Eider Goenaga Lizaso
Urrun dago, oraindik ere, 2019ko udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina, eta oraindik goiz samar da kanpainaurrea hasi dela esateko; baina alderdi politikoak jada lanean ari dira horri begira. Gehiago edo gutxiago, guztiek dute buruan: batzuk aurreratuago doaz, eta hautagaien izenak iragarri eta aurkezpenak egiten hasi dira; beste batzuek pauso batzuk eman dituzte, baina uda ostean hasiko dira buru-belarri; eta badago hauteskundeetan pentsatzen hasi ere egin ez den alderdirik ere.
Gipuzkoan indar gehien duten bi alderdiak dira aurreratuen daudenak. Asteburu honetan, adibidez, hauteskunde kutsuko ekitaldiak iragarri dituzte bai EAJk eta bai EH Bilduk. PSE-EE eta PP uda ostean dira lanean hastekoak, nahiz eta sozialistak zertxobait aurreratuago dauden. Ahal Dugu ere ari da lanean; besteak beste, Ezker Batua eta Equorekin batera aurkeztea erabaki dute, eta baita ahalik eta udal gehienetan zerrendak aurkeztea ere.
EAJren eta EH Bilduren kasuan, jada ezagunak dira Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Donostiako alkate izateko hautagaien izenak. Markel Olano eta Eneko Goia izango dira hautagai jeltzaleak, eta Juan Karlos Izagirre eta Reyes Karrere EH Bildukoak. Horiek asteburu honetan bertan egingo dituzte kanpainaurreari hasiera emango dioten ekitaldiak.
“Herrietan batzarrak egiten ari dira, eta askok jada aukeratu dute alkategaia; beste batzuek bigarren itzulia egiteko dute oraindik. Donostian, adibidez, Eneko Goia jada izendatu dute”, adierazi du Idoia Elorza EAJren Gipuzko Buru Batzarreko antolakuntzako arduradunak.
Asteburuko ekitaldiak
Markel Olanok, berriz, bihar bertan jasoko du Gipuzkoako herrialde batzarraren berrespena. Bera izan zen GBBk proposatutako hautagaia; herrietan ez da beste izenik proposatu, eta onarpena jaso du uri batzar guztietan. “Beraz, larunbatean, aurkezpen publikoa egin aurretik, onarpena emango dio herrialde batzarrak; tramite bat baino ez da, izendapena berrestea soilik”. Olano eta Goiarekin batera, Gipuzkoako beste 24 alkategai aurkeztuko ditu EAJk, bihar, Donostiako Kursaalean. Tartean daude Irun, Hondarribia, Andoain, Tolosa, Beasain, Arrasate, Eibar, Azkoitia eta Zarauzkoa. Bigarren itzulia egiteko daukaten herrietako alkategaiak uda ostean aurkeztu nahi ditu EAJk.
EH Bilduk bi ekitaldi ditu asteburu honetan. Gaur, Errenteriako Xenpelar plazan, Juan Karlos Izagirreren aurkezpena egingo dute, 12:30ean. Harekin batera, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramailea ariko dira. Igandean, Reyes Karrere aurkezteko ekitaldia egingo dute Donostian. “Uda aurretik bi hautagai horiek zehaztea zen gure helburua, eta gainerakoak uda ostean joango gara zehazten eta aurkezten”, adierazi du Unai Larreategi EH Bilduko Gipuzkoako koordinatzaileak.
Hautagaiak jendaurrean aurkeztuz joatearen garrantzia nabarmendu du Larreategik. “Juan Karlosen kasuan, jende guztiak, edo gehienak, behintzat, bai, ezagutzen du, eta politikoki, agian, ez du bestelako aurkezpenik behar; Reyesen kasuan, berriz, jendeak ezagutu behar du, behar du lurreratze bat”.
