Gari Garaialde: “Konexioa toki guztietara irits dadin saiatuko gara”

Gari Garaialde: “Konexioa toki guztietara irits dadin saiatuko gara”

Eider Goenaga Lizaso

Sei lagunen artean jarri zuten martxan, iaz, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa. Gari Garaialde (Hondarribia, 1972) da horietako bat. Pozik dago orain arteko bidearekin. Proiektuagatik jende askok zoriondu dituela dio. Oraingoz, sakelako telefono linea eskaintzen dute, baina laster hasi nahi dute sarerako konexioa eskaintzen. Bizpahiru aste barru, bulegoa irekiko dute Irunen.

Motzean, zer da Izarkom?

Jendeak behar dituen telekomunikazio zerbitzuak beste modu batera eskaini nahi dituen proiektua. Enpresa bat gara, baina nahiago dugu proiektu gisa definitu. Azken finean, irabazi asmorik gabeko enpresa gara. Helburua da proiektuak irauteko behar duen diru sarrera lortzea, eta lortzen dugun edozein irabazi, baldin badago, joango da edo proiektua bera bultzatzera, edo ekonomia sozial eraldatzailean dauden beste proiektu batzuk laguntzera.

Noiz eta nola sortu zen proiektua martxan jartzeko asmoa?

Asier Garaialdek [Gariren anaiak] urteak zeramatzan Internet beste modu batera zabaltzeko modua bilatzen, eta Guifinet proiektua Euskal Herrira nola ekarri pentsatzen —Kataluniako herri txiki bateko nekazariei sarerako konexioa emateko xedez sortutako proiektua—. Bestalde, Bostok Photo dela tarteko, nik dezente sakondua nuen ekonomia sozial eta eraldatzailearen gaian. Horrez gain, Goiener sortu zen, eta bide bat erakutsi zigun horrek. Hiru ideia horiek nahastuta, duela hiru bat urte hasi ginen Izarkom sortzeko ideiari bueltaka, eta iazko udan erregistratu genuen enpresa gisa. Abenduan egin genuen aurkezpen publikoa.

Internet iristen ez den tokietara iristea da zuen helburu nagusia: baserriak, herri txikiak…

Nazio Batuen Erakundeak eskubide unibertsal gisa onartuta dauka Interneterako sarbidea, beste eskubide batzuetara heltzeko bidea delako Internet (hezkuntza, osasuna…). Hortik dator gure filosofia. Euskal Herrian haustura digitala ez dator ezintasun ekonomiko batetik; gure geografiaren eta orografiaren ondorioa da. Jende asko gelditu da kanpoan, operadoreek errentagarritasun irizpideekin zabaldu dutelako sarea. Eta gure premisa nagusia da hutsune hori betetzea; konexioa toki guztietara iristen dela bermatzen saiatu nahi dugu, eta saiatuko gara irits dadin.

Dena den, ez duzue Internet soilik eskaintzen.

Ez. Hori bada ere gure helburua; jendea ohituta dago dena pakete bakarrean jasotzera, eta guk ere paketea eskainiko dugu: telefono finkoa, sakelako telefonoa eta Interneterako sarbidea. Otsailean hasi ginen sakelako telefono lineak banatzen, eta oraintxe ia 300 banatuak ditugu.

Eta noiz hasiko zarete Internetekin? Zailtasun handiagoa du horrek?

Bai, zailtasunak ditugu. Batetik, jendeak uler dezan zein den gure lan egiteko modua; eta, bestetik, argi dago, hori bideragarri egiteko ere zailtasunak daudela. Lanean ari gara, lehenbailehen hasteko.

Zein da zuen lan egiteko modu hori?

Ondorengoa da orain arte ezagutzen duguna: operadore bakoitzak bere azpiegitura muntatu eta ordaintzen du, diru publikoaren laguntza handiarekin askotan, eta toki horietan ematen du zerbitzua. Baina errentagarritasuna duten tokietan soilik jartzen dira azpiegitura horiek. Eta gure planteamendua da azpiegitura partekatu bat eraikitzea, beste eragile batzuekin elkarlanean; batez ere, udalak ditugu buruan, haiek izaten baitute interes handien euren herritarrek zerbitzua izan dezaten. Ibili gara udalekin hartu-emanetan, eta interes handia agertu dute batzuek. Helburua da, udalekin eta beste eragile batzuekin batera, azpiegitura hori eraikitzea, eta azpiegitura erabilera librekoa eta irekia izatea.

Kooperatiba gisa sortu duzue Izarkom, eta kooperatibako kide egin behar da zuen zerbitzuak erabiltzeko. Nola?

Bai, guk nahi duguna da erabiltzaileek eskubidea izatea proiektuan kide izateko; denek ez dute nahiko, baina denek izango dute aukera. Interesa duen edonork gure Izarkom.eus webgunean aurkituko du informazio osoa, baita kide egiteko modua ere. Izarkomeko kapital sozialari 50 euroko ekarpena egin behar zaio kooperatibako kide egiteko, hala agintzen duelako kooperatiben legeak; Izarkomek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak erabil ditzakezu hori eginda.

“Ahalik eta preziorik justuena” eskainiko duzuela esan zenuten aurkezpenean…

Argi daukaguna da ez garela ibiliko bezeroak eskuratzeko eskaintza bereziak egiten, eta ez dakit zer oparitzen. Guk jarri dugu bidezkoa iruditzen zaigun prezio bat, eta erabiltzaileari bermatu nahi diogu horretan ez duela izango espero gabeko gorabeherarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.