Argiak, kamera… ekin!

Argiak, kamera… ekin!

Eider Goenaga Lizaso

Duela 30 urte, Donostiako Intxaurrondo auzoan hasi zen dena. Baserri abandonatu bat zen, eta aspaldian inor ez zen bizi bertan…”. Larrotxene Bideok ekoitzitako film laburretako baten hasiera izan zitekeen esaldi hori; baina ez da fikzioa, horrela hasi baitzen, duela 30 urte, Larrotxeneren historia.

1987an sortu zen kultur etxea, eta bideogintzan espezializatu ziren; 1988an, lehen aldiz antolatu zuten Bideoaldia, eta, ordutik, ibilbide luze bezain oparoa izan du Larrotxenek; euskal zinemagintzaren hainbat izen ezagun pasatu dira bertatik, ikasle gisa, irakasle gisa, edo lehenik ikasle eta gero irakasle gisa: Mitxel Gaztanbide eta Jorge Gil gidoilariak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Pablo Malo zinema zuzendariak…

Jon Aizpurua Donostiako Kultur Ekintzako zuzendaria izan zen Larrotxeneko lehen zuzendaria, 1987tik 1994ra. Ondo gogoan ditu lehen urratsak. “1987an, lau kultur etxe sortu ziren: Casares Altzan, Okendo Grosen, Loiolakoa, eta Larrotxene Intxaurrondon. Foru Aldundiak eraikin zaharrak berritzeko emandako diru laguntza bati esker jarri zituen martxan Donostiako Udalak”.

Auzoko kultur etxea izanik, auzoari begira eta auzotarrekin lan egitea zuten helburu. Baina pauso bat harago ere joan ziren. Kultur etxe bakoitza espezializazio batekin lotu zuten; Larrotxene, bideogintzarekin. “Espezializazio bat ematea, auzoarentzat ez ezik, Donostia osoarentzat ona zela pentsatu genuen. Garai hartan, jendeak auzoan egiten zuen bizimodua, baina erdigunera jotzen zuen kalitatezko gauzak eta jarduerak topatzeko. Ez zegoen joerarik auzo batetik bestera mugitzeko”. Kultur etxe bakoitzean eskaintza berezitu bat eginez, joera hori apurtu zuten.

Bideogintzan espezializatu ostean, “oso material xumearekin” hasi zirela oroitzen du Aizpuruak, eta pixkanaka joan zirela hobetuz. “Teknologia profesionalarekin aritzen dira orain, eta etengabe saiatzen gara hobetzen eta material berriak erosten”.

Apustua, pertsonak

Baina, materialarekin baino gehiago, pertsonekin egin zuten apustua. “Zinema munduan aritzen ziren eta izena zuten profesionalak ekartzen genituen. Oroitzen dut hasierako urte haietan Jose Luis Borau zuzendaria izan zela Larrotxenen mintegi bat ematen; Mitxel Gaztanbide gidoilaria ere hasierako urte haietan hasi zen gurekin [jarraitzen du]; bigarren urtean Juanmi Gutierrez hasi zen eskolak ematen…”. Gaur egun ere Larrotxenen irakasle aritzen direnak zinema munduko profesionalak dira: tartean, lehen aipatutako izen guztiak.

Ikastaro zein mintegien arrakasta aipatu du Aizpuruak. “Eskaintza oso ona zen, eta, gainera, prezio herrikoietan egiten zirenez, bete egiten ziren”. 30 urte geroago, arrakastak jarraitu egiten duela azaldu du Unai Guerra Larrotxeneko bideo saileko arduradunak. “Ateratzen diren ikastaro guztiak osatzea lortzen dugu, eta zenbaitetan, adibidez Gidoigintzan eta Zuzendaritzan, jendea izena emateko zain egoten da ordenagailuan, Bruce Springsteenen sarrerak erosteko bezala”.

Ez da harritzekoa, gisa horretako ikastaroek balio dutenaren oso azpitik baitaude Larrotxeneko prezioak. Materiala alokatzea eskatzen duen Edizio ikastaroa kenduta, beste guztiek 200 euro azpitik balio dute. Larrotxenetik 30 urteotan 3.000 ikasle baino gehiago pasatu dira; azken urteotan, 120 bat ikasle dabiltza urtero.

Aukerei dagokienez, Zuzendaritza, Gidoigintza, Edizioa, Dokumentalgintza, Produkzioa…; eta, azken bost urteotan, Moriarti Produkzioak Larrotxene Bideoren kudeaketaren arduradun egin denetik, areagotu egin da eskaintza. Ikastaro berrien artean, adibidez, Koldo Almandozek Beste Zinemak eta Maria Elorzak Zinema Berriak ikastaroa eman dute, eta Paula Olazek, Zinema, Telebista eta Bideo-jokoen Musika. Guerraren esanetan, pentsatuta dauzkate ikastaro gehiago, baina onarpenaren zain daude.

Larrotxenek ikasle ez direnei ere ematen die aukera. “Proiektu bat aurkezten duen edonork erabil dezake gure materiala, berme bat ordainduta. Etortzen den jendeak, normalean, badu oinarri bat, eta eskatzen zaion gauza bakarra da sormen lan bat izatea, eta proiektua aurkezten duena profesional mailan ez aritzea. Materialaz gain, gure orbitan dauden zinemagile eta adituen aholkularitza eta laguntza izaten dute”, azaldu du Guerrak. Aurten, hamar bat film ari dira ekoizten Larrotxenen modu horretan.

Bideoaldia

Formazioarekin eta ekoizpenarekin batera, lan horien erakusketa da Larrotxeneko hirugarren ardatza. Bideoaldia da horretarako tresna; 30.a izango da aurtengoa, ekainaren 29an, Antzoki Zaharrean. Ikasleek zein ikasle ez direnek egindako filmak ikusteko aukera izango da bertan.

Hasierako urteetan, ekoizpen nahikorik ez eta film laburrak beste tokietatik ekartzen zituztela azaldu du Aizpuruak. Orain, berriz, aukeraketa bat egiten da. Guerrak, hala ere, egiten diren lan guztiei irteera ematen zaiela azaldu du: “Bideoaldia pare bat orduko saioa da, eta dozena bat lan aukeratzen ditugu horretarako. Baina, urtean zehar, beste lan guztiak mugitzen saiatzen gara, Zinemaldian edo film laburren jaialdi zirkuituan. Eta, urtea pasatzen denean, guztiak kargatzen ditugu gure Youtube-ko kanalera. Garrantzitsua da egiten diren lanek zabalpena izango dutela jakitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.