Herri handietan, EH Bilduren azken nazio batzarrean zehaztutako araudiari jarraituz egingo dute hautagaien aukeraketa. “Herri txikiagoetan, berriz, egoera bestelakoa da. Nahiko lan izaten da batzuetan alkategaia bilatzen eta zerrenda on bat osatzen. Baina, edonola ere, hautagaien aukeraketa herrietan bertan egiten da beti”. Uda ondoren hasiko dira EH Bilduko beste alkategaien izenak aurreratzen eta aurkezten.
PSE-EEren kasuan, Mikel Duran Gipuzkoako sozialisten Antolakuntza idazkariak argitu du egutegia zehaztu besterik ez dutela egingo uda aurretik. “Irailean hasiko gara buru-belarri. 20.000 biztanletik gorako herrietan, hautagai bat baino gehiago baldin badago, primarioak egin beharko dira alkategaia aukeratzeko, eta gauza bera egin behar da diputatu nagusirako hautagaiarekin. Herriko hautagaien kasuan, herri bakoitzeko egoitzan egiten da aukeraketa; eta egoitza guztietan bozkatzen da diputatugai nagusia”.
Gipuzkoan, bost herritan du alkatetza PSE-EEk: Eibar, Irun, Pasaia, Lasarte-Oria eta Zumarragan. Horietan, alkate izandakoek jarraitzeko borondatea badute, ez da primariorik egin behar. Herriko afiliatuen %50ek eskatu behar dute hura kentzeko, hautaketa prozesu bat abiatzeko. “Hasiera batean, alkatetza dugun tokietan ez dirudi aldaketarik egongo denik; erabateko konfiantza daukagu azken lau urteetan egindako kudeaketan”.
Talderik ez duten herrietan, berriz, sozialistak jada lanean ari direla dio Duranek. “Batez ere herri horietan hasi gara lanean, gehiago kostatzen baita zerrenda osatzea; ahalik eta jende onena fitxatu nahian gabiltza”.
Ahal Dugu ere udal eta foru hauteskundeei begira dago. “Baina gu ez gara hasiko hautagaiak aurkezten”, dio Maria Valiente Ahal Dugu-ko Gipuzkoako koordinatzaileak; urtarrilean primarioak egingo dituztela eta izenak hortik aterako direla esan du.
Halaber, urtarrilean jakingo da zein udaletan aurkeztuko diren. Izan ere, Ahal Dugu markarekin soilik foru hauteskundeetara aurkeztu ziren 2015ean; udal hauteskundeetara “ideologikoki gertukoak diren alderdiekin” aurkeztu ziren Ahal Dugu-ko hainbat kide, baina ez Ahal Dugu-ren izenean. “Hurrengo udal hauteskundeetan, berriz, ahal den herri guztietan aurkeztea da gure apustua. Lau urtean egindako lanak ahalbidetzen digu pauso hori eman ahal izatea. Eta orain aztertzen ari gara non aurkeztuko garen eta non ez”. Horretarako, udalerrietan legegintzaldi honetako memoria politikoak egiten eta aztertzen ari direla azaldu du Valientek; eta, horren arabera, ikusiko dutela herri bakoitzean zer egin. Lehentasuna hiriburuan eta herri handietan jarri du Ahal Dugu-k, eta ziurtzat jo du Donostian aurkeztuko direla.
PP da hauteskundeei begira ezer egin ez duen alderdi bakarra. Uda ostean hasiko dira Gipuzkoako PPtik hedabide honi azaldutakoaren arabera. Madrilen gauzak nola dauden ikusita, udal eta foru hauteskundeei buruz pentsatzen ere ez direla hasi adierazi dute.
