Ane Olaizola
Zumaia eta Zumarraga lotzen zituen Urolako Trenaren zortzigarren geltokia zen Azpeitikoa. Ibiltarien joan-etorrietarako ez ezik, herrian eta inguruetan egiten ziren azoketara joateko lotura zuzena zen trena. Izan ere, bertara joateko eta salgaiak batetik bestera eramateko garraiobide nagusia izan zen duela 30 urtera arte. Tren enblematikoak izan zuen funtzioari eta, batez ere, Azpeitiko geltokiaren zenbakiari tiraka, astebururako Market 8 azoka antolatu dute, lehendabizikoz, Teresa Mangasek (Azpeitia, 1972) eta Belen Ibarrolak (Aia, 1967). Bi egunez, azoka handi bihurtuko da Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa, eta modak, gastronomiak eta kulturak bat egingo dute bertan.
“Trenak, tradizioz, harreman zuzena izan du kulturarekin eta gastronomiarekin. Garai batekoa da hori guztia, baina ongi uztar daiteke egungo joerekin; iraganera, gaur egunera eta etorkizunera egindako ibilaldia izango da azoka, produktu tradizionalez gain, gaur egun joera direnak ere eskainiko ditugulako”. Artisautzak protagonismo berezia hartuko du azokaren lehenengo edizioan; 30 bat postu jarriko dituzte museoko azpiegituretan, eta eskuz egindako eta “kalitatezko” produktuak jarriko dituzte erakusgai. “Norberak egindako produktuek balio berezia izaten dute, eta egun aukera oso zabala dago jarduera horretan”, azaldu dute antolatzaileek. “Zenbait lagunek diseinuak bakarrik egiten dituzte, eta beste batzuek hasieratik amaierarainoko prozesua egiten dute. Egungo joerei jarraitzen diete, ordea, guztiek, eta balioa eman nahi diogu horri”.
Arropa eta osagarri “originalak” izango dira, beraz, salgai jarriko dituztenak, eta beste hainbat ekintzarekin osatuko dute azokaren egitaraua. Izan ere, tailerrak eta erakustaldiak egingo dituzte bihar eta igandean. Eliku nutrizio aholkularitzako kideek, esaterako, gosari osasungarri bat prestatzen erakutsiko diete bertaratzen direnei, eta landareak hazteko kodedama Japoniako teknika azalduko du Kimu Bat enpresak. Horrez gain, string art diziplinaren berri emango du Harrihari artisautzak; irudiak hariz egiten dira teknika horrekin, eta umeentzako egurrezko jolas didaktikoak ere egingo dituzte.
Gastronomiak ere lekua izango du azokan; izan ere, talo organikoen, ogitartekoen, pintxoen eta jaki gourmeten postuak eta food track-ak jarriko dituzte. Musika, magia eta dantza emanaldiekin osatuko dute egitaraua, eta Burdinbidearen Euskal Museoak mantendu egingo ditu astebururo Lasaora eskaintzen dituen tren irteerak. Herritar guztientzat egokia den azoka prestatu dute, oro har: “Familiek bazkaltzeko edo atseden hartzeko lekua izango dute horretarako egokituko ditugun berdeguneetan, eta gazteek zuzeneko musika entzuteko aukera izango dute, esaterako”, azaldu du Ibarrolak. Mangasek aurreratu duenez, berriz, pertsona sortzaileak “oso eroso” sentituko dira azokan.
Azken urteetan ugaritu egin da azokak egiteko joera, baina Market 8k badu berezitasun bat: “Askotariko diziplinak elkartuko dira museo bakarrean; Euskal Herrian ez da halako beste azokarik egiten. Trenaren museoak badu xarma berezi bat, eta azoka hemen egiteak are bereziago bihurtuko du”. Azoka zaleak dira bi antolatzaileak, eta Mangasek aspalditik zerabilen buruan azoka bat antolatzeko ideia. “Behin, Madrilgo tren museo batean ikusi nuen azoka, eta hura bisitatu ondoren otu zitzaidan halako zerbait egitea, gure neurrira egokituta, betiere”. Berria ez ezik, berritzailea izango da, beraz, Market 8 azoka, eta Euskal Herrian erreferentzia izateko asmotan prestatu dute.
Sarrerak, euro batean
Gipuzkoako barnealdean turismoa sustatzeaz gain, bertako kultur ondareari balioa eman nahi diote egitasmoarekin. Era berean, museoa bera ezagutaraztea ere bada azokaren beste helburuetako bat. “Kanpoko bisitariak etortzen dira, normalean, baina inguruko askok ez dute ezagutzen museoa. Askotan, bertakoa ez da ohartzen herrian duen altxorraz, eta museo hau da horren adibideetako bat”, dio Ibarrolak. Market 8ren lehen urteak nolako erantzuna izango duen ikusteko zain dira antolatzaileak, eta, “ondo ateratzen bada”, aurrerantzean urtean bitan egingo dutela aurreratu dute.
Bihar eta etzi, 10:30etik 19:30era izango da zabalik azoka. Museoak, berriz, ohiko jarduna izango du asteburuan, baina, azokaren eraginez, ez dute itxiko eguerdian. Sarrera, gainera, euro bat ordaindu beharko da, hiru euro ordaindu beharrean.
Leave a Reply