, eta Beasain jarri dute eredu gisa: herritarrentzat eta ikasleentzat saioak antolatu dituzte bertan: “Kontua ez da dokumentala aurkeztea soilik; aurrez eta ondoren ere landu nahiko genuke gaia, gizarte mailan, eta, zer esanik ez, hezkuntza arloan”. Une oro landu beharreko gaia dela uste dute, “horrelako kasuei aurre hartzeko, lantzeko, prest egoteko, eta aniztasuna bere adiera guztietan onartzeko”.
Leave a Reply