Zerrendak eta programak
Alkategaiak zehaztuta, zerrendak eta hauteskundeetarako programak lantzeari ekingo diote alderdiek. Elorzak azaldutakoaren arabera, abendurako eduki nahi dituzte itxita zerrenda guztiak, bai herrietakoak eta bai batzar nagusietakoak. Zerrendak osatzeko prozesua zerrendaburuak aukeratzeko prozesuaren berdina izaten da EAJn. Ondoren ekingo diote programak osatzeari. “Hautagaien aukeraketa bezala, herrietan bertan lantzen dituzte herrietako udal programak ere. Hor, noski, nazio mailako eta lurralde mailako irizpide batzuk daude, eta aterki horren pean egiten dira udal programak”.
EH Bilduk urtarrilerako zerrendak eta programak prest edukiko dituela espero du Larreategik. Aldi berean egingo dira bi gauzak. “Helburu horrekin, herriz herri ari gara lanean, bakoitzak bere programa landu dezan. Udaberrian, diagnostikoa egiten aritu gara herriz herri: orain arte egindako lanaren balantzea eta herriko egoeraren inguruko gogoeta egin dute herrietan. Uda ostean, diagnostiko horretatik abiatuta, herriaren beharrak, EH Bilduren lehentasunak eta herritarrek eskatzen dutena kontuan hartuta, programa lantzeari ekingo zaio”.
Duranek esandakoaren arabera, zerrendak osatu ostean landuko dituzte programak. “Alkatetza dugun herrietan egindako kudeaketari buruzko eskuorri batzuk atera eta banatu ditugu, baina geroago egingo ditugu programak”. Valienteren arabera, memoria politikoaren azterketatik aterako dira programak. “Gure kasuan, lehenago egongo dira programak hautagaiak baino. Lehentasuna da udalerri bakoitzean zer egin nahi dugun zehaztea; gure proiektuak eta lehentasunak zein izango diren jakitea; eta, behin hori zehaztuta, programa hori garatzeko pertsona egokienak zein diren erabakiko dugu”.
Inkesta etxeak, lanean
Urtebete falta da udal eta foru hauteskundeetarako. 2015eko maiatzaren 24an egin ziren aurrekoak, eta, aldaketarik ezean, maiatzaren 26an egingo dira 2019koak. Baina ez dira alderdi politikoak data horri begira jarri diren bakarrak. Inkesta etxeak ere hasiak dira galdeketen lehenengo emaitzak kaleratzen. Gizaker inkesta etxeak EITB Focusentzat egindako inkestaren emaitzak, adibidez, ekainaren 6an ezagutarazi zituzten. Horren arabera, EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak Gipuzkoan, eta 2015eko hauteskundeetan baino 6,8 puntu gehiago lortuko lituzke. EH Bilduk bi puntu egingo lituzke gora, eta bigarren indarra izaten jarraituko luke; baina, Gizakerren inkestak dioenez, EAJrekin duen aldea handitu egingo litzateke. PSE-EEk 2,8 puntu egingo lituzke behera, eta beste bi puntu PPk zein Ahal Dugu-k.
Horrez gain, Gizaker inkesta zabal eta sakonago bat egiten ari da Gipuzkoako hainbat herritan. EAJk alkatetza duen zenbait herritan, boto asmoari buruz ez ezik, azken legegintzaldian jeltzaleen udal gobernuak egindakoaz galdetzen diete herritarrei.
EH Bilduk ere baditu esku artean boto asmoari buruzko datuak. Hainbat hedabidetan ateratzen diren inkestetan konfiantza handirik ez dutela adierazi du Larreategik, “jendearen boto asmoan eragiteko intentzio argia” izaten dutelako. “Orain arte atera direnek aditzera ematen dutena da Gipuzkoan alferrik gabiltzala, zazpi puntutik gora ateratzen dizkigula EAJk. Baina jakin badakigu ez dagoela hainbesteko alderik; Gipuzkoan lehia bizia irudikatzen dute gure datuek, eta, beraz, irabazteko aukerak baditugu”. Hauteskundeetara “irabazteko asmo eta anbizioarekin” aurkeztuko direla azaldu du.
Leave a Reply