Ikerne Zarate
Aurten, madalenetan, euskalgunerik ez zela izango. Horixe jakinarazi zuten, duela bi hilabete, gune horren antolatzaileek. Ez, behintzat, jai espazioari jarraipena emateko jende berririk engaiatzen ez bazen. Larrialdi deia izan zen, ez zelako ondorengorik erreleboa hartzeko, eta nabaria delako hamahiru urtean antolaketa lanetan aritu direnen nekea. Ezuste ederra hartu zuten, ordea, egin zuten bileran. 60 lagun azaldu ziren lehenengo hitzordura, lanerako prest; jai ereduari buruz baino gehiago, jaien antolaketari buruzko gogoeta egiteko gertu.
Euskalgunearen antolatzaile izan dira Amaia Arruti eta Josu Ostolaza, eta sortu berri den OiangozHau mugimenduko kide ere badira. Biek azaldu dute hausnarketaren beharra ez dela berria. “Urteak generamatzan kontu horri bueltaka, beherantz zihoala ohartuta. Urte hasieran, berriz, zer ginen eta nora gindoazen hausnartu beharra zegoela erabaki genuen”.
Ostolazak azaldu duenez, Errenteriako Txosna gunean biltzen diren eragileekin partekatu zuten kezka hori, eta, azken urteotan, eurak ere “krisi sakonean murgilduta” zeudela aitortu zieten. “Bi gune horietan biltzen ginenok argi genuen eragile bat, txosna bat binomioak ez zuela funtzionatzen. Antolaketa modua aldatzea zen bidea, edo desagertzea”. Alde horretatik, Kuadrillen Egunaren lantaldea ere, U23 Faktoria, buru-belarri ari da lanean prozesuan, beste hainbat norbanakorekin batera.
“Jendearen inplikazioa” behar zuten aurrera egiteko. “Eta jendeak erantzun egin du”, aitortu dute, pozik. Mugimendu berri bat sortu dute, eta hura gorpuzten eta janzten ari dira orain. Oaingoz hau eta oain gozau elkartuta sortu dute OaingozHau izena, eta jada zehaztu dituzte mugimendu berriaren irizpideak: parte hartzailea, feminista, euskalduna eta ekologista izango da.
Irizpideak markatuta, lehen bilerara azaldu ziren 60 lagunek lantaldeak sortu dituzte: “Egitaraua, azpiegitura, taldearen balioak, barra eta janaria, dekorazioa eta komunikazioa; lantalde horiek sortu ditugu, eta bakoitzak bere kasa erabaki du ekarpena zein alorretan egin”, azaldu du Arrutik. Mugimendu berriko kideak gaineratu du talde horiek eta mugimendua bera ez daudela itxita. “Ateak parez pare zabalik ditugu, nahi duten guztiek parte har dezaten. Taldearen irizpideekin bat egiten duen edonork har dezake parte; adina ez da aitzakia”.
Horrez gain, bi kideek jakinarazi dute proposamenak egin daitezkeela, lantaldeetan parte hartu gabe ere. Izan ere, ahalik eta jende gehien bildu nahi dute mugimenduan, ahalik eta ekarpenik handiena egiteko. “Denonak dira madalenak, eta beharrezkoa da guztion lana. Denok parte hartuta, denon gustuko jaiak osatzea da helburua”.
Euskalgunea eta Txosnagunea desagertu egingo dira, beraz; izen horiekin bai, behintzat. Baina OaingozHau mugimenduak bi horien eremua hartuko du. “Panierren egongo da eremu bat, eta Agirre Lehendakariaren plazan bestea”. Eguneko eskaintza izango da Panierren, eta afariak eta musika lasaia eskainiko dituzte, oro har. Bigarren gunean, berriz, 18:00etatik 06:00etara arteko eskaintza izango da, kontzertuekin; gaueko gunea izango da hori. Ostolazak zehaztu duenez, hurrengo urteko jaietara bideratuko dute bi eremuetan bildutako dirua, “jaiak handitzea eta indartzea delako helburua”.
Jaiak antolatzeko eredua arazoa edo berritzeko aukera izan ote den galdetuta, Ostolazak azaldu du “hausnarketa konplexua” egin dutela: “Euskalgunea beherantz zihoala ohartu ginen gu; eskulan gutxi genuela eta ez zela berritzen. Horrek eraman gaitu berriz pentsatzera, beste aukera amore ematea zelako”.
Arrutik gaineratu du “faktore ugarik” eragin dutela hori: “Gizartea aldatzen ari da, eta baita jaiak bizitzeko modua ere. Militantziak ere behera egin du, eta horrek hutsune handia dakar erreleboan. Horiek izan daitezke gainbeheraren gakoetako batzuk”. Ostolazak argi du inertzia nagusitzen denean egoera hori “errotik” aldatu behar izaten dela. Biek aitortu dute lortutakoarekin “oso pozik” daudela, eta, zailena jendea erakartzea izango zela uste bazuten ere, azaldu dute ez dela hala izan. “Oso positiboa da orain arte lortu dugunaren balorazioa”. Ostolazak adierazi du “mugimenduaren izaera definitzea” izan dela zailena. “Baina pozik gaude, ilusioz. Nondik gatozen eta eragile bakoitza nola zegoen ikusita, izugarria da lortzen ari garena. Lanerako gogoz dago jendea”.
Donostiako Piratak eredu
Bi kideek argi daukate errealitate hori ez dela Errenteriakoa bakarrik. “Oro har, Euskal Herri guztian ari da gertatzen antzeko zerbait”. Badakite ez dutela ezer asmatu, eta mugimendu berriak hainbat iturritatik edan du konponbide bila. Hori bai, bat aipatu dute bereziki: “Donostiako Piratena. Horiena izan da erreferentzia nagusia”.
Antolaketa eredu parte hartzaile, feminista, euskalduna eta ekologista hauspotzeko, sare sozialak astintzen hasiko dira laster. “Jai eredu tradizionalean, zaila da guk oinarri ditugun irizpide horiek aurkitzea, eta polita da alternatiba horiek sortzen saiatzea; polita, eta beharrezkoa”.
Leave a Reply