Asier Perez-Karkamo
Duela hamar urtera arte Hondarribian ez zegoen frontoi luzerik. 2007an inauguratu zuten Jostaldi, eta handik lau urtera sortu zuten zesta-puntako eskola. Ordutik, herrian ikaragarri hazi da zaletasuna. Egun, 40 bat haur ari dira entrenatzen klubean, eta mugarria jarriko dute bihar, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan debuta egingo baitute. Donostia, Mutriku eta Zumaiaren aurka ariko dira. Edozein modalitatetan Hondarribia Herriartekoan lehiatzen den lehen aldia izango da.
Antton Ageda izan zen Hondarribiko lehen puntista: “Zesta jaialdi bat antolatu zuten frontoia inauguratzeko. Hura ikustera joan eta ‘nik honetan jokatu nahi dut’ esan nuen. 14 urte nituen eta bakarrik entrenatzen nintzen, teniseko pilotarekin eta plastikozko zestarekin”. Duela sei urte eta erdi hasi ziren pilota eskola barruan zesta-puntako atala lantzen, Yoni Amboagek ardura hori hartu zuenean: “Mikel Egiguren puntista profesionalak irakatsi zidan jokatzen eta biak hasi ginen irakasle bezala”. Hasieran, haurren bila joan behar izan zutela kontatu du: “Mikelek eta biok argi genuen ikastetxeetara joan behar genuela, eta eskolekin jardunaldiak antolatzen hasi ginen, Lehen Hezkuntzako haurrentzat erakustaldi tailerrak egin genituen”.
Julen Basterrak 10 urte zituen ikaskideekin frontoira joan zenean: “Asko gustatu zitzaidan, eta eskolan izena eman nahi nuela esan nien gurasoei”. Normalean baino lau urte geroago hasi zen jokatzen, baina azkar ikasi du, eta kadete mailako Euskal Herriko finala jokatu du aurten, Ander Porturekin batera. Haiekin batera, beste lau hondarribiarrek eman dute izena Gipuzkoako Herriartekoan, kadete mailan; 10-11 urterekin hasi ziren guztiak. “Asko sufritu zuten hasieran —azaldu du Amboagek—, baina sufriarazi zieten horien kontra irabazteko gai dira orain”. Entrenatzaileak gaineratu duenez, txikienen eredu bilakatu dira kadeteak: “Ez dakit noraino iritsiko diren, baina kontuan izan behar da eurek ez zutela ispilurik hara begiratzeko. Atzetik datozenek badaukate ispilu hori, haien partidak ikustera etortzen dira, eta sekulako ilusioa dute. Eurek bezalakoak izan nahi dute txikienek, eta, ondo bidean, are hobeak izango dira”.
Hondarribiarrak azkenak izan dira zesta-puntaren mapan agertzen, baina, dagoeneko, Gipuzkoako bigarren harrobirik handiena da eurena, Mutrikuren atzetik: “Ligan, alebinetan, hamabi pilotari izan ditugu, beste edozein eskolak baino gehiago”, gehitu du arduradunak. Urte gutxi barru, maila guztietan aritzeko modua izango dute, egun seniorretan daukaten ahulezia gaindituz. Izan ere, Amboagek eta Agedak bikotea osatuko dute bihar, eta ahalegin handia egin beharko du lehenengoak, duela urte batzuk utzi ziolako jokatzeari: “Gutxi jokatuko dut. Kadete asko ditugunez, baten batek gazte mailan joka dezake, eta gazteetako batek nire lekua hartu. Baina lehen partida nik jokatuko dut”. Ageda izan zen herriko lehen puntista, egun seniorretan lehiatzen den bakarra. Gipuzkoako Lehen Mailara igo da aurten, baina azken hilabeteotan bereziki haurrengan jarri du arreta: “Gaztetxoei lagundu behar zaie orain, eta horretan ari naiz, eurekin gauza txikiak zuzentzen”.
Mikel Egiguren eta Amboage izan ziren Hondarribiko Pilota Eskolako zesta-puntako lehen irakasleak. Egigurenek utzi egin behar izan du, ordea, eta Jose Ramon Agirre beteranoak hartu du haren lekua. “Luxua da bera ondoan izatea. Pazientzia amaiezina dauka, haurrena da bere pasioa, eta izugarria da haurrek nola errespetatzen duten ikustea”, eskertu dio Amboagek. 14 urte artekoekin aritzen da Agirre, Amboagek hartzen ditu hurrengoak, eta Ageda arduratzen da 15-16 urtekoez.
Familia bat bezalakoa
Gasteiz, Markina, Mutriku, Zumaia, Donostia… tradizio handiko frontoiak dira guztiak. Hondarribikoak ibilbide motza du oraindik, baina erreferente bilakatu dela uste du Amboagek: “Udaran munduko pilotari onenek jokatzen dute hemen, eta erreferente bihurtu gara zesta-puntako jaialdi profesionalen artean. Horrek sostengua ematen dio eskolari, eta haurrentzat oso garrantzitsua da, gainera, ikusiz ikasten delako”.
Ez dakite zergatia azaltzen, baina badakite eskola desberdina dela eurena. “Beste eskolen artean sona daukagu, familia baten modukoak garelako”, azaldu du Amboagek: “Hiru anai-arreba Gasteiztik etortzen dira astero. Partida batera etorri ziren, giroa gustatu egin zitzaien, eta, hangoa utzita, gure eskolan izena eman zuten”. Ondo pentsatzeko eskatu zien Amboagek, gertuago eskola gehiago ere bazeudela azalduta. “Baina ezetz, Hondarribian entrenatu nahi zutela erantzun zidaten”. Agedaren iritziz, une gozoan daude: “Garrantzitsua da sarearen barrualdekoa, baina are garrantzitsuagoa da kanpokoa. Horregatik, politena ez da Herriartekoa jokatzea, garen bezalakoak izatea baizik”.
Ezerezetik, zesta-puntaren mapan agertzera pasatu da Hondarribia hamarkada bakarrean. Atzera begira jarrita, hunkitu egin da zesta-puntako arduraduna: “Bi amets nituen hasi nintzenean: haurrak herrian zesta hartuta ikustea —eta hori jada lortu dugu—, eta Herriartekoa jokatzea”. Bihar beteko dute bigarren amets hori, 16:00etatik aurrera, Jostaldi pilotalekuan.
Leave a Reply