Leire Narbaiza
Gazte ziren, gazte, eta ez daude konforme”, horrela kantatu beharko diegu geure erretiratuei Lurdes Iriondoren abesti famatu haren bertsio eguneratua; izan ere, euren gazte denboretakoa da, eta ziurrenera, makinatxo bat bider abestuko zuten. Orduan sasoian zuten kemena, orain ere badute-eta gure jubilatuek, zorionez.
Erretiratu berba gomendatzen digu Euskaltzaindiak lan-bizitza laga duenarentzat, baina baten bati irakurri nion moduan, erretiratu izendatuta, gizarteak baztertutako pertsona dela dirudi; jubilatu-k, ostera, latineko iub?lume hitza omen du jatorrian, eta poz, bozkario, poztasun, alaitasun esan nahi du. Ederra aldea, ezta? Gainera, aktibo eta bizi daudela erakusten dute etengabe.
Kontua da erreibindikazio hutsean dabiltzan nagusi horiek ohituta daudela borroka egitera. Euretako batzuek Pariseko 68ko Maiatz famatu hura bizi izan zuten. Gehiengoak esan lezake benetan grisen aurrean egin zutela antxintxika. Ondo gaztetxotik ezagutu eta sufritu izan dute diktadura eta errepresioa. Sasoi baten eguneroko ogia izan zuten protestan jardutea.
Hori dela eta, erraz batu zaizkie beste borroka batzuetako kolektiboak. Aniztasuna delako euren ikurra. Adibidez, feminismoa integratu dute, ezin bestela izan. Izan ere, emakumeak dira pentsio txikienak kobratzen dituztenak, Hego Euskal Herriko emakumeen %71k dute mila eurotik beherako pentsioa, eta %25ek, berriz, Iparraldean. Andre adindu askok diru-sari barregarria jasotzen dute. Sarritan, alargun pentsioak kobratzen dituztelako, miseriazkoak. Bestetan, euren lan-jardun ordaindua beltzean izan delako, kotizatu ez zietelako enpresetako buruek, gizonezkoena baino soldata txikiagoa izan dutelako, edota etxetik kanpoko lan-bizitza oso txikia izan delako —andrazko horietako gehiengoari gertatu zitzaion ezkondu zenean enpresak berak dotea ematen ziola etxera joan zitezen. Eta beharginok onartzen ez bazuten, lehenengo umearekin lan egiteari laga egin behar zioten, ia behartuta—. Normala, horretara, jubilatuen borroka emakumeen borroka ere izatea.
Gure zaharrak (eta zahar hitza ez da mespretxagarria!) oso ohituta daude borroka egitera, ez dutelako bizitza erraza izan, oro har. Pazientzia handia ere badutelakoan nago. Eta haserre baino haserreago daude. Hori dela eta, agintean banengo erne egongo nintzateke, ez dutelako hain erraz amore emango antzinako gazte horiek. Gainera, ez dute ezer galtzeko, baina bai irabazteko. Denbora ere badute, eta konstantzia. Ekinak dira, eta argi ikusi da ez direla %1,6 horren amarruan jausi. Ez dute irentsi aurrekontuen itunaren amua.
Badakit PPk kontu larriagoak eta premiazkoagoak dauzkala Gurtel auziak ekarri duen guztiarekin. Baina boterean itsatsita segituz gero (gaurkoan erabakiko da hori), hobe luke jaramon egitea aspaldiko gazteei. Era berean, EAJk ere badu zer zaindu. Garbi ikusi da jeltzaleek ez dutela ia inor despistatu sinatutakoarekin, eta disgustua etor lekiekeela hurrengo boto-kutxetan, plantak egitea ez baita inoiz ona.
Kantuak dioen moduan, zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik. Eta gehituko nuke: luzaroan gazte dena baizik. Gazte eta heldu asko baino biziago, orduan bezain kementsu. Eredu dira, bejondeiela!
Leave a Reply