Eider Goenaga Lizaso
Txuri-urdina alde batera utzi, eta zuri-gorria ohiko kolore bihurtzen da Donostian uztailaren 6tik 14ra. Donostiar eta gipuzkoar asko joaten dira Iruñera, baina sanferminen tiradizoak erakarritako turistak gehitu behar zaizkie horiei. Txukun-txukun, goitik behera zuriz jantzita, eta zapi gorria lepoan dutela ateratzen dira hotel, pentsio eta abarretatik. Horrelakoetan jartzen dute euren kanpaleku nagusia; baina jomuga, 8.000 metroko menditzar baten puntan jarri beharrean, Donostiatik 80 kilometrora jartzen dute: Iruñean. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek esandakoaren arabera, San Fermin jaiak uda sasoiaren “irteera seinale” izan dira urte askotan.
“Gipuzkoako, eta, batez ere, Donostiako ostalarientzat, sanferminek eragin handia izan dute beti, hori ezin da ukatu. Eta Donostiatik kanpo ere antzematen da. Datuen zenbaketa zehatzik ez dugu egiten, baina argi dago, batez ere ostatu hartzeari dagokionez, nabarmena dela eragina. Jatetxeetan txikiagoa da”, azaldu du Martinezek.
Eragin horren adibide da, egunotan, Fermin Kalbeton kaleko Hostel San Fermin pentsioa. 60 ohe ditu, literak dira, eta egunotan dena beteta dagoela azaldu du Maitane Uzkudun bertako langileak. “Momentu honetan bete-beteta daukagu, eta behin sanferminez geroztik, normalean, berdin jarraitzen dugu”. Eurentzat ere uda garaiaren hasiera San Fermin bezperako txupinazoak ematen duela berretsi du Uzkudunek.
Kanpinetan, aldaketa
Zarauzko eta Igeldoko kanpinak ere hainbat urtez izan dira sanferminetara joaten ziren turisten kokaleku. Baina hori aldatu egin da azken bizpahiru urteetan. Agentzia baten bidez, gazte andana etortzen zen bi toki horietara. Kanpadenda mordo bat bata bestearen ondoan jarri, gazteentzako otorduak eta edariak prestatu, Iruñera joateko autobusak antolatu… “Batez ere australiarrak etortzen ziren horrela”, azaldu du Oskar Arana Igeldoko kanpineko kudeatzaileak, “baina badira bi-hiru urte ez direla etortzen”.
Kanpinera lasaitasun bila etortzen direnen eta sanferminetarako etortzen zirenen artean talka izaten zela aitortu du Aranak, eta zenbait arazo izan zituztela horrekin. “Ez hainbeste agentzia bidez etortzen zirenekin; izan zen talderen bat arazoak sortu zituena, baina horiek, normalki, arauak izaten zituzten, eta nahiko zintzo ibiltzen ziren. Baina baziren Londrestik alokatutako furgonetetan etortzen ziren talde txikiago batzuk, eta horiekin izan genituen arazoak”. Aranak uste du agentzia horiek Nafarroan aritzen direla orain, Iruñe inguruko kanpinetara joaten direla.
Zarauzko kanpinean, egunotan, hogei bat australiar daude. Baina, kanpinetik azaldu dutenez, beren kabuz etorritakoak dira; baten bat joan da sanferminetara, baina beraien helburu bakarra ez da izaten Iruñera joatea, beste opor mota bat egitera etortzen dira. Zarauzko kanpinean 2016an antolatu zuten, azkenekoz, agentzia bidez etorritako turisten kanpalekua.
