Ane Olaizola
Sona handia dute Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyschek, fosilek eta itsaslabarrek, baina Geoparkearen barnealdearen historia eta geologia ez dira hain ezagunak; bai, ordea, kostaldea bezain garrantzitsuak eta interesgarriak. “Geologian gehiago jakin ohi dugu duela ehun milioi urte gertatu zenaz, azken milioi bat urtekoaz baino”, azaldu du Asier Hilario geologoak eta Geoparkeko zuzendari zientifikoak. “Hain zuzen, azken milioi urtean sortu da egun daukagun paisaia, eta horren zantzu argiak daude Geoparkearen barnealdean”. Hilarioren hitzetan, zantzu horiek azaleratzeko tartea izango dute bihar, “azalpen ulergarri eta sinpleekin”. Izan ere, Geolodia egitasmoaren barruan, Gipuzkoako aurtengo ekintzak Geoparkearen barnealdeari jarriko dio arreta, eta karsten munduan murgilduko dira ibiltariak.
2005ean Teruelen (Espainia) hasitako egitasmoa da Geolodia, eta, ordutik, maiatza iristearekin batera hitzordu berezia izaten dute geologoek zein geologia zaleek. Gipuzkoan, 2011tik ari dira egiten ekimena, eta, bihar irtenaldi gidatuak egingo dituzte han-hemenka, Begiratu zer zapaltzen duzun lelopean. Aurten Euskal Kostaldeko Geoparkeak hartu du Gipuzkoako irtenaldi gidatua antolatzeko ardura, eta, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak lau ordu iraungo duen ibilaldi gidatua egingo dute Geoparkean barrena, Hilarioren eta Arantza Aranburu EHUko irakaslearen azalpenek lagunduta.
Geoparkeko paisaiaren bilakaera geologikoa eta Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak ezagutuko dituzte irtenaldian parte hartuko duten 50 lagunek —osatuta dago taldea—. Debako Itziar auzo-udalean elkartu, eta Arbil mendian egingo dute lehenengo geldialdia. “Hango behatokia oso eremu egokia da Geoparkearen bilakaera osoa jakiteko”. Hilarioren arabera, duela milioi bat eta bi milioi urte artean sortu zen egungo paisaia, eta hura nola eratu zen azalduko dute Lasturgo menditik. “Itsasoan, koralezko arrezifeak sortu ziren sakonera txikia zegoen eremuetan, eta arrezife horietan eratu ziren Geoparkearen barnealdean dauden kareharriak. Itsasotik atera eta higatuz joan ziren arrokak, gaur egungo forma hartzeraino”. Geologoaren hitzetan, Geoparkean “oso ondo” dago idatzita haren paisaiaren bilakaera, eta hori ulertzeko gakoak emango dituzte: “Itsasotik azaleratu zen kareharria karst bihurtu zelako ditugu halako sakonuneak eta horrenbeste kobazulo bailara honetan”.
Lastur auzoa ere ezagutuko dute, “bailara naturala baino gehiago, sakonune bat” delako. Bailara zeharkatzeaz gain, hango harrobia bisitatuko dute ibiltariek, eta bertako harria ikusiko dute Hector Fano geologoaren eskutik. Izan ere, berezia bezain ikusgarria da harrobi hori, koralezko arrezifeetan sortutako kareharria ustiatzen baitute bertan. “Koralezko arrezifeetan sortutakoa izanik, oso polita da hango harria. Koralak daude harrobi osoan, eta koralezko arrezife batean egotea bezalakoa da”. Gainontzeko harrobi ia guztiak ez bezala, arroka edergarriak ustiatzen dituzte Lasturren.
Bisitariek “betaurreko geologikoak” janzten dituzte irtenaldietan, aurrean dituzten paisaiak bestelako begiradarekin ikusteko. Hilarioren ustez, “ezjakintasun handia” dago geologiak konta ditzakeen istorioen inguruan, baina, ondo komunikatuz gero, “edozein harritzeko moduko gaitasuna” dauka. Hain zuzen, ahalmen hori preziatzen du jendeak gehien. “Informazio asko daukagu alde guztietan, eta interesa pizten da zerbaitek harritzen zaituenean. Gainera, paisaiaren irakurketa eginda, atzean sekulako historia duela ohartzen zara”.
Ogibidearen “harrotasuna”
Gune geologikoak ezagutaraztea eta geologoen lanari balioa ematea, hori izan da egitasmoaren hasierako helburua. Hego Euskal Herritik, pixkanaka, Espainiako estatuko probintzietara zabaldu da egitasmoa, eta bestelako maila hartu du; egun, 50.000 lagunek hartzen dute parte irtenaldietan, eta 500 geologo aritzen dira gidari lanetan. “Ogibide baten harrotasuna islatzen du Geolodiak”, dio Hilariok. Haren arabera, Gipuzkoan “harrera bikaina” izaten dute irtenaldiek, eta horren adierazgarri da urtero bete egiten direla toki guztiak. Geologoaren hitzetan, parte hartzen dutenak “oso gustura” geratzen dira jasotakoarekin. “Helburuak betetzen ari gara”.
Leave a Reply