Hausnarketaren ondorengoa

Hausnarketaren ondorengoa

Unai Zubeldia

Egun osoko jai arrunt bat ez, aldarrikapen eguna da Jaion. Autogestioak egingo gaitu aske leloa euren eginda, kalera aterako dute Lakaxita Irungo gaztetxearen barruan urteotan gorpuztuz joan den hainbat koloretako mugimendua. “Izatez, Lakaxita gaztetxearen urtebetetze eguna da Jaion”, azaldu du Iker Eizagirre Xufi-k, Lakaxita gaztetxeko kideak (Irun, 1988). “San Migel auzoan, Anaka kalean dagoen eraikina bukatu zen eguna gogoratzen dugu jai honekin”. Baina zentzu zabalagoa eman nahi izan diote aurten.

Oinarrira joanda, Lakaxita euren egin aurretik Gazteak Bizirik asanblada zegoela jakinarazi du irundarrak, “kontsumismoaren kontrako jarduera alternatiboa”. Bidea egiten hastearekin batera, ordea, “espazioren bat okupatu beharra” zegoela nabaritu zuten mugimenduko kideek. “Sistema kapitalistaren aurrean, gazteen artean alternatibak sortzeko guneren bat izan genezan, errealitate horrek ez digulako emango eraiki nahi dugun bizitza eredua sortzeko tresnarik”. Eizagirrek azaldu duenez, Reclaim the Streets Britainia Handiko mugimendua hartu zuten eredu gisa. “Izan ere, kaleak berreskuratzeko ideiarekin, mugimendu horrek indar handia izan zuen 1990eko hamarkadan”. Sorkuntza lanean murgilduta, ideia horri tiraka sortu zuten Jaion. “Musika talde bat kamioiaren gainera igo, eta kalez kale ibiltzea zen asmoa, kalea espazio gisa berriz okupatzeko eta berreskuratzeko”.

Duela hamahiru urte eman zuten lehen pausoa, eta, halabeharrez, hausnarketaren urtea izan zen iazkoa. “Beste hainbat lekutan gertatu izan den bezala, oso prozesu bizia eta aldakorra izan da Lakaxitakoa, baina ez dugu bizi izan berez gertatu behar zukeen belaunaldi aldaketa hori”. Gaztetxearen jiran “beste hainbat prozesu” sortuz joan dira azken urteotan, “ekonomia sozialaren eta gazteriaren ingurukoak”. Eta urteroko batzarra ahulduta zegoela ikusita, 2017ko Jaion bertan behera utzi eta 2018rako indarberritzea erabaki zuten. “Trantsizio urtearen ondoren, sorrerako egitura pixka bat moldatu dugu aurten, mugimendua zabaldu, eta kamioiaren eta musikaren irudi horri bestelako neurria emanda”.

Orain artean, arratsaldean hasten zen Jaion festa, 17:00etan, musika duen kamioiarekin. “Baina ekintza hori parrandarako gogoz zeuden gazteentzako zela ikusi genuen, eta Lakaxitaren inguruan dabiltzan beste batzuei ere eskaini nahi genien Jaion eguna”. Besteak beste, etxeko txikienek Pura Cuina antzezlana izango dute ikusgai, 12:00etan, Mosku plazan, eta herri bazkaria egingo dute gero, Irunabar taldeko kideen bertso poteo eta guzti. “Urte guztiko lanketaren erakusgarri izan nahiko luke Jaion egunak, eta Txingudi Labore Txingudiko kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatu nahi dituen irabazi asmo gabeko elkartea ere badaukagu tartean”. Eurek prestatuko dute bazkaria.

Musika duen kamioiaren atzetik, festa giroan, 17:00 aldera ekingo diote ohiko ibilbideari, eta Negu Gorriak taldeari omenaldi txiki bat ere egingo diote aurten, euren bertsio talde batekin: Fight The Power Kamioi System. “Negu Gorriak-ek lotura dauka Lakaxitarekin, eta, zeharka bada ere, ekarpen handia egin du kontzientzia kritikoa sortzeko bidean”. Mosku plazatik abiatu, eta, Kolon pasealekuan barrena, 19:30 aldera iritsiko dira Lakaxitara.

20:00etan, kontzertuak

Festa giro betean murgilduta, 20:00etan hasiko dira kontzertuak. Lau talderen emanaldiak izango dituzte: Sangre de Mono, On, Las Tuerkas eta Bide Bakarra. “Taula gainean parekidetasuna errespetatzen saiatu gara. Hiru emakumek osatzen dute Las Tuerkas Urretxu-Zumarragako taldea, eta emakumea da On taldeko burua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.