Eider Goenaga Lizaso
Intuizio bati jarraikiz” erabaki zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzak eta Lurralde Orekarako Zuzendaritzak landa eremuan berdintasunari buruzko azterketa egitea. “Intuizioa baino gehiago zela esango nuke. Gazteekin-eta hitz egitean, neskek esaten ziguten herri txiki horretatik kanpo ikusten zutela euren etorkizuneko proiektua; eta mutilek, berriz, herrian bertan ikusten zuten euren burua etorkizunean ere”, azaldu du Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak.
Gaindegiari eskatu zioten gaiari buruzko ikerketa, eta iazko azaroan jaso zituzten emaitzak Gizon eta emakumeen arteko desberdintasun sozioekonomikoak Gipuzkoako landa-giroko herrietan izeneko txostenean (foru aldundiaren webgunean topa daiteke laburpena). “Normalki, lurralde osoari begiratzen diote gure genero irakurketek, baina azterketa sozioekonomikoek ez dute emaitza bera ematen hiriguneetan eta landa eremuan. Intuizio hori konfirmatu zigun azterketak”, dio Elgarrestak.
Emakumeen eta gizonen arteko rolak landa eremuan “errotuago eta finkatuago” daudela diote datuek, eta, Elgarrestaren arabera, “besteak beste, ekonomiarekin eta kontziliazioarekin zuzenean lotutako ezaugarriak azaleratu ditu”. Esaterako, hiriguneetan bizi diren emakumeek baino aktibotasun tasa apalagoa eta errenta txikiagoak dituzte landa eremuko emakumeek.
Txostena jaso zutenetik, eskualdez eskualde aritu dira ikerketaren emaitzak aurkezten, eta joan den astean egin zuten azken bilera, Fraisoron (Zizurkil): “Tokian tokiko udalak, auzo alkateak, nekazari elkarteak, garapen agentziak eta mota askotako herri eragileak batu ditugu, eta haien ekarpenak eta gogoetak jaso ditugu. Asko eskertu digute landa eremuan berdintasunaren gaia eta genero ikuspegia kontuan hartzen duen azterketa egitea”. Bileretan 200 bat partaide izan dira guztira.
Orain haien ekarpenak gehituko dizkiote hasierako txostenari. “Datu hutsak jaso ziren lehen azterketan, datu objektiboak; baina interpretazio bat behar du horrek, irakurketa kualitatibo bat”. Bigarren azterketa hori egiten ari da Gaindegia uneotan. Bigarren txostena udazkenerako prest egotea nahiko luke Elgarrestak. “Eta ea urtea amaitu aurretik neurri zehatzak eta estrategia bat marraztu ditzakegun”.
Ikerketak hainbat aldagai hartu ditu kontuan, eta adierazgarrienak ezagutarazi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Iñaki Labaka Lurralde Orekarako zuzendariak dioenez, landa eremuaz hitz egitean “Gipuzkoako zati esanguratsu bat” hartzen da kontuan. “Baserriari lotutako espazioez gain, herri txikiek eta udalerri handietako auzo eta nekazaritza eremu zabalek osatzen dute. Gipuzkoan, gutxi gorabehera, 120.000 biztanle bizi dira eremu horietan, biztanleria osoaren %20”.
Landa eremutzat, besteak beste, 2.500 biztanle baino gutxiagoko herri guztiak hartu dituzte, 49 herri guztira. “Gipuzkoako herrien erdiak baino gehiago dira, eta Tolosaldean eta Goierrin daude horietako gehienak”. Baina, landa eremu gisa hori baino gehiago ere hartu behar zela iritzita, herri handiagoetako auzo eta nekazaritza eremuak ere sartu zituzten zakuan. “Izan ere, Oñatikoa naiz ni, eta Oñatik badu hirigune bat, baina oso lur eremu zabala hartzen du, eta hamasei auzo ditu, bakoitza bere auzo alkatearekin; eta, noski, auzo horiek ere badira landa eremuak. Eta halakoak daude Azpeitian, Azkoitian… Elgoibarren ere bai, nahiz eta oso herri industriala den”.
Demografiaren alorrean, emakumeek biztanleria osoaren zenbatekoa osatzen duten aztertu dute, eta herri txikien eta gainerako udalerrien arteko alderaketa egin dute. Lurralde osoa hartuta, 2017an, gipuzkoarren %51,2 ziren emakumeak; herri txikietan, aldiz, %48,2.