Hostel San Fermin pentsioan ere hartzen zuten ostatu agentzia bidez etorritako gazte taldeek. “Baina jada ez dugu horrela lan egiten. Oraingoak euren kabuz etortzen dira, eta euren kabuz joaten dira Iruñera”. Asko australiarrak direla esan du Uzkudunek, baita mexikarrak ere. “Hiru edo lau egun egiten dituzte hemen, eta, normalki, bidaia luzeago baten parte izaten da hemengo egonaldia; bi hilabeteko bidaia bat egiten ari dira batzuk, eta luzeagoak ere bai. Agian Bartzelonan egon dira aurretik, eta gero Bilbora joango dira, edo Europa aldera… Hona etortzen direnean, aukera aprobetxatzen dute sanferminetara joateko, baina, normalki, ez dira horretarako bakarrik etortzen honaino”.
San Fermin pentsioan gehienetan gazteek hartzen dute ostatu; batez beste 25 urte izaten dituztela argitu du Uzkudunek. “Erreserbak ez dituzte denbora askorekin egiten; online egiteak ahalbidetzen die aurrerapen handiz ibili behar ez izatea. Baina egia da hemendik aurrera eta abuztu osoan ia beteta egoten garela”.
Sanferminetarako mugitzen diren turista gehienak maila ekonomiko ertain edo ertain-altukoak direla esan du Martinezek. “Badago joera pentsatzeko behe mailako turismoa dela, baina ez da horrela. Behe mailako turismoak gehiago jotzen du Iruñera, Iruñe ingurura, hango kanpinetara… Donostiara etortzen direnek beste mota bateko egonaldia bilatzen dute. Iruñera joaten dira, egunez edo gauez, baina gero egonaldi lasai bat egin nahi izaten dute, eguna lasai pasatu, hemen inguruan mugitu”. Turista horiek, normalean, gaua pasatzeko ostatua hartzen dute Donostian, eta gosaldu ere bertan egiten dute, Iruñera joan aurretik. Beste otordu gehienak han egiten dituzte, baina zenbaitetan Donostian ere bai.
Bi bisitari mota bereizi ditu Martinezek: “Egun batzuk pasatzera etortzen dira batzuk; hiriburua ezagutu, beste toki batzuetara joan, eta, horien artean, Iruñea gertu dagoenez, egun batean edo pare batean hara joateko aprobetxatzen dute. Beste batzuk badira Donostiara etortzen direnak Iruñera joateko kanpaleku nagusia hemen ezartzera”.
Atzerritik datozen turistentzat Donostia eta Iruñea arteko 80 kilometroko distantzia oso motza dela gaineratu du. “Donostiara etortzeko 10.000 kilometro egin dituen batentzat, Australiatik, Kanadatik, AEBetatik, Argentina edo Mexikotik etorri den batentzat, zer dira, bada, 80 kilometro?”. Herrialde horietan hainbatek distantzia hori egunero egin behar izaten dutela nabarmendu du, lanera joateko.
Futbola, gainetik
Sanferminen eragina, baina, ez da lehen izaten zena, Ostalarien Elkarteko idazkariak esandakoaren arabera. Kanpinetan desagertu egin dira talde handiak, eta ostalaritzan ere azken bi urteetan beherakada antzeman dutela azaldu du Martinezek. “Dena den, Donosti Cup daukagu orain, eta pisu handia hartzen ari da. Behe mailako turismo gisa hartu izan da, baina ez da horrela; aurten, adibidez, 60 talde etorri dira AEBetatik, 12-14 neska-mutilekoak, euren entrenatzaileekin, askotan gurasoekin. Bidaia antolatuetan etorri dira, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaia bisitatzeko baliatu dute, eta Europan zehar jarraituko dute bidaian. Beraz, turismo mota interesgarria da”. Igeldoko kanpinean ere izan dituzte Donosti Cupekoak hainbat egunez.
Badirudi, Donostiako eta lurralde osoko ostalaritzari dagokionez, zezenenaren gainetik jartzen ari dela baloiaren erakarmena; bost kontinenteetako 33 herrialdetako 623 talde etorri dira: 5.000 jokalari inguru, haien entrenatzaile eta prestatzaileak, eta, askotan, gurasoak ere bai. Jende asko, modu batera edo bestera ostatu hartzeko beharrean.
Leave a Reply