Unai Zubeldia
Ez dauka Bilboko Bizkaia pilotalekuaren handitasunik, eta ez da Donostiako Atano III.a, Tolosako Beotibar edo Eibarko Astelena ere. Profesionaletara jauzia egin, eta puntako pilotariak ez dira ibiltzen Donostiako pilotaleku horretan pilotari eman eta eman, egurrean. Baina, urtero, ikuskizun ederra izaten da Antiguako Pilota Txapelketan, 28 metro pasatxoko pilotalekuan. Datorren asteartean hasiko da aurtengo lehia, eta uztailaren 10ean (19:00), eta abuztuaren 26an jokatuko dituzte finalak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan.
70. urtea izango du aurten Antiguako Txapelketak, eta, berritasun gisa, lehen aldiz, binaka ariko dira emakumezkoak —iaz izan zuten estreinakoa, buruz buru—. Abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko dituzte bi finalerdiak: Olatz Arrizabalaga eta Alba Martinez, Maite eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka lehenengoan; eta Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga, Patri Espinar eta Leire Garairen aurka bigarrenean. Bi bikote irabazleek jokatuko dute finala. Gizonezkoen kasuan, abuztuaren 3an jokatuko dituzte lehen ligaxkako azken partidak, eta finalerdietako sistemari helduko diote gero, abuztuaren 7an eta 8an, 16an eta 17an eta 21ean eta 22an. “Oso esperientzia polita izan zen iazkoa”, hasi du azalpena Joxe Mari Otermin Antiguako Txapelketako antolatzaile taldeko kideak. “Eta beste jauzi bat egitea erabaki dugu aurten, promesa mailako pilotariak nagusiekin uztartu, eta buruz buruko lehia zena binakako bihurtuta”. Pilotaren soinuari garrantzia emanda, material mistoarekin ariko dira emakumezkoak.
Iaz bezala, hemeretzi jaialdi izango ditu aurtengo txapelketak ere. “Eta azpimarratzekoa da parte hartuko duten pilotarien maila”, zehaztu du Oterminek. “Oso pilotari politak etorriko dira aurten: Eneko Labaka, Iñigo Bikuña, Ioritz Egiguren, Beñat Garmendia, Peru Labaka…”. Afizionatu mailako pilotari ezagun asko izango dira Antiguan, baina baita ezezagunagoak direnak ere. “Alde horretatik, badakit jendeak ilusio handia daukala, adibidez, Oliden oriotarra ikusteko, eta lehian izango da Elola bidaniarra ere. Pilotari ezagunen eta ezezagunen arteko oreka horri esker izango da erakargarria aurtengo txapelketa”. 40 pilotari daude izena emanda: gizonezkoen kasuan, nagusietan, hamasei, eta promesa mailan, beste hainbeste; eta emakumezkoetan, nagusi mailan, zortzi. “Eskuetako arazoak, zaintiratuak, giharretako arazoak eta gainerakoak tarteko, ordea, 50etik gora izango dira azkenerako, eta kontu serioak dira horiek”.
Historian atzera eginda eta urtez urteko datuak pilatuta, Oterminek jakinarazi duenez, 1943tik 4.200 pilotari inguru igaro dira jada Antiguako Txapelketatik. Beste hainbat gauzarekin gertatzen den bezala, “afari giroan” gorpuztutako txapelketa da Antiguakoa. “Kontuan eduki behar da gerraostean sortutako txapelketa dela hau. Badaude 1941ean hasi zela dioten dokumentuak, baina 1943an ekin zioten bideari ofizialki, Elizaren anparoan”. Garai hartan, Gipuzkoan, “Luistarren txapelketak” jokatzen zituztela azaldu du Oterminek. “Eta horien guztien aitzindari modukoa izan zen Antiguakoa. 1944-1945ean hasi ziren Usurbilen, Hernanin, Igeldon…; 1947an Amezketan… Horregatik, Antiguan legoke gerraondoko afizionatu mailako pilotaren abiapuntua”.
Antiguatarren ekarpena
Urtez urte egitura indartuta, antiguatarrek txapelketa euren sentitzen dutela uste du Oterminek. “Eta hori da aurrera egin izanaren sekretuetako bat. Asko laguntzen dute egunerokoan, badakitelako udako hemeretzi pilota jaialdi horiena dela Antiguaren ezaugarri berezienetako bat”. Oterminek gaineratu du auzoan “betidanik” egon izan dela pilotarako afizio handia. “Ez da kanpotik ekarritako zerbait. Pentsa, 1893an hasi ziren auzorako pilotaleku eske, eta 1905ean izan zuten, lehenengoz, frontis bat. Antiguatarren artean oso iltzatuta dago pilotarekiko zaletasuna”.
Udan pilota jaialdi asko izaten da batean eta bestean. “Eta txapelketa honek jakin izan du asteburuetako betealdi horiek saihesten, lehiakortasun horri iskin egiten”. Oterminek azpimarratu du asteburuetan “betidanik” egon izan dela pilota eskaintza zabala. “Eta txapelketa hau horregatik jokatzen da astegunetan. Finalak bakarrik jokatzen dira asteburuetan”. Arrakastarako sekretu bila hasita, auzotar askok “gogotik” lan egin dutela gaineratu du antolatzaile taldeko kideak. “Oso jende pilotazalea egon izan da urte batzuetan: Txutxin Balda, Fermin Eraunzetamurgil… Afariekin-eta, pilotariak asko mimatu izan dituzte, gainera, eta horrek guztiak igurtzi berezia eman izan dio txapelketari”.
Izar askoren plaza
Hasiera-hasieratik, puntako pilotari askoren pilotaleku kutuna izan da Antiguakoa. “Hemendik pasatutakoak dira Miguel Soroa, Hilario Azkarate, Joxean Tolosa, Iker Irribarria, Mikel Urrutikoetxea, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Jokin Altuna… Uste dut Oinatz Bengoetxea dela azken urteotako txapeldunen artean Antiguan jokatu ez duen bakarra. Horregatik, pilotazaleak badaki, oro har, ikuskizun polita izango duela pilotalekuan”. Urte askoan etorkizuneko izarren erakusleiho izan da Antiguako Txapelketa, eta horrek ere laguntzen du pilotalekua zalez betetzen.
70 urteko ibilia osatuta, Oterminen hitzetan etorkizunerako erronka argia dauka txapelketak: “Antolakuntza taldean belaunaldi aldaketa bermatzea. Ezinbestekoa da gazteak inguratzea, gainerakoan bukatu egingo delako orain arte egin dugun bide oparo hau”. Auzoak ondo erantzuten duela onartu du antolatzaile taldeko kideak. “Pilotariak ere badaude, erakundeek eta enpresa pribatu batzuek oraindik ere estimatzen dute pilota, eta handik eta hemendik osatzen dugu aurrekontua. Baina ezinbestekoa da gazteek lekukoa hartzea, urteetan aurrera goazelako gehienok”. Arazoa “serioa” dela azpimarratu du. “Tako berriak behar ditugu 70. tantotik aurrera egiteko”.
Leave a Reply