Unai Zubeldia
Tentsio handikoak” izan dira azken bi egunak. “Baina merezi izan du”. Gipuzkoako autobus zerbitzuetan azken unean patronalarekin akordioa lortuta, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek atzo eguerdian bertan behera utzi zuten gaurko, biharko, uztailaren 20rako eta 21erako deituta zeukaten greba. Ekainaren 8an ere lortu zuten aurreakordioa —greba deialdia eginda zeukaten ekainaren 19, 22 eta 25erako—, baina, “aurreakordioan adostutakoa bete gabe”, egoera okertu egin zen ondorengo bileretan. Atzoko adostasunarekin, ordea, oraingoz elkarri konfiantza ematea erabaki dute bi aldeek. Gipuzkoako 35 bat enpresatako 5.000 langile inguru zeuden deituta grebara, Lurraldebus, Ekialdebus, Dbus eta Pesakoak tartean.
Zerbitzu erregularrak egiten dituzten autobusetako gidariei dietak ordaintzea arautzen duen puntuak hautsi zuen ekainaren 8an adostu zuten akordiorako oinarria, eta atzo ere horixe izan zen eztabaidagai nagusia. Patronalak —Abitrans—ez zuen sinatu nahi puntu hori —eztabaida izan zuten patronala osatzen duten alde guztien artean—, eta sindikatuak ez zeuden prest amore emateko. “Zerbitzu berezietako gidariek bezala, dietak jasotzeko eskubidea daukate gidari horiek ere, eta hala ageri da ekainaren 8ko aurreakordioan. Baina patronalak azken hilabetean ez du bete orduan emandako hitza”, salatu zuen, atzoko bileraren aurretik, Ziortza Ameztoi LABeko ordezkariak —LABek dauka gehiengo sindikala, UGT, ELA eta CCOOren aurretik—. “Eta langileentzat marra gorri-gorria da dieten kontua”. Dieten kontuak, izatez, ez lukeela grebara joateko moduko gaia izan behar defendatu zuen Tomas Maestro UGTko ordezkariak, eta, azkenean, atzera egitea eta sindikatuen eskaerak onartzea erabaki du patronalak.
Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten uztailaren 4an Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpoaldean, Adostutakoa bete. Bidaiarien garraioa grebara lelopean. Sindikatuek orduan azaldu zutenez, aldundiak esleitzen ditu zerbitzu horiek guztiak. “Eta, horregatik, Abitransi eskatu egin beharko lioke gutxiengo batzuk betetzea”. Aldundiaren jarrera ere salatu dute tarte honetan.
Lan hitzarmena luzatuta
Arrastaka-arrastaka iritsi da egoera amildegiaren ertzera. Izan ere, 2014ra artekoa zen aurreko lan hitzarmena, hiru urtera arteko ultraaktibitatearekin, eta 2017ko abenduaren 31n zen amaitzekoa hitzarmenaren indarraldia. Horren jakitun, lan hitzarmen berria adostu nahian lanean hasi ziren 2017ko apirilean. Negoziazioak bide onetik zihoazela ikusita, 2017ko abenduaren 31tik 2018ko ekainaren 30era arte luzatzea adostu zuten urrian. “Baina azken orduko aitzakien, gaizki-ulertuen eta atzerapenen eraginez, lan hitzarmenik gabe gaude geunden oraindik”, zehaztu du LABeko ordezkariak. Hitzarmena adosten hasi beharko dute orain. “Egoera horretan Espainiako estatuko lan hitzarmenari heltzea erabaki zezaketelako enpresek”, gaineratu du Maestrek. Horrek kalte egingo ziekeen langileen lan baldintzei. “Nabarmen okerragoak ziratekeelako, oso kaltegarria”.
Ameztoik argitu duenez, 2018rako baldintzak soilik adostu zituzten ekainaren 8ko aurreakordioan. “Eta irailetik aurrera hitz egitekotan gelditu ginen 2019tik aurrerako lan hitzarmena zehazteko. Konpromiso hori hartu genuen”. Baldintza horietan, “ordura arteko lan hitzarmena gehiegi aldatuko ez zuen gutxiengo akordioa” lortu zuten bi aldeek. “Soldatak KPIaren araberakoak izatea; lanaldiak murriztea; linea baten adjudikazioa aldatuz gero, langileek beren postuari eutsiko diotela ziurtatzea; eta lan erreformaren aurkako klausula delakoa: ultraaktibitatea, batetik, eta ezarritakoa ez aplikatzeko enpresak zehaztutako klausula bertan behera uztea, bestetik”.
Sindikatuak “berehala” jabetu ziren, ordea, patronalak ez zeukala asmorik adostutako hura bere horretan errespetatzeko. “Ekainaren 8an aurreakordioa sinatuta, testua egokitzeko bilerei ekin genien segidan, baina patronala akordioa berriz negoziatzen hasi zen lehen bileratik bertatik. Txikikeriak ziren asko, baina aurreakordiotik kanpokoak”. Giroa gaiztotuz-gaiztotuz, hiru bilera egin zituzten ekaineko azken astean. “Eta ekainaren 30ean egoera erabat blokeatu zen dieten kontuarekin”. Espainiako Estatuko errealitatea azaleratu du Ameztoik egoeraren larritasuna azaltzeko. “Lan hitzarmen orokorraz gain, dieten kontuan sektoreko 52 hitzarmen daude guztira, eta Gipuzkoa da halakorik ez daukan probintzia bakarra, 1992tik; erabilera bereziko zerbitzu erregularra ageri da gure lan hitzarmenean, eta erabilera bereziko eranskin hori da arazoa”. Gipuzkoaren kasuan, horregatik gelditzen dira gidarietako batzuk dietarik jaso gabe.
Sindikatuak, bat eginda
Askotan ez bezala, negoziaketan adostasun zabala lortu dute sindikatuek. “Eta indarra eman digu horrek”. Ameztoik jakinarazi du “hasiera-hasieratik” euren artean ados egon direla gutxiengoetan akordioak lortzeko. “Ez dugu izan ika-mikarik. Oso argi daukagu lehentasunak zein diren”.
Hori bai, greba deialdiarekin bazeukaten desadostasunen bat edo beste. Berez, Dbus enpresari ere eragingo zion grebak, eta, adostasunaren aurretik, hala baieztatu zuen LABeko ordezkariak. “Egia da euren enpresa hitzarmena ere badaukatela, baina Gipuzkoako hitzarmenak eragiten die, eta eurentzat ere bada deialdia”. Donostiako autobusak kudeatzen dituen enpresak berak, ordea, ohar bat kaleratu zuen joan den ostiralean, gaurko eta biharko deituta zeuden greba deialdiek eurei ez ziela eragingo azalduz.
Akordioa “lehenbailehen” lortzeko itxaropena zeukaten sindikatuek, eta atzo eguerdian askatu zen korapiloa. “Erraza zen kontua. Bost minutu behar ziren sinatu eta gatazka saihesteko”. Ameztoik azaldu du patronalaren izenean abokatua eta enpresa gehienetako buruak joaten zirela lehen bileretara. “Baina abokatua bakarrik etorri izan da azkenekoetan”. Aukera eman arren, Ruiz Izagirre abokatu taldeak ez du adierazpenik egin nahi izan.
Akordiorik ezean, uda “beroa” espero zuten sindikatuek, baina atzo 14:45ean iritsi zen albistea: duela hilabete gertatu bezala, azken unean jarri dira ados bi aldeak. Azken hilabeteko egoera ez errepikatzeko, lan hitzarmena lantzen hasi beharko dute hurrengo egunetan.
Leave a Reply