Aitziber Arzallus
Bukatu zen ETA, eta garai berri batean dago euskal gizartea, baina bada aurrerapausoak ematea galarazten duen zerbait: indarrean den espetxe politika. Hala uste dute presoek eta haien senideek. “ETAren bukaerarekin egoera ez da aldatu, okerrera egiteko ez bada”, dio Olatz San Josek (Donostia, 1979). Haren bikotekideak, Jon Troitiñok, hamahiru urte daramatza preso, azken zortziak Murtzian (Espainia), etxetik 850 kilometrora, eta Frantziako pare bat espetxetan ere egona da.
San Joseren uste berekoa da Alfonso Sebastian ere (Donostia, 1972): “Azken urteotan, hainbat espetxetan okerrera egin du euskal presoen egoerak; ziklo berriko dinamikak baliatzen ari dira min handiagoa eragiteko”. Sebastianek badaki zertaz ari den, apirilean atera baitzen kalera, hogei urte preso egin eta gero. Espainiako hainbat espetxetan egona da. “Carabanchel zaharrean sartu ninduten lehenengo; handik, Aranjuezera eraman ninduten, eta, gero, Badajozera. Han pasatu nuen zigorraren erdia, etxetik 800 kilometrora. Valladoliden egin nituen azken urteak”.
Egoera beti da gogorra presoentzat eta haien senideentzat, baina egoera hori are gogorragoa egiten du sakabanaketak; alegia, presoak etxetik ehunka kilometrora espetxeratuta egoteak. San Josek eta Troitiñok 3 urteko alaba bat dute, eta ama-alabek hilean behin 1.700 kilometro egin behar izaten dituzte senarrarekin eta aitarekin ordu batzuez egoteko. “Bisita dugun astea estresagarria izaten da, eta hurrengo astea, nekagarria. Astelehen horietan alaba ez dugu eramaten ikastolara, oso nekatuta egoten delako”, adierazi du San Josek. Hiru bisita mota izaten dituzte: bizikidetzakoa eta intimoa hilero, eta familiarra noizbehinka. “Lau ordukoa izaten da bizikidetzakoa, espetxe barruan dagoen parke batean, txirrista bat eta bi kulunpiorekin, Murtziako eguzki berotan. Hirurok egoten gara, eta oso polita izaten da, aita-alabak oso ondo moldatzen baitira. Familiarra ordu eta erdikoa izaten da, gela txiki batean. Noizbehinka egiten dugu hori, familia handia garenez beste senide batzuk joaten direlako batzuetan. Intimoa, berriz, ordu eta erdikoa izaten da, eta Jon eta biok bakarrik egoten gara”. Asteburu berean egiten dituzte bisita guztiak, hilean behin soilik joan behar izateko.
“Beti joaten gara autoz, hegazkina oso garesti ateratzen baita. Ostiralean ateratzen gara, laguntzen digun familiakoak edo lagunak lana bukatzen duen orduaren arabera. Teruelen edo Valentzian geratzen gara lotan, eta bi txandatan egiten dugu bidaia, oso astuna egiten baita bestela. Bueltakoa, aldiz, txanda bakarrean egiten dugu. 14:00etan ateratzen gara handik, eta gauean iristen gara”. Beti norbaitek laguntzen diola azaldu du. “Ezinezkoa litzateke alaba eta biok bakarrik joatea, bidaia luzea delako eta bisita intimoan alaba norbaitekin utzi behar izaten dudalako”.
San Josek asko eskertu du familiakoek eta lagunek ematen dieten era guztietako babesa. “Senideek eta lagunek asko laguntzen digute bisitak egiteko garaian, eta baita ekonomikoki ere. Jonen auzokoek, berriz, asko laguntzen digute unibertsitateko liburuekin-eta. Aipatzekoa da, era berean, alabaren irakasleak bisitan joaten direla eta hori oso garrantzitsua dela guretzat”. Nabarmendu du, gainera, Murtzian ere badela eurei laguntzeko prest dagoen jendea. “Hango lagun batzuen etxean lo egiten dugu, eta, edozer behar dugula, beti egoten dira prest guri laguntzeko”. San Joseri 400 euro inguru kostatzen zaio hilean behin Murtziara joan-etorria egitea.
