Eskutik helduta, indartuta

Eskutik helduta, indartuta

Unai Zubeldia

Espazioa behar dugu bezeroei beharrezkoa den kalitatea eskaintzeko”. Urtez urte euren proiektuak sendotuta, oinarrian bat egin dute Elkar eta Gureak taldeek, eta 2020. urterako biek ala biek Donostiatik Usurbilera lekualdatuko dute euren egoitza nagusia. Michelin fabrikak dagoeneko erabiltzen ez duen lurzoru bat erosi, eta, 40 milioi euro inguruko inbertsioa eginda, bi enpresei “etorkizuneko erronkei erantzuten” lagunduko die gune berriak. 45.562 metro koadroko eremua da, eta 600-700 langile ariko dira lanean espazio horretan.

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak joan den asteko hitzarmen ekitaldian azaldu zuenez, “espazio hutsak edo degradatuak berrerabiltzea” da udalaren erronketako bat. “Eta hirigintza ez-espekulatiboan urratsak egitea”. Usurbilgo Udala bera, Elkar, Gureak eta Michelin horregatik izan dira bidelagun azken hilabeteotan. “Zinez aberatsa eta emankorra izan da prozesua”.

Esparru erabat desberdinetako taldeak dira Elkar eta Gureak. Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak zehaztu duen moduan, “hainbat arlotan euskara eta euskal kultura bultzatzea” da Elkar taldearen misioa. Gureak taldeak, berriz, ahalmen desgaitasunen bat daukatenei eta, bereziki, adimen desgaitasunen bat daukatenei egokitutako lan aukera egonkorrak sortzen eta kudeatzen laguntzen du, industriaren, zerbitzuen eta marketinaren sektoreetan, bereziki. Alkortak azaldu duenez, Gipuzkoa osora zabalduta daukate euren lan sarea —Candy enpresa zenaren lurrak erosita, Bergaran daukate bigarren gune nagusia, automozio alorrekoa—. “Eta urtero berrehun bat lanpostu sortzen ari gara azken urteotan, industria arloari ematen dizkiogun zerbitzuei lotuta, batez ere”. Eta, hain zuzen ere, hazkunde horretan ezinbestekoa zuten gune handi eta erosoago baterako pausoa ematea. “Lasarte-Oriako tailerra daukagu egoera kaskarrenean; 170 bat lagun aritzen dira lanean bertan, eta hori hobetu beharra geneukala ikusi genuen”.

Etorkizuneko proiektua sendotzeko etengabeko erronka horretan murgilduta, antzeko argazkia atera du Sorsek ere: “Gaur egun badauzkagu metroak, gaitasun hori badaukagu, baina zahar antzekoak dira gure eraikin gehienak; ez daukate, adibidez, gaur egun paletizaziorako eta robotizaziorako beharrezkoa den baliabiderik”. Gureak taldearekin elkarlanean, Elkarri ere behar horri tiraka sortu zitzaion Michelinen lurrak erosteko aukera.

Euskara eta euskal kultura bultzatzeko misioari helduta, eta merkatua bera eta kontsumo ohiturak aldatzen ari direla kontuan hartuta, “beste esparru batzuetan” lan egin beharra daukatela azpimarratu du Sorsek. “Eta ildo horretan hasi ginen inbertsioak egiten Espainiako Estatuan. Etorkizunean bizpahiru banatzaile izango dira erreferentzia Espainiako estatuan, eta horrek erabat aldatuko du jokalekua; kanpoko inbertsioak mantentzea eta hemengo lanpostuak eta jarduerak sendotzea da erronka”. Alde horretatik, “sinergia probetxamendua” egin beharra daukatela gaineratu du Elkar fundazioko lehendakariak. “Gaur egun banaketa lanetarako barreiatuta dauden guneak bateratu beharra daukagu horretarako, eta garrantzitsua da dauzkagun argitaletxe guztiek leku berean lan egitea”. Usurbilgo proiektua garatzen dutenean, bertatik egingo dituzte administrazio lanak ere.

Merkatuaren aldaketei adi

Behin Michelinen lurrak erdi bana erosita, bere proiektua garatuko du enpresa bakoitzak. 25 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Gureak taldeak, eta lau eraikin sortuko ditu. Batetik, gaur egun Lasarte-Oriako tailerreko lanak Usurbilera eramango ditu enpresak: automozio sektoreko kable instalazioen muntaketa, bereziki. “Eta, horrez gain, beste gune batzuetan banatuta dauzkagun tailerrak ere eraikin berri hauetara eramango ditugu: elektronika arloa, marketina… Indartu egingo dugu Gureak-ek Donostialdean daukan lan aukera”. Laurehun bat langile izango ditu Gureak taldeak Usurbilgo gune berrian. “Eta berriak izango dira horietatik ehun inguru”.

Elkarren kasuan, 15-17 milioi euroko inbertsioa egingo du gune berrian. “Robotizazioaren arabera, izan daiteke pixka bat gehiago ere; ikusiko dugu. Ondo pentsatuta emango dugu pauso bakoitza, negozioa arriskuan jarri gabe”. 180-200 langile inguru ariko dira lanean Usurbilgo eraikin berrian. “Nahiz eta gaur egun ere, momentu jakin batzuetan, testuliburuen edo Gabonen eraginez, 250 langile inguru ere izaten ditugun”. Gune berriarekin gaur egungo lanpostu horiek “bermatu” ahal izango dituztela azpimarratu du Sorsek. “Eta, bidea egin ahala, sortuko dira beste lanpostu batzuk ere”. Egitura oso-osoa aintzat hartuta, gaur egun 430-450 langile inguru dauzka Elkarrek. Iazko datuak aintzat hartuta, 127 milioi euro fakturatu zituen.

Elkarren balio jakin batzuei helduta lan egiten dutela esan du Sorsek: “Egitura propioa daukagu: ekoizpena, banaketa eta liburu dendak dauzkagu. Eta profesionaltasunez eta militantziaz lan egiten dugu”. Eguneroko jardunerako daukaten kultur independentzia ere azpimarratu du Elkar fundazioko lehendakariak. “Eta elkarlana, arlo soziala… horiek dira gure indarguneak”.

Etorkizunean, “ekonomiaren aldaketa guztietan mugitzen asmatzea” ezinbestekoa izango dela azpimarratu du Alkortak. “Automatizazioa, robotizazioa… Errealitate horretara egokituz, desgaitasunen bat daukatenei lan mundura jauzi egiten laguntzen jarraituko dugu guk”. Lan munduko aldaketak aldaketa, “euskara eta euskal kultura oinarri hartuta” jarraituko du lanean Elkarrek ere. “Zerbitzu ona emanez, erreferentzia izaten jarraitzea da gure erronka”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.