Adin taldearen araberako azterketa eginez gero, tartea handituz joaten da adinean aurrera egin ahala. 0-44 urte arteko adin tarteetan, herri txikietan eta handietan bizi diren emakumeen arteko tartea ez da oso esanguratsua: puntu batekoa da, gutxi gorabehera. Baina, hortik gora, handituz doa koska: 3,4 punturena da aldea 44-54 urte artekoetan, eta 5,6 punturena 54 urtetik 74ra artekoetan. 75 urtetik gorakoen artean dago tarterik handiena: herri txikietan biztanleen %55,5 dira andrazkoak, eta, gainerako herrietan, %62,5. “Emakumeen bizi itxaropena handiagoa delako handitzen da adin tarte horretan emakumeen batezbestekoa, baina herri txikien eta herri handien arteko arrakala ere handitzen dela erakutsi digute datuek”.
Elgarrestaren hitzetan, datuek erakusten dute “emakumeen exodo bat” dagoela, “herri txikietatik handietara migrazio bat dagoela”. Migrazio horren zergatia zein den asmatzea izango litzateke prozesuaren hurrengo pausoetako bat. Izan ere, hainbat faktore egon daitezke horren atzean: 1980an laneratu zen emakumeen belaunaldia hirietara joan izana lan bila; adineko emakumeek bizitoki gisa hirigunea nahiago izatea, erosoagoa delako, zerbitzu gehiago daudelako; hiriguneetan lan aukera handiagoa delako emakumeentzat…
Ikasketa mailari dagokionez, txostenak dioenez, ikasketak hautatzerakoan sexuen araberako bereizketak indar handia du oraindik. Ildo horretan, landa giroko herrietan muturreko ikasketa mailak dira feminizatuenak (oinarrizko ikasketak dituztenak eta unibertsitate mailakoak); eta lehen eta bigarren mailako titulazioetan (lanbide heziketa barne) gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira, horietan baitago industriako enplegu kualifikatuaren titulazioa.
Goi mailako ikasketetan dago landa gunearen eta hiriguneen arteko tarterik handiena. Tamaina txikiko herrietan emakumeak dira unibertsitate titulua dutenen %61,4; gainerako herrietan, berriz, %55,9 dira. “Halako kontraesan moduko bat ageri zaigu hor; ikerketa sozioekonomikoaren gainerako puntu guztietan, hirigunekoekin alderatuta landa eremuko datuak kaskarragoak badira, zergatik ikasketa mailan ez?”. Elgarrestak uste du datuen interpretazioak eta azterketa kualitatiboak garrantzitsuak direla halako puntuak argitzeko. “Izan ere, ez dakigu goi mailako ikasketak dituzten emakume horiek bertan jaiotakoak diren, edo gerora, beraien ibilbide profesionala egonkortuta dagoenean, aukeratu duten bertara bizitzera joatea. Garrantzitsua izango da hori argitzea, irakurketa aldatu egiten baita”.
Formakuntzaren alorrean, sexuaren araberako ikasketa eta lan bereizketak kezkatzen du Elgarresta. “1980ko hamarkadako krisian, lurralde honetan bultzada handia eman zitzaion formakuntzari, eta formakuntza profesionalaren aldeko apustua egin zuten belaunaldi horretako mutilek; baina, genero rolen ondorioz-edo, emakumeok ez genuen ikusi industria sektorean zegoen aukera, ez genuen trena hartu. Eta kezkagarriena da neurri handi batean trenera igo gabe jarraitzen dugula. Hor bagenuen eta badugu lan mundurako aukera ezinhobea, eta gure erronka handietako bat da hori bultzatzea”.
Lanbide egoerei erreparatuta, beste datu bat ematen du ikerketak. “Enpresaburuei eta autonomoei dagokienez, nahiko txikia da emakumeen presentzia; %33 inguru enpresaburuetan eta %34-35 autonomoetan. Horretan, landa gunea izan edo hirigunea izan, datuetan ez dago alde handirik. Bai, ordea, kooperatibista edo soldatapeko langileei dagokienez”. Kooperatibisten artean, %29,9 dira emakumeak herri txikietan, eta %39,1 gainerako herrietan. Hamar puntutik bost puntura jaisten da aldea soldatapeko langileen kasuan: %40,9 herri txikietan eta %46 beste udalerrietan. Elgarrestaren hitzetan, formakuntzaren atalean lotura zuzena du sexuen araberako bereizketari buruz egindako irakurketak.