Senideak presiobide
Senideak bisiten zain bizi badira, zer esanik ez presoak. Eta, hain zuzen horrexegatik, kartzelan daudenei mina eragiteko eta areagotzeko une horietxek baliatzen dituztela azaldu du Sebastianek. Espetxean igaro dituen hogei urteetan egoera desatsegin asko jasan behar izan dituzte haren senideek. “Badajozen, aurrez aurreko bisitak genituen egun batean, guardia zibilak gure senideei pasabidea egiten jarri ziren, iraintzen, eta arakatzeak egingo zizkietela esan zieten kartzelazainek, eskuekin ukituz”. Bisitari uko egingo ziotela erabaki zuten senideek, eta ez zirela sartuko. “Horren ondoren, barruan geundenok erabaki genuen gure senideen eskubideak bermatuta egon artean ez genuela aurrez aurreko bisitarik egingo, eta urtebete inguru igaro genuen aurrez aurreko bisitarik gabe. Pentsa horrek zer esan nahi duen, zure bikotekideari edo alabari ezin diozula musu bat eman urtebetez. Senideen duintasuna horren gainetik zegoela iruditzen zitzaigun, eta halaxe egin genuen”. Bestelako “probokazioak” ere jasan behar izan dituela azaldu du Sebastianek, “azken orduko aldaketengatik bisitak galtzea eta halakoak”.
Espetxean dagoenak, bere buruagatik baino gehiago, senideengatik sufritzen du, ziurtatu duenez. “Kezka sortzen du maite duzun edozein pertsonak bidaia bat egiteak, eta oso gogorra da bidaia hori zuregatik egiten ari direla pentsatzea. Azkenean, betikotu egiten da tentsio egoera hori. Ez gara makinak, denok ez gara berdinak, eta batzuei arazoak eragiten dizkie horrek, eta, luzera, osasun arazo larriak. Norberak eskuratu behar izaten ditu hori kudeatzeko tresnak, norberak ikasi behar du; jasangaitza egiten da bestela”.
Sebastianen hitzetan, “ikaragarria” da oro har senideei eta batez ere haurrei eta adinekoei pasarazten dietena. Alaba bat du berak, preso zela jaioa. “Nire bikotekidea, gaur egun nire emaztea dena, preso egon zen nirekin batera. Bananduta egon ginen hasieran, eta Badajozen ezkondu egin ginen, egoerak behartuta pixka bat, bisitak egin ahal izateko. Bikotekidea haurdun atera zen espetxetik, eta gaur egun 12 urte ditu gure alabak, 13 egiteko”. Alabaren jaiotza galdu zuen, eta baita lehen hilabeteak ere. “Preso egon nintzen urteetan, birritan ekarri ninduten Euskal Herrira; alaba ezagutzeko baimena eman zidatenean behin, eta atxilotu gintuzten guardia zibilak torturengatik epaitu zituztelako Langraizera eraman nindutenean bigarren aldian”. Alabarekin ordubetez egoteko aukera eman zioten, eta atzera, berriz, kartzelara.
Troitiñok ere alaba etxean ordubetez ikusteko aukera izan zuen, jaio eta hilabete ingurura. Baina ondorengo bisitetan kartzelazainek alabarekiko inolako begirunerik jabe jokatu izan dutela adierazi du San Josek. “Txiki-txikia zelarik, alaba motxila batekin sartzen uzteko eskatzen nuen, eta ezetz esaten zidaten. Jostailurik ere ezin izaten dugu sartu, ezta pilota txiki bat ere. Fardelak eramaten ahal genituen, baina eskuoihalak ere banan-banan ukitzen zituzten. Alaba esnarazi ere egin izan dute biberoia probatuarazteko, ziurtatu zezaten biberoiaren barrukoa esnea zela eta ez beste ezer”.
Baina, alaba ez ezik, amona ere bazuen Sebastianek. “Gaixotu egin zen, ezin zuen bidaiatu, eta, saiatu nintzen arren, ez zidaten utzi ikusten. Hamahiru urtean ez nuen ikusi, eta, azkenean, ni atera baino urtebete lehenago hil zen. Hiletara joateko baimena eskatu nuen, eta hori ere ukatu egin zidaten. Ezin izan nuen ikusi, eta ezta agurtu ere. Hori da espetxe politika honen oinarria: mendekua”.
Gutxieneko eskubideak
San Josek eta Sebastianek oso garbi dute: gatazka konpontzeko eta bizikidetzarako bidean urratsak egin nahi badira, ezinbestekoa da euskal presoen salbuespen egoera bukatzea, eta, horretarako, haien eskubideak errespetatzen direla bermatu behar da. “Gutxienez, etxetik gertu dauden espetxeetara ekarri behar dituzte presoak, eta gaixo daudenak askatu. Ez gara ari pribilegioak eskatzen; eskubideak errespeta ditzaten nahi dugu”.
Leave a Reply