Entzule izatetik aktibo izatera

Entzule izatetik aktibo izatera

Ariane Vierbücher

Konpromisoa, denbora, lanerako grina, ausardia, etorkizunean gizarte hobea edukitzeko borrokatzeko konstantzia edo iraunkortasuna, berdintasunaren balioen defentsa… Azken 25 urteotan, horiek guztiek eta beste hainbatek definitu dute Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkartea. 25 urte. Erraz esaten da, baina 25 urtek askorako eman dezakete batzuetan. Tarte horretan, asko aldatu dira gauzak berdintasunaren alorrean. Egia da hori. Baina beste hainbat alorretan baino motelago gertatzen ari da aldaketa. “Bai, hor dago Martxoaren 8a. Aldaketaren hasiera izan zen egun hura, baina zer egin dugu ondoren? Aurrerapausoak eman behar dira”, azaldu du Belen Balerdik.

Kimetz Emakumeen Elkarteko kidea da Balerdi, eta ederki ezagutzen ditu bai elkartearen eguneroko jarduna, bai feminismoak urteotan guztiotan eman dituen aurrepausoak ere. Elkartearen 25. urteurrena dela baliatuta, eta Martxoaren 8tik sei hilabete igaro diren honetan, Balerdi hizketan aritu da Kimetz elkarteari buruz zein feminismoaren ikuspegiari buruz, herrian bertan.

Denboran atzera eginda, elkarteko kideak kontatu du zer-nolakoa izan zen taldearen sorrera: “Emakumeentzako deialdi bat egin zuten udaletxetik, eta guk deialdi horri erantzun genion. Emakume talde bat sortu nahi genuen herrian, nahi genituen ekintzak edo ekitaldiak antolatzeko, eta guk geuk horiek prestatzeko gaitasuna izan genezan. Beti entzule izatetik aktibo izatera pasatzea zen erronka; guri interesatzen zitzaizkigun gaiak lantzea; emakumeen beharrak asetzea”. Balerdik azpimarratu du “beste garai batzuk” zirela ordukoak. “Egun, guztion ahotan dago feminismoa hitza. Garai hartan, ordea, jendea uxatu egiten zuen feminismoa hitza aipatze hutsak”.

Zortzi emakumek osatu zuten hasierako talde hura, eta 120 bat dira gaur egun. “Gogotsu ekin genion bideari, eta udalaren babesa genuen, gainera”. Baita gaur egun ere. “Herriko beste talde eragile bat da gurea, eta kontuan hartzen gaituzte herrian antolatzen dituzten ekintzetan. Guretzat oso garrantzitsua da hori. Emakumeontzat garrantzitsua da, baina baita gizarte osoarentzat ere”, argitu du Balerdik.

“Une hartan jaiotzen ari zen zerbait zelako” jarri zioten Kimetz izena elkarteari. “Martxoaren 8 batean egin genuen taldearen aurkezpena, eta poliki-poliki jarraitu dugu aurrera”, gogoratu du sorreratik taldeko partaide izan denak. Taldea sortutakoan, hasiera-hasieratik hasi ziren herrian hainbat ekintza antolatzen. “Herritarrek oso ondo erantzun zuten hasieratik, oso ondo. Hori bai, emakumeak etortzen ziren ia beti; hala izan da urte hauetan guztietan”.

Dena den, bada deigarria iruditzen zaion errealitate bat: “Guk antolatzen ditugun ekintza guztiak irekiak dira ; herritar guztientzat egiten dugu eskaintza”. Alegia, gizonezkoentzat ere badirela antolatzen dituzten ekintzak, elkartea emakumez osatua egon arren. “Baina oso gizonezko gutxik parte hartzen dute gero”. Adibide bat jarri du Balerdik: “Tertulia tailerra egiten dugu elkartean, eta sekula ez da etorri gizonezkorik”. Hori “nolabait” aldatu beharra dagoela gehitu du.

Literatura saioak, hitzaldiak, hizketaldiak, elkarretaratzeak eta beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Kimetzek urteotan guztiotan. “Baina gizonezkoentzat ez dira erakargarriak, antza”. Emakumeek gizarteari eskaintzen dioten guztia bistaratzea da taldearen helburuetako bat. “Eta, zeregin horretan, guztiz beharrezkoa da gizonezkoen babesa ere; sekula baino beharrezkoagoa”, azpimarratu du elkarteko kideak. Balerdiren ustez, emakumeek jasaten duten desberdintasun egoera ez da emakumeen arazoa bakarrik. “Gizonezkoena ere bada, eta orain behar-beharrezkoa da haiek ere ahotsa goratzea”.

Ordiziarra “oso pozik” dago Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartu zuen jende kopuruarekin, baina gerora giroa “epeldu” den ustea du. “Gainontzeko eskualde edota herri edo hiriburuetan bezala, Goierrin ere gizarteak aldaketarako duen beharra islatu zen egun hartan, zalantzarik gabe”. Kalera atera ziren emakumeak, baina baita gizonak ere. “Aldaketarako unea iritsi zela ikusi genuen egun horretan. Baina orain, zer?”, galdetu du jarraian. “Lanean jarraitu beharra daukagu. Egunero gogoratu behar diogu elkarri berdintasunak duen garrantzia. Eta ez gogoratu bakarrik, baita praktikan jarri ere”.

Hondarribira begira

Balerdiren ustez, ez da zilegi gaur egun oraindik emakume bati “haurdun gelditzeko asmoa duen edo ez” galdetzea lana lortzeko elkarrizketa batean. “Eta, batzuek sinisten ez badute ere, oraindik ere gertatzen dira horrelakoak”. Beste adibide bati helduta, Balerdi “izututa” dago joan den irailaren 8an Hondarribiko alardean gertatutakoarekin. “Ezin da sinetsi zer gertatu zen. Nola da posible hainbat eta hainbat herritarrek horrelako erantzuna izatea ekitaldi batean emakumeek parte hartze hutsagatik?”. Oraindik ere ikasteko eta egiteko asko dagoela uste du Balerdik. “Eta espero dut ondorengo belaunaldiak jabetuko direla honek guztiak duen garrantziaz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.