Beñat Alberdi
Lekutan gelditzen dira 2001eko irailaren 11 eta Afganistango ondorengo inbasioa; eta lekutan 2004ko martxoaren 11 eta horren osteko Espainiako hauteskundeak. Hamar urte baino gehiago igaro dira, baina memorian iltzatuta gelditu dira data horiek. Ekintza horiek gogoratzeko, gizarteak bertsio komun bat dauka, zer gertatu zen azaltzeko nolabaiteko narratiba bat; norberarekin xehetasun guztiak kontuan hartuta, hurrengo belaunaldiei transmititzen zaie informazio hori guztia.
Hain zuzen ere, memoriaren hariari heldu dio Samara Velte kazetari eta EHUko doktoregaiak, euskal gatazka gaitzat hartuta. Veltek gatazka zuzenean bizi izan ez dutenak ikertu ditu Oñatin; hots, 2000 eta 2002 artean jaiotako gazteak. Zehazki, aztertu du gazte horiek nola kategorizatzen eta baloratzen dituzten gatazkaren historian zerikusia izan duten eragile nagusiak, zer kanaletatik jaso duten informazioa, eta non kokatzen duten euren burua.
Ikerketarako Oñati aukeratu izana berezia da, izatez ez daukalako lotura zuzenik euskal gatazkako gertaerekin. Horretan eragin zuzena izan du Oñatiko Udalak eta Nazioarteko Lege Soziologiako Institutuak eskainitako Grant bekak. Hala ere, zenbait ezaugarri ikerketarako baliagarriak dira, eta hala azaldu du Veltek ikerketan. Gipuzkoako hainbat herriren berdinak dira asko; gehiengo abertzalea daukan herria dela, esaterako. Horren erakusgarri da udaletxeko ordezkari guztiak bi alderdi abertzaletakoak izatea. Baditu, bestalde, berezi bihurtzen duten beste hainbat faktore: 1997koak dira herriko azken atxiloketak, eta ETAk 1998an eraso zion azkenekoz Guardia Zibilaren kuartelari, granadaz. 2000 eta 2002 artean jaio zirenek ezagutu ere ez zuten egin errealitate hori.
Dena den, ikerlariak ez du aztertu Oñati bakarrik euskal gatazkari buruzko ikerketa egiten ari delako. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena ibiliko da, bakoitzaren ezaugarri soziopolitikoak kontuan hartuta. Ez da kasualitate hutsa 2000 eta 2002 artean jaiotakoak aukeratu izana. Gatazka zuzenean ez bizitzeaz gain, gazte horiek aurten edo bi urteren buruan beteko dituzte 18 urte. “Ia belaunaldi oso bat hazi da, eta orain arte ez gara kezkatu transmisioaz”. ETAk 2009an egin zuen azken atentatua; 2006koa da, berriz, kalte larriak eragin zituen azkena, Madrilgo aireportuko T4 terminalekoa. “Gatazka osteko lehen belaunaldia da”.
Veltek argitu du bere lana ez dela izango gazteek uste dutenaren argazki orokor bat ateratzea. “Euskal Herriko gazte guztiak banan-banan elkarrizketatu beharko nituzke horretarako, eta ezinezkoa da hori”. Hizkuntza oinarri hartuta ari da aztertzen errealitatea. “Gazte horiek historia azaltzeko dauzkaten diskurtsoen sakoneko analisi linguistiko bat egingo dut”. Sakon elkarrizketatu du parte hartzaile bakoitza, diskurtsoa behar bezala jaso ahal izateko.
Pertsona bakoitzak hainbat estrategia linguistiko erabil ditzake historia bat kontatzean, eta narraziorako estrategiaren arabera ondoriozta daiteke pertsona bakoitzak gertaera horren inguruan daukan jarrera. “Atentatuaren eragin jakin bat onartzeko estrategia da esatea ‘atentatu baten biktima izan nintzen, baina ulertzen dut momentu horretan beharrezkoa zela'”, argitu du ikerlariak. “Eta berdin-berdina gertatzen da ‘biktima nintzen eta egoera hau ez da justua’ esatean. Beste modu bateko narratiba sortzeko estrategia da hori ere”.
Hitzak, jarreraren ispilu
Alde horretatik, Velteren hitzetan ez da berdina zerbait segurtasun osoz baieztatzea edo “uste dut” edo “kontatu didate” gisakoak erabiltzea. “Hizlariaren jarrera eta esaten duenarekiko ziurtasuna edo distantzia” azaltzen dute horrelakoek. Era berean, nabarmendu du pertsonek historiaren bertsiorik leunena kontatzen diotela beren buruari, “norbere sinesmen eta jarrerekin bat datorrena”. Informazioaren transmisio kanala zein den ere aztertu du ikerlariak; hau da, zer informazio iturritatik edan duten gazteek. Harago joanda, kanal bakoitzari nolako sinesgarritasuna eta balioa ematen dioten ere ikertu du; gurasoei, hezkuntzaren arloari edo komunikabideei, esaterako.
Veltek sei gazte elkarrizketatu ditu, hiru neska eta hiru mutil. Emaitza kuantitatiboa ez, kualitatiboa lortzea lehenetsi du, eta metodologiak ere lotura zuzena dauka helburuarekin. Gazteen buruko eskemetara iristeko erronka izaki, haien adierazpenetan eraginik ez izaten saiatu da. Egindako lana osatuta, Veltek berak asteartean aurkeztu zituen, Oñatin bertan. Gazteek gatazkaren ondorioak ezagutzen dituzten arren, ez dute uste eurei zuzenean eragiten dienik, eta belaunaldi zaharragoekin lotzen dituzte normalean. “Modu immaterialean” bizi dute gatazka, “sentimenduekin eta aurreiritziekin”. Horiek dira ondorioetako batzuk.
Veltek alde handia igarri du 1978 aurretik eta ostean jazotakoen artean. Gazteek segurtasun handiagoarekin hitz egiten dute diktadura amaitu aurreko ekintzei buruz, eta ikerlariak eskolan ikasitakoarekin lotu du segurtasun maila hori. Hau da, gazteek sinesgarritasun handiagoa ematen diote eskolan ikasitakoari etxean entzundakoari baino.
Leave a Reply