Unai Zubeldia
Zazpi ontzi lehian, eta hirurentzat bakarrik tokia maila gorenean. Arraun denboraldi luze eta gogorraren ondoren, zazpi traineruk tentsio handiko asteburua izan zuten joan den asteburuan Portugaleten eta Bermeon, eta Gipuzkoako hiru traineru zeuden tartean: Hondarribia eta Donostiarra emakumezkoetan, eta San Juan gizonezkoetan. Elkarren arteko lehia izan zuten lehen biek —aise nagusitu zen Donostiarra—, eta Isuntza, Astillero, Meira eta Aresekin lehian aritu ziren pasaitarrak —lehen biak igo dira Eusko Label ligara—.
San Juan eta Hondarribia, denboraldi honetan maila gorenean aritu diren ontziak, bigarren mailara, eta ETE ligan aritu dena, Donostiarra, maila gorenera. Asteburuak hori utzi zuen uretan, eta lehorreko balorazioak egiteko garaia iritsi da jarraian. Urtero-urtero, bidegurutze arriskutsua izaten da kanporaketena, eta, gipuzkoarren artean, Donostia aldean bakarrik gelditu dira pozik. “Denboraldi hasieran helburua ez zen Euskotren ligara igotzea, ez genekiela zer-nolako maila emango genuen”, onartu du Alberto Lopez Donostiarra Kaiarribako presidenteak. “Ikastea zen erronka, baina Iñakik [Iñaki Mendizabal, entrenatzailea] etengabe esaten zigun ondo ikusten zuela taldea, azkar zebilela”. Kanporaketako bi estropadak irabazita eta Hondarribiari 33 segundo luze aterata, zoratzen dago presidentea. “Ezin dugu eskatu gehiago. Klub berria da gurea, eta zentzu guztietan ari da asko hazten”. Donostiarrak, denboraldi honetan, zazpi bandera eskuratu ditu ETE ligan, eta seigarren postuan amaitu zuen Kontxako Banderan.
Buruz buruko lehian bestela ezin, eta kolpea jasota gelditu dira Hondarribian. “Denboraldi hasieran helburua ez zen Euskotren ligan sartzea, eta egia da, agian, gure lekua ez dela hori; orekatuagoa da ETE liga”, aitortu du Iker Cortesek, Hondarribia taldeko prestatzaileak. Baina entrenatzaileak aitortu du inori ez zaiola gustatzen maila galtzea hiru onenen ondoan lehiatuta. Kontxako kanporaketan huts eginda, orduan bai, orduan kolpea hartu zuten hondarribiarrek. “Baina uste dut on egin zigula kolpe hark, horrela ez genuela ezer egingo konturatzeko balio izan zigulako. Entrenamendu onak egin ditugu azken asteotan, baina…”.
Baina horren ondoan jartzekoa da larunbatean Bermeon bizi behar izan zuten guztia. “Ez da aitzakia, baina arraunlari bat ondoezik sentitu zen estropada hasi baino bost minutu lehenago, eta beste batek ordezkatu behar izan zuen, beroketa lanik egin gabe”. Estatxa behar baino lehenago askatuta, hamar segundoko zigorra iritsi zen gero. “Eta bozgorailuetatik jakinarazi zuten, gainera. Zer-nolako gorputzaldia izango dute horrela arraunlariek?”.
Egindakoa eginda dago, ordea, eta, Cortesek azpimarratu duen moduan, lasaitu eta hausnartu egin beharra daukate orain. “Hurrengo urtean ETE ligan jarraitzeko gogoz nago ni”, adierazi du entrenatzaileak. “Eta taldearen oinarriari eusten saiatuko gara, noski”. Donostiarraren kasuan, “samurragoa” izango da egiturari eustea. “Eta, lehen hizketaldien ondoren, arraunlari gehienek jarraitzea espero dugu. Are gehiago, taldea pixka bat indartzen saiatuko gara”.
Hasterako, “kolpea”
Iristerik nahi ez zuten eguna iritsi zen asteburuan Pasai Donibanera. San Juanek bederatzi urte egin ditu maila gorenean. “Baina hutsune garrantzitsuak izan genituen iaz, eta berriz osatu behar izan genuen taldea, gazteei aukera emanda. Oso urte gogorra izan da”, aitortu du Xabier Arraras San Juan taldeko presidenteak. Kanporaketara “itxaropentsu” iritsi zen taldea. “Baina kolpea jaso genuen larunbatean bertan”. Oraindik ez dira hasi arraunlariekin hizketan, baina gazteenen alde lanean jarraituko dutela defendatu du Arrarasek. “Euren maila erakusteko irrikan daude arraunlari gazte guztiak, eta harro jarraituko dute lanean”.
Leave a Reply