Lanari dagokionez, aldi batekotasunak ere datu kezkagarri bat eskaintzen du emakumeentzat, oso feminizatua agertzen baita bietan, bai herri handietan (%56,8) eta bai txikietan (%57,4).
Enpleguari lotuta, 16-30 urte arteko tartean, lan jarduera duten emakumeen batezbestekoak ez dauka ia alderik hiri edo landa guneetan. 30 urtetik 44rako emakumeen artean handitzen da koska. 30 urtetik 34ra ez-aktibotasuna %58,7koa da herri txikietan, eta zazpi puntu txikiagoa gainerako udalerrietan. 35-39 urteko tartean are handiagoa da koska: %68,4koa da herri txikietan, eta 11,5 puntu txikiagoa herri handietan. 40-44 urte artean lau puntura jaisten da diferentzia; %60,8 herri txikietan eta %56,5 gainerakoetan. 45 urtetik aurrera berriro ere ia berdinduta agertzen dira batezbestekoak. Zenbait tokitan diferentziak are handiagoak direla dio txostenak: 30 puntura iristen dira Debabarrenean, eta 20 puntura Tolosaldean eta Goierrin.
Datu horiek jaiotza tasarekin lotura estuan ikusten ditu Elgarrestak. “Herri txikietan ditugu Gipuzkoako jaiotza tasarik handienak, eta ona da hori, altxorra da. Baina, aldi berean, ikusten duguna da jaiotzen diren ume horien amak atera egiten direla lan mundutik”. Ondorioz, argi ikusten du herri txikietan kontziliaziorako zailtasun handiagoa dagoela: “Kontziliazio erantzukidearen ikuspegitik eman beharko dira pausoak; ikusi beharko da nola uztartu ama izatea eta lanbidea ez utzi behar izatea. Eta horretarako aztertu beharko dugu zerk egiten duen errazago kontziliazioa herri handi batean, eta, horren arabera, txikietan zer egin daitekeen aztertu”.
Aurreko hiru puntuetako datuen (formakuntza, lanbidea eta ez-aktibotasuna) ondorioetako bat errentan ikusten dela dio Berdintasun zuzendariak. “Arrakala handia dago errenta erabilgarrian; eta arrakala handitu egiten da herri txikietan”. Gipuzkoa osoa kontuan hartuta, emakumeen errenta erabilgarria gizonezkoenaren %63,4 da; herri txikietan %56,1 da, eta gainerako herrietan %64.
Errenta erabilgarriaren kasuan, bilakaera ere aztertu du Gaindegiak. “Garrantzitsua da hazkundea, 2001etik hamasei puntu egin baitu gora bi eremuetan. Hori ona da. Baina emakumeen errenta gizonezkoenaren oso azpitik dago oraindik; hor eragin behar da”.
Elgarrestak argitu nahi izan du atal honetan ez dela soldata aztertzen, emakume guztien errenta aitorpena batzetik eta gizonezkoen errenta aitorpenekin konparatzetik datorren datua dela. Emakumeen datua hain apala izatearen arrazoia hainbat faktoretan bilatu behar dela nabarmendu du: soldatetan, lan jarduera ez duten emakumeen kopuruan, lanaldi murriztua duten emakumeen zenbatekoan, lanbide motan, aldi batekotasunean…
Oinarrizko zerbitzuetarako distantzien konparazioa ere egin dute: herri txikietatik ospitalera, batez beste, 21,3 kilometro egin behar dituzte, eta beste udalerrietatik, 11,9. Osasun zentrora, 5,9 kilometro herri txikietakoek eta 0,4 gainerakoek; eta hezkuntza zentrora 2,6 kilometro herri txikietakoek, eta 0,2 besteek.
Gidatzeko baimena duten emakumeen kopuruan ikusten da horren ondorioetako bat. Herri txikietan handiagoa da kopurua: 18 urtetik gorako mila emakumeko 648 baimen daude herri txikietan, eta 547 gainerako herrietan. Gizonen kasuan, berriz, gida baimen kopuruak ez du zerikusirik landa gunekoa edo hirigunekoa izatearekin.
Leave a Reply