Eider Goenaga Lizaso
Bi urte eta erdi enpresari hitzarmen propioa negoziatzeko eskatzen, eta bilera bat ere ez dugu izan oraindik, ez dira eseri ere egin”. Azalpen horrekin hasi dute elkarrizketa Alvaro Atorrasagasti, David Avila eta Mikel Etxekonanea Tolosaldea Buseko gidariek. Linea zerbitzuko gidariak greban daude urtarrilaren 27tik, eta ez dute ikusten konponbiderako zirrikitu handirik. “Baina jarraituko dugu, orain ez dugu atzera egingo”.
Tolosaldea Busek eskualdeko linea zerbitzuaren emakida ustiatzen du, eta hiru garraio enpresa dira bazkide nagusiak: Aizpurua autobusak, Ekialdebus eta Garaiar. Gipuzkoako Foru Aldundiak ia bi milioi euro ordaintzen ditu urtero zerbitzu horren truke. 2014ko abenduan sinatu zen azken kontratua, zazpi urterako, hiru urtez luzatzeko aukerarekin.
Tolosaldeko 28 herrietarako zerbitzua eskaintzen du Tolosaldea Busek; zortzi linea dira guztira, eta urteko 365 egunetan daude autobusak. Beste autobus edo tren zerbitzurik ez duten herri txikietan eragin handia izaten ari da greba. %30ekoak dira zerbitzu minimoak.
2014ko abenduan hasi zen langileen eta enpresaren arteko gatazka, linea gehiago jartzearekin eta maiztasuna handitzearekin batera. “Gauekoa eta jaiegunetakoa ere orduan jarri ziren. Lehen, Urte Berri egunean-eta, ez zen izaten autobusik; igandeetan ere, ia ez…”, dio Atorrasagastik. Sei gidari izatetik hamaseira igaro ziren, eta ordutegietan eta lan baldintzetan aldaketak izan ziren; gidariek diotenez, nabarmen okertu ziren baldintzak. “Eta trukean apenas ordaintzen diguten”, azaldu du Etxekonaneak.
1.300 eurokoa da gidari baten oinarrizko soldata, eta, baldintzak aldatu arren, hor ez zen aldaketarik izan. “Enpresarentzat, lan egunak dira urteko 365 egunak, berdin du Eguberri edo Urte Berri eguna izan. Erdi Aroan gaudela dirudi. Hori bai, igande eta jaiegunetan ordaindu egiten digute lan egiteagatik: hiru euro eguneko!”, salatu du Atorrasagastik. Gaueko txandagatik hamar euro azpitik ordaintzen dietela dio.
1.800 lan ordu dituzte urtean, eta, berez, 236 lan egun egin behar dituzte. “Asteburu libreak, berriz, urtean sei bakarrik ditugu”. Gipuzkoako hitzarmenak jasotzen duen ordu kopurua da, baina beste linea zerbitzu batzuetan, ordu kopuru berarekin, egun gutxiago egiten dituztela azaldu dute langileek. “Hamar egun gutxiago”, dio Atorrasagastik.
Etxekonaneak azaldu du zergatia: “Oso lanaldi motzak izaten dira egun batzuetan; igande batzuetan, adibidez, bi ordu egiten ditugu lan”. Beraz, urteko kopuruari apenas eragiten dion, baina jai egun hori galdu egiten dute. “Gaueko txanda egiten dugunean, berriz, 22:30ean amaitzen dugu arratsaldekoa, eta ordubete gelditzen da gauekoa hasi bitartean. Beno, bada, ordu hori ez da lan ordu gisa hartzen; lanaldia zatitzen digute, eta goizeko 04:00ak arte lanean aritu arren, ez gara iristen zortzi ordura”.
Autobusak garbitu ere beraiek egiten dituztela azaldu du Avilak. “Lehen, pertsona batek egiten zuen lan hori, baina bota egin zuten, eta orain guk garbitzen ditugu autobusak, gure atseden tartean. Larriena da enpresak 46.000 euro kobratzen dizkiola foru aldundiari lan hori egiteagatik”. Besteak beste, lan hori ordaintzea eskatzen diote enpresari.
