Danel Agirre
Tonto-tonto, Vladimir Putin palmaresa egiten ari da: Munduko Kopa, Neguko Olinpiar Jokoak, Txetxeniako bigarren gerra, deskuidu antzean okupatu zuen beste penintsula hura, hainbat pozoidura bitxi, Siberian bular bistan kanaberarekin arrantzatutako 20 kiloko lutxo bat, Baltikoko gas pipeline berria, AEBetako bozak, procés-a… Zerrenda inprobisatua da, eta ofiziosoa zeharo, Wikipediak ez dizkiolako lorpen horietako batzuk aitortzen, besteak beste. Errusiako presidentearen jarraitzaileei horrek bost ordea: ez diote jainko txikiaren pasaporte biologikoari erreparatu ohi. Bere menderaezin aurak bilakatu du fenomeno global geldiezin. Agintari ofizioa ia kazetariarena bezain debaluatuta dagoen honetan, putinismoak puztu eta puztu segitzen du.
Kostako zaizu harena baino zalego transbertsalagorik topatzerik. Alemaniako kasua ezagutzen dut hurbilen. Sobietar Batasunak porrot egindakoan Berlinen geratzea erabaki zuten Armada Gorriko soldadu zaharrek debozioa diote. Eskuin muturrarentzat idolo ahobatezkoa da. Gerhard Schroeder kantziler ohi sozialdemokrata txotxongilo moduan darabil negozioetan. Ezkerreko buruzagi batzuen emarian bentrilokuoa balitz bezala menderatzen du. Errusiarekin pipertuarena egitera derrigortuta dago Angela Merkel, baina etsita behar du, kolore guztietako fan alemanak dituelako Putinek.
Oraindik orain nazioarteko moda txatxuenei immuneak ginen Euskal Herrian, baina defentsek behera egin digute nabarmen. Gero eta ezagun gehiago sumatzen ari naiz putinismoaren kalenturak jota. Ezker abertzalekoei ere larderiaren aurkako txertoa jartzea ahaztuko zitzaien aspaldi, adiskide ustezko progresistak bata bestearen atzetik kutsatzen ari zaizkidalako. Ezin esan harritu nauenik, egiari zor. Sukarrak eragindako delirioetan, mundu ez-librearen liderra modu subsidiarioan gurtzen dute lagun hatxeberoek. Desenkusekin eta zeharka, Putinen figura sendoa Bruselako burokrata jasanezinen kriptonita moduan aurkeztuta. Pasillo eta bulego gotortuetako zapokerien aurka egiteko, politikari molde bakarra Siberian bular bistan arrantzan aritzen diren matxoena balitz bezala.
Frantziak Munduko Kopa distira handirik gabe irabazi omen duela eta, atariko garaipen-zerrendari Urrezko Baloia ere erantsiko dio akaso Vladimir Putinek abenduan. Bere kotizazioa izan da azken asteetan benetako bultzada jaso duena, ez ezein aurrelarirena. Hooliganei eta oro har Fred Perry polodun kaskamotzei prestatutako markaketa estua goratu dute bere apologistek, batik bat. Donosti Cupa gobernatzen ikusi nahiko nuke nik ordea. Horixe bai delako benetako lehiaketa zakarra eta kontrolaezina, ez FIFAren festa aseptikoak bezala.
Zuk ere irakurriko zenuen —edo beharbada ez, horrelakoak kakaz beteta daukagun alfonbraren azpian ezkutatzeko dugun ohituragatik—. Ertzaintza dena emanda ibili da beste behin Gipuzkoako zelai batetik bestera, futbolari gazteen senide eta monitoreek piztutako kalapitak baretu nahian. Ahaztu Boca Juniorsen Bombonerako banda mafiosoak edo Serbiako Arkanen Tigreak. Gurasoak dira barra brava berriak. Eskolarteko partiden harmailetan botatzen zaizkio asteburuero erronka basatiak ordena publikoari, Ipuruan edo Anoetan bainoago. Hori ere moda globala eta geldiezina da, Alemaniako zapatu goizetan saskibaloi kantxetan egiaztatu ahal izan dudanez. Eta, desengaina zaitezen, ez da asmatu Putinik seme batekiko bere aitaren fanatismoa indargabetuko duenik.
Leave a Reply