Unai Zubeldia
Ohiz kanpokoa”. Patrick Polidori Hernani errugbi taldeko entrenatzailearen hitzetan, “goratzekoa” da kluba azken urteotan egiten ari den lana. “Erabat amateur mailakoak dira gure jokalariak, baina profesionalen pare lan egiten dute; zoragarria da. Oso zorrotza izaten naiz egunerokoan, eta erantzun egiten dute. Ezin diet eskatu gehiago”. Hain zuzen ere, itzaleko lan horri esker jarraituko du Hernanik, beste denboraldi batez, Espainiako Ohorezko Mailan.
Iñaki Otxotorena taldeko jokalariak aitortu duenez, “gorabeheratsua eta zaila” izan da denboraldia. “Orain arteko gogorrena; kosta egin zaigu gure maila ematea. Emaitzak ez ziren iristen, sentsazioak ere txarrak izan ziren momentu askotan, lesio asko izan ditugu, lanagatik eta ikasketengatik entrenatzeko ere jokalari gutxi elkartu izan gara aste batzuetan…”. Hernaniren berezko gabeziak dira horiek, oso baliabide gutxirekin aritu behar izaten duelako klub erraldoiekin lehian. Baina Getxo Artearen azken bi jardunaldietako garaipenak gorabehera zuzenean jaisteko postuari izkin eginda, Ohorezko B Mailara ez jaisteko kanporaketa jokatu du azken bi asteburuetan. Orain hamabost egun, 31-27 galdu zuen joaneko partida, Sevillan, Cienciasen aurka, baina emaitza iraultzeko gai izan zen joan den larunbatean, etxean, zaleen babesean (30-17).
Denboraldi guztian gertatu bezala, larunbatean ere “lepo” bete zen Landare. “Hori da gure indargunea”, azpimarratu du Polidorik. “Klub profesionaletan ibilitakoa naiz ni, eta horietako askok nahiko lukete eurentzat Landaren sortzen den giroa. Giro hori sortuko zela jakitun, jokalariek antsietateari neurria har ziezaioten lanean aritu ginen aste osoan”. Alde horretatik, etorkizunean ere taldearen ondoan jarraitzeko eskatu die Otxotorenak zaleei. “Beste talde askok ez daukaten zerbait daukagu guk: zaleen babesa. Hernani horregatik da hain klub berezia, eta Landare aurkarientzat hain zelai zaila”.
Juan Rodriguez klubeko presidenteak aitortu du “tentsio handikoa” izan zela larunbateko partida, eta “askatuta eta lasaituta” esnatu zen biharamunean. “Liga irabazi izan bagenu bezala ospatu genuen larunbateko garaipena, neurri horretakoa delako balentria. Egiten ari garenari indarra ematen dio lorpenak; gure izaerari eusteko konfiantza emango digu honek”.
Hernani 2012an igo zen, azkenekoz, Ohorezko Mailara. “Eta urtebeterako saria izango zela pentsatu genuen denok orduan”, onartu du Otxotorenak. “Baina, azken momentura arte gogotik sufritu arren, egonkortzen ari gara pixkanaka”. Herrian indartzen ari da errugbiarekiko zaletasuna. “Eta horretaz jabetzeko nahikoa da Landarera joatea”. Eurak errugbian hasi zirenean, taldea osatzeko “gazteagoekin edo zaharragoekin” jokatu behar izaten zutela gogoratu du Hernaniko jokalariak, baina gaur egun ume asko dabiltza errugbi eskolan. “Eta lehen taldea maila nagusian egotearen ondorioa da hori”.
Ia erabat harrobiko taldea da Hernani. “Eta, jokalarien lehiakortasuna eta maila areagotze aldera, 12 eta 14 urtez azpikoen taldeak Ipar Euskal Herrira joaten dira lehiatzera, Hendaia 2 izenarekin”, azaldu du Rodriguezek. Donostiako Atletikorekin ere hitzarmena sinatuta daukate elkarlanean aritzeko. “Eta bide hori ere hasi da jada fruituak ematen”. Oinak lurrean jarrita, hurrengo denboraldian ere “mailari eustea” izango da Hernaniren erronka. Hori bai, etorkizunean “eutsi baino zerbait gehiago” egin nahiko luke Polidorik. “Jokalariek are gehiago goza dezaten. Zazpigarren-zortzigarren amaitzea, partida gehiago irabaztea… Pausotxo hori eman nahiko nuke, eta, zaila izango den arren, ea lortzen dugun”.
Hurrengo denboraldiari buruz hizketan hasteko “oso goiz” bada ere, ezusterik ezean, taldean ez da izango aldaketa handirik. “Adinak, lanak, nekeak… eraginda, beti izaten da hutsuneren bat edo beste, eta litekeena da Abdellafit Et Tayeak, adibidez, taldea uztea, 39 urte dauzkalako jada eta lesio larria izan duelako”. Rodriguezen ustez, hala ere, egungo egiturari eusteko gai izango dira. “Eta gazteei ere egingo diegu lekua”.
Asteburuan, Valentziara
Hori bai, hutsuneei eta fitxaketei buruz hizketan hasi aurretik, Hernanik azken erronkari helduko dio asteburu honetan, Valentzian (Herrialde Katalanak), zazpiko errugbiko Espainiako Txapelketan. “Aurreko denboraldian txapeldun izan ginen, eta horri esker joan ginen maiatzeko bigarren astean San Petersburgoko Europako Txapelketara. Hain ondo zaindu gintuzten, aurten, berriz ere, irabazi egingo genuela hitzeman genien”. Rodriguezek bota die erronka jokalariei. Zelaian erantzutea falta da orain.
Leave a Reply