Danel Agirre
Berripaper honek zutabe honengatik ordaindu ahal duena baino gehiago kostatu bazitzaigun ere sarrera, berripaper honetako kazetari batekin goiz bat eman nuen aspaldi Zarauzko golfean —kidearen izenik ez dut idatziko, euskalgintzako behargin bihurtzeko emandako pobrezia botoa apurtu zuenik ez duelako zabaltzerik nahiko—. Zelaia ia hutsik zegoen, baina swing eta swing artean norbait urrutitik so genuela antzeman genuen. Ni umiliatzeagatik, pilota sasietara bota nuen arte ez zitzaigun hurbildu. Julio Iglesiasen klon lepatente bat zen. Green-era iristeko trukoren bat gurekin partekatuko zuela espero nuen, baina janzkeragatik kargu hartu zigun, oso modu zakarrean.
Julio Iglesiasen klon lepatentea ez zen zelaiko langilea, bazkidea baizik. Kali jokoan aritzeko bereak bezalako praka txinoen eta polo krokodilodunaren antzekoak exijitzen direla argitu zigun, baina are garrantzitsuagoa, Zarauzko golf klubean ez ginela ongietorriak modu oso gardenean sentiarazi. Ez zebilen etiketa arauak betearazi nahian. Handi-mandiek belaunaldiz belaunaldi jaso eta zaintzen dituzten gotortutako espazio bat bortxatzen ari ginen, eta izututa zegoen, besterik ez.
Julio Iglesiasen klon lepatenteen seme-alabak ez dira azkenaldian tradizioak agindutako diziplinaz ugaltzen ari, antza. Bazkide berrien diru-sarrerarik gabe green-en itxura ikusgarria bere horretan mantentzerik ez dagoenez, erabaki mingotsa hartu zuen duela gutxi Zarauzko golf klubak: inskripzioen kuota merkatzea. Berripaper honetako kazetari baten bi urte osoko soldatatik urte bakarrerakoa izan zen deskontua, kontatu zidatenez. Eta sekula ezagutu gabeko fenomenoa gertatu zen: mende bat iraun duen apartheid-a arriskuan ipiniz, mekanikari, okin eta pintoreak apuntatu zitzaizkien. Julio Iglesiasen klon lepatentea ez dut ordutik ikusi, baina zurbil samar behar du koitaduak.
Beste Iglesias batek —Pablok— ez bezala, txikitatik argi nuen bizitzako nire xede bakarra gotortutako espazio horiez gozatzea zela. Ez naiz sozialista, ezta anarkista ere, pobrezia botorik egin gabeko hedonista militantea baizik. Eta Julio Iglesiasen klon lepatenteek gotortutako espazioak halako jelosiarekin zaintzen badituzte, zinez atseginak behar zuten susmoa nuen. Ez nenbilen oker. Golfean 18 zulo jokatzea nahikoa da jabetzeko gizakiak asmatu duen denbora-pasarik zoragarrienetakoa dela.
Zorteko nabil. Praka txinoak eta polo krokodilodunak exijitzen ez dituen klub bat topatu dut Berlinen. Sarreragatik berripaper honek zutabe honengatik ordaindu ahal duenaren erdia bakarrik kobratzen didate, gainera. Erronda 07:30 baino lehen hasi beharra dago horretarako, bestela berripaper honek zutabe honengatik ordaindu ahal duenera igotzen delako prezioa, zehatz. Oilarraren kukurrukuarekin jaikitzea ez da esfortzua: asko zahartu naiz urte gutxian, eta jakina da asko zahartzearen ondorio nagusia seietarako iratzargailurik gabe esnatzen hastea dela.
Metroz noa golfera. Leihotik begiratu, eta holandar estiloko itsasontzian gosaltzen ari den bikotea ikusi dut kanalean. Bigarren eskuko merkatuan erosi nahi dugun eta berripaper honetako kazetari baten urte osoko soldata balio duen modelo berbera da, zortzi metrokoa. Leonard Cohenen abestia dirudi: aurrena golfa konkistatuko dugu, itsasontzia ondoren. Poloniatik hurbil nagoelako izango da, baina handi-mandiek belaunaldiz belaunaldi jaso eta zaindu dituzten gotortutako espazio guztiak inbaditzen bukatuko dudala sinesten hasi naiz.
Leave a Reply