Eider Goenaga Lizaso
Honelakoa da gure lan egun baten hasiera. 08:00etan sartu, eta gaueko gertakarien partea ikusi ostean hasten gara lanean, 08:10ean. Dagokigun solairura igo, gela batera joan, atea jo, eta sartu egiten gara. ‘Egun on! Zer moduz zaude?’, pertsianak igo, erabiltzailea esnatu, oheko barra jaitsi, bainurako eserlekuan eseri, dutxatu, lehortu, azala hidratatu, jantzi, orraztu, bizarra egin behar bazaio bizarra egin, ordezko hortzak ipini, kolonia bota, eta gosaltzera eramaten dugu. 09:30ean gosariak hasi arte, sei bider egiten dugu gauza bera”. Ana Sastrek hogei urte daramatza sektorean lanean; bere lantokian, Txara II egoitzan (Donostia), egunaren hasiera horrelakoa dela kontatu du.
“Pertsonak dira, ez torlojuak, baina exijitzen digute bakoitzarekin gehienez hamabost minutu egotea. Eta ez zaitez minutu bat pasatu, berehala kargu hartzen dizute eta. Airean ibiltzen ditugu. Horrela ezin zaio eskaini adineko pertsona bati merezi duen arreta eta goxotasuna”, gehitu du Aitziber Aranberri Aristik. Sastre bezala, erizain laguntzailea da Aranberri. Villa Sacramenton (Donostia) egiten du lan, eta hamabi urte daramatza lanean. Adinekoekin lan egitea gustuko dute biek, baina baldintzak ez direla batere egokiak salatu dute. “Protokolo pila bat dugu, mugikortasunik gabeko erabiltzaileak mugitzeko, gorputz jarrera aldaketak egiteko… Baina erlojuaren kontra aritzen gara lanean, eta, askotan, ezin ditugu bete protokoloak”. Zentro ezberdinetan lan egin arren, Sastrek hori kontatzen duen bitartean buruarekin baietz egiten du Aranberrik. “Are gehiago, erabiltzaileek askotan eskatzen digute arreta gehiago; berriketa pixka bat behar dute. Baina ez dugu denborarik, benetan, ezin diegu eskaini eskatzen dutena”, gehitu du.
“Hau ez da kalitatezko zaintza”. Behin eta berriro errepikatu dute erizain laguntzaile biek esaldi bera. “Eta hori da gure borrokaren arrazoi nagusia. Arrazoi ekonomikoak ere badira, baita ordutegi eta egutegiei buruzkoak ere, baina kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea da gure helburu nagusia, erabiltzaileei merezi duten zaintza ematea. Beraien azken urteak, azken egunak igarotzen dituzte zahar etxean, eta oinarrizko behar guztiak beteak dituzte, baina zoriontsu izatea ere merezi dute. Orain, erabat estresatuta ditugu, dena presaka egin behar delako”, esan du Aranberrik.
Aldundia erantzule
Enpresa pribatuek kudeatzen dituzte Gipuzkoako zahar etxe gehienak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker funtzionatzen dute. Foru aldundiak jartzen du dirua, baina, Sastrek dioenez, baita enpresek bete beharreko gutxieneko baldintzak ere: “Aldundiaren esku dago enpresen betebeharrak aldatzea, beste ratio batzuk zehaztea, langile gehiago kontratatzea. Horregatik, aldundiari egiten diogu guk deia, berak erabaki behar baitu zein den eskaini nahi duen kalitatea. Noski, inbertsio handiagoa egin behar du horretarako”.
Langileak haserre daude aldundiaren erantzunik ezarekin. Sastrek dioenez, ez diete ez harrerarik egin, ez zuzenean entzun. “Gutxieneko baldintzak ezarri, eta horretarako diru bat ematen du diputazioak. Hortik aurrera, ezer ez; ez du egiten zerbitzuaren kontrolik. ‘Emazkidazu ratioak betetzen dituzuela dioten agiriak, eta kito’. Minimoak betetzen direla bermatzen badute, enpresek nahi dutena egin dezakete”.
Kudeaketa pribatuko zentroen eta diputazioaren menpekoen arteko diferentzia nabarmendu du Aranberrik. “Baldintzak ezin dira konparatu; eta ez soilik soldatetan, baizik eta ratioetan. Hori da larriena. Alegia, ratio egokia aldundiaren egoitzetakoa baldin bada, guk ere ratio bera eduki beharko genuke, ezta? Eta horren eragina, guk bai, baina batik bat erabiltzaileek sufritzen dute”.