Hitzarmen propioa
Enpresarekin hitzarmen propioa sinatzea dute helburu langileek. “Urtarril hasieran hiru eguneko grebara deitu genuen, pentsatuz ez genuela egin beharko, pentsatuz foru aldundiak esku hartuko zuela eta lortuko genuela enpresa gurekin esertzea”, azaldu du Etxekonaneak. Egin egin zuten greba. “Hiru astekoa antolatu genuen gero, urtarrilaren 27tik inauteriak pasatu arte. Baina ezer ez. Grega mugagabean gaude ordutik”. Langileek diotenez, abokatuaren bidez heldu zaie enpresaren erantzun bakarra: “Aspertuko ginela esan ziguten”.
Gipuzkoako sektoreko hitzarmenaren baldintzak aplikatzen dizkiete Tolosaldea Buseko gidariei; baina enpresa itun propioak dituzte foru aldundiaren emakida duten beste enpresa guztietan —Tolosaldea Bus eta Goierrialdea Autobusak kenduta—.
Zerbitzu bera eskaini arren, denak LurraldeBus izan arren eta Gipuzkoako hitzarmen beraren menpe egon arren, aldea oso handia dela azaldu dute. “Eta larriena da gure enpresaren jabeak direla, gurekin eseri nahi ez duten horiek berberak direla, beste eskualde batzuetan lan itun propioak sinatu dituztenak”. Donostia eta Andoain arteko autobusak kudeatzen ditu Garaiarrek; eta Ekialdebusek Irun, Hondarribia eta Oiartzualdea Donostiarekin lotzen dituzten autobusak. “Garaiarrek duela gutxi sinatu du lan ituna, eta Ekialdebusen, sinatzekotan dira. Bitartean, gurekin eseri ere ez dira egiten”, kexatu da Atorrasagasti. Enpresa horietan langileek urtean 6.000-7.000 euro gehiago jasotzen dituztela azaldu dute. “Beste eskualde batzuetan aldea askoz ere handiagoa da, badira ia 2.000 euro kobratzen dutenak. Guk ez dugu hainbeste nahi, erdibide batekin nahiko”.
Hitzarmen propioa sinatu ezean, Gipuzkoako hitzarmenean dute itxaropena jarrita Tolosaldea Buseko langileek. LABek eta ELAk oinarrizko soldata igotzea eta lan orduak jaistea eskatu dute. 2006koa da egungo hitzarmena, 2014an luzatu egin zuten, eta aurtengo udan derrigorrean sinatu behar dute berri bat. Horretarako, herenegun zuten patronalaren eta langileen arteko bilera, baina enpresariak ez ziren agertu. “Abokatua bidali dute, baina 2015-2017 urteetako atzerapenak negoziatzera bakarrik. Eta horretan ere ez dago adostasunik”.
Foru aldundiari deia
Greban lau hilabete egiteko atarian, langileek behin eta berriro egin diote deia Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Marisol Garmendia diputatuari. “Aldundiaren emekida den neurrian, arreta jarri beharko lieke langileek dituzten baldintzei; bestela, gure prekarietatea finantzatzen ari dira diru publikoarekin. Eta ez hori bakarrik, enpresa egiten ari den hainbat irregulartasun ere salatu ditugu, eta hori ere kontrolatu beharko litzateke, gipuzkoar guztion dirua baita. Baina, oraingoz, ez dute ezer egin”. Salatutako irregulartasunen artean dago, adibidez, esklusiboki linea zerbitzua eskaini behar lukeen autobus bat eskaripeko zerbitzuak egiteko erabiltzen dela, eta diru bat ordaindu zuela foru aldundiak LurraldeBuseko koloreekin margotzeko, eta margotu gabe dagoela.
Astelehenean, 2.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten foru aldundian, eta momentu horretan, aurretik abisatu gabe, harrera egin zien aldundiko ordezkari batek. Langileek eskertzen dute harrera egitea, baina bileran jaso zuten erantzunarekin ez daude oso gustura. Ez zuten ikusi auzian eragiteko borondaterik.
Leave a Reply