Leire Narbaiza
Hau dek, hau dek umoria. Kontsolatzeko, kontsolatzeko euskaldun jendea!”. Halaxe amaitzen da euskal kantu ezagunenetakoa, umoreari erreferentzia eginda, kalean gora eta behera ibili ondoren. Denok irribarrea ahoan abesten dugu bukaera hori, parranda giroan kantatuz gero, behintzat.
Umorea hain gauza inportantea da, non euskaldun jende guztia kontsolatzeko balioko duen. Egia esatera, ez zait inoiz argi geratu kontsolamendu beharrean geunden euskaradunok, ala kontsolatzeko jenderik onena euskaldunak ote garen. Ez dakit. Kontua da umorea aitatzen dela abestian, umore ona eta dibertimentua.
Euskarazko abesti tradizionala izateak asko pozten nau; izan ere, askotan leporatu izan digute euskaldunoi serioak eta umore bakoak garela, barrerik egiten ez dugula. Egia da kalean betozko gehiago ikusten direla irribarreak baino, eta etengabe haserre eta muturtuta gaudela leporatzen digute, batez ere espainiarrek. Ez da gezurra motibo gutxi izan dugula barre egiteko; hala eta guztiz ere, irria beti egon da presente geurean. Esango nuke gu ezagutu barik egiten dutela berba, azalekoarekin baino ez direla geratzen, topiko eta estereotipoetan, alegia.
Kontuan hartzen baditugu guri buruz egindako umorezko film biak, grazia zipitzik ere ez dutela esan nezake. Espainiarrek Ocho apellidos vascos eta frantziarrek Mission Pays Basque egin dituzte. Barrea eragin beharrean, harridura eta espantua baino ez didate sortu. Aitortu behar dut bakarra ere ez dudala osorik ikusi. Ezin. Espainiarrak haserrea piztu zidan, eta frantziarrak… zer esan frantziarraz? Begiak talo eginda laga ninduen, nolabait esatearren. Euskal Herri kontinental desberdinak ezagutu ditugu film egileak eta nik, itzela begitandu zitzaidan. Norbaitek esango du pelikulak egin zituztenek karikaturizatu egiten dutela gure izaera. Baina karikaturek pertsonek duten ageriko ezaugarri bat hartu, nabarmendu eta esajeratu egiten dute. Zer gertatzen da, baina, ezaugarri nabarmendu hori existitzen ez denean? Edo ezaugarri hori bihurritu eta manipulatu egiten denean? Ez dela karikatura, fikzioa baizik.
Baina jo dezagun film horietan agertutako estereotipoak benetakoak direla; beste batek egindako ustezko umore horrek grazia egin behar digu? Gustuko izan behar dugu? Pelikulek barrea eragin ezean, umore gabekoak gara? Ozpindu kuadrilla? Hori esaten digute, azken baten, geure buruari irri egin behar diogula jaurtitzen digutenean. Oso garrantzitsua omen delako hori. Baina justu kanpotik markatzen digute zeri egin behar diogun barre, eta hori ez da geure buruari egitea, beste batzuek agindutakoari obeditzea baizik. Ahalegin berezia egiten dute agindu horretan, setati samarrak dira eurek egiten ez dutena besteoi exijitzen.
Baina umoretsua izateko modu bakarra dago, ala? Denoi gauza berberek egin behar ote digute grazia? Inori esan ahal zaio zerekin barre egin? Ala bezatu nahi gaituztenek halakoak esanda barregarri laga nahi gaituzte, nabarmen denen aurrean?
Euskaraz ez dakitenez, ezin ikasi kalean gora umorez bete (eta kontsola) genezakeela euskaldun jende guztia.
Leave a Reply