Iñaki Gurrutxaga
Harrituta eta izututa geratu ziren Mirandaolako burdinolan lanean ari ziren olagizonak 1580ko maiatzaren 3an. Igandea zen, eta Elizak jai egiteko agindua emana zien herritarrei. Kondairak dioenez, burdinazko zati txiki bat izan zen egun osoko lanaren ordaina, baina ez nolanahikoa: 21 zentimetro luze eta 5,5 kiloko pisua zuen gurutze bat zen. Santikutz eguna zen, eta gertatutakoa miraritzat hartu zuten. Hasiera batean, Elorregi jauregiko armairu batean gorde zuten gurutzea, baina, gertakaria ahoz aho zabaltzen ari zenez, Done Mikelgo baselizara eraman zuten, eta gero herriko elizara.
Historialari askoren ikergaia izan da Mirandaolako Gurutzearen Miraria, eta garai hartako kulturan errotutako fenomeno erlijioso modura laburbil daiteke. Legazpiarrek isilpean gorde zuten gertaera hura mende erdiz, harik eta 1633an —1580ko maiatzaren 3 hartan lan egin zuen azken olagizona hil zen urtean— Pedro Zorrilla Iruñeko gotzainari miraritzat hartzeko eskatu zioten arte. Harrezkero, legazpiarrek Mirandaola Eguna ospatzen dute Santikutz txiki egunaren —maiatzaren 4a— ondorengo igandean.
Mirandaolako burdinola XIV. mendetik XIX. mendera arte egon zen martxan, eta baztertuta gelditu zen burdina lantzen zuten industria handiak sortzen hasi zirenean, lantegietako burdina hobea eta ugariagoa baitzen. Bolada luze batez utzia egon ondoren, Patrizio Etxeberria enpresaburu ezagunak burdinola berreraikitzeko agindu zuen 1952an, eta haren ondoan ermita bat egiteko, gurutzea gurtu ahal izateko.
Urte askoan, Etxeberriak sortutako Bellota lantegiko mekanikari eta olagizonek martxan jarri izan zuten ola, eta azken hogei urteetan Lenbur Fundazioa arduratzen da olagizonak kontratatu eta erakustaldiak antolatzeaz. Apirilaren 1etik urri-azaroetara bitarte, aro berriko olagizonek igandero-igandero jartzen dute martxan burdinola, eta ikuskizuna amaitu bezain pronto, sua aprobetxatuz, olapintxoak prestatzen dituzte bisitarientzat. Taldeek eskatuz gero, urteko edozein garaitan martxan jartzen dute burdinola, baita astean zehar ere.
Belaunaldi aldaketa
Etzi ospatuko den Mirandaola Egunaren atarian, burdinolan egiten duten lanaz hitz egin dute Kepa Mendikute (Elgeta, 1971) eta Antonio Tabuyo (Santibañez de Tera, Zamora, Espainia) olagizonek. Urretxun bizi da lehena, eta ezertxo ere ez zekien burdinari buruz orain lau urte Bellotan lanean hasi zen arte. Bigarrena 13 urterekin iritsi zen Legazpira, eta, urte askoan forjari lanetan aritu eta gero, orain Sidenorren lan egiten du.
“Duela lau urte hasi nintzen. Hiru olagizon beterano zeuden orduan, eta bakarra dago orain. Nirekin hasi dira sartu diren azken bostak. Niri erakutsi zidatenak erretiroa hartzen ari dira, eta belaunaldi aldaketa datorrela esan daiteke”, azaldu du Mendikutek. Burdingintzan eskarmentuduna izan arren, Tabuyok hiru hilabete eskas daramatza. “Aurrez ere esan zidaten, baina jende beharra zeukaten orain, eta deitu egin zidaten. Gustura nabil”.
Lenbur fundazioa arduratzen da zazpikotearen koordinazioaz, eta, bakoitzaren lan egutegiaren arabera, libre dagoenak jartzen du martxan burdinola. Mendikutek eman ditu ordubeteko bisitaldiaren xehetasunak: “Gu arduratzen gara dena egiteaz; burdinola ireki, ikatza bota, labea piztu, burdina sartu, pintxoa prestatu… Mekanika hartuta daukagu, baina lan asko egin beharra dago jendea etorri aurretik”.
Aparteko lantzat dute olagizon modura aritzea, baina ez da diru kontu hutsa: “Hasieran beharbada bai, baina, denborarekin, berezia da burdinola barrura sartu eta garai hura nolakoa zen bizitzea eta jendeari hori adieraztea; xarma dauka”, adierazi du Mendikutek. Langintza berriak oroitzapenak dakarzkio Tabuyori. “Hamabost urte dira forjan lan egiteari utzi niola, eta hemen hastea horretan berriz aritzea bezalakoa da. Ez da lan zaila. Ez da gogorra bost kiloko pieza bat altxatzea; ondo moldatzen gara. Bisitariak, gainera, esker onekoak izaten dira orokorrean”. Olagizon guztiak elkartuko dira etzi; goiza lanean pasatuko dute, eta mahaiaren bueltan kontuak esanez hartuko dute atseden.
Leave a Reply