Izan ere, zahar etxeetako arazo gehienen konponbidea berbera dela diote Sastrek zein Aranberrik. “Ratioak handitu. Horrekin, gure eskakizun gehienei erantzungo litzaieke, eta benetan kalitatezko zerbitzua eman”. Izan ere, Sastrek dioenez, zahar etxeetako langile gehienak sutan jartzen dira agintari politikoek kalitatezko zaintzari buruz hitz egiten dutenean. “Zahar etxeei buruz hitz egiten dutenean kalitate hitza ezabatu egin beharko lukete beraien hiztegitik. Jar daitezela, benetan, kalitatezko zerbitzu baten alde lanean”.
Zahar etxeetako lan eta bizi baldintzak azaleratzea, beste irtenbiderik ez dutela gaineratu du Sastrek: “Jendeak jakin behar du nola egiten dugun lan, zein den egoera senideen bisita orduetatik kanpora, eta hori ez da sekula ikusten edo erakusten. Agian, gizarteak hori ikusten badu, presio egitea lortuko dugu”.
Oherako ordua
Zahar etxeetako lanegun batean hiru unek eragiten dute mugimendu eta lan gehien: esnatzeko orduak; bazkalorduak eta bazkalosteak; eta oheratzeko momentuak. Ordu horietan errefortzuak egoten direla azaldu du Aranberrik, eta horrek lan ordutegietan eragin handia duela. “Askotan, egunean bi bider joan behar izaten dugu lanera, eta, zenbait lekutan, badaude egunean hiru bider joaten direnak ere”.
Errefortzuak egon arren, lanean ari den langile kopurua beti eskas izaten dela azaldu du Aranberrik, eta horrek baldintzatzen duela zahar etxearen martxa guztia. “Gure zentroan, adibidez, siestan sartzea eta esnatzea bi txanda ezberdinek egiten dute. 15:00etara artekoek sartzen dituzte siestan, eta azkena 14:55ean oheratzen dute. 15:00etan, arratsaldeko txandakoak hasten dira, eta erabiltzaileak esnatzen hasten dira. Beraz, gerta liteke pertsona bat hamabost minuturako oheratu izana, eta gerta liteke pertsona hori derrigortu izana siestan sartzera, ordu laurden barru esnarazteko”. Oheratzeko unea goizekoaren antzekoa izaten dela azaldu dute bi langileek, korrika ibiltzen direla berriro langileak ordutegiak betetzeko.
Erabiltzaileek ohean egiten duten ordu kopuruekin oso kritiko agertu dira. “Gu 19:30ean hasten gara oheratzeekin. Kontuan izan, hurrengo goizean 08:00etan hasten garela esnatzen, eta 09:30 arte ez dela gosaria ematen. Pentsa zenbat ordu egin behar dituzten ohean; hamabi ordutik gora egoten dira”. Ohean hainbeste ordu egiteak ere ratioekin eta langile kopuruarekin lotura zuzena duela azaldu du Aranberrik. “Ratioak handiagoak balira, ez legoke arazorik oheratzeak atzeratzeko”.
Eta egunez ratioak motz gelditzen badira, gauez zer esanik ez. “Bi erizain laguntzaile gaude 95 erabiltzailerentzat”, dio Sastrek. “Gurean, biren artean 140 artatzen ditugu; beste bat jarriko dutela esaten digute, baina, oraingoz, ezer ez”. Gauetan, hiru bider igarotzen dituzte gela guztiak, eta hainbat lan egiten dituzte buelta bakoitzean: gorputz jarrerak aldatu, diabetikoei jaten eman, fardelak aldatu… Txanda bat amaitu, eta segidan hasten da hurrena. “Eta ez dadila inor gaixotu, edo, are okerrago, inor hil. Halakoetan, bi langileetako batek horren ardura hartu behar du, senideei deitu, haiekin egon… Ondorioz, lan guztiak bakarraren bizkar gelditzen dira”, argitu du Aranberrik. Eta gauean lo egin ezinda dauden erabiltzaileak, txirrina behin eta berriro jotzen dutenak, egarri direnak, fardela aldatzeko eskatzen dutenak eta ohetik jaiki eta bueltaka ibiltzen direnak gehitu behar zaizkio horri. “Gaueko txanda pila bat egiten dugu beraietako bat besotik helduta, gelaz gela”.
Lan polita dela, baina lan baldintzak oso gogorrak direla diote bi langileek. “Gutako asko txiki-txiki eginda gaude, eta adinarekin okerrera egiten du egoerak, oso lan fisikoa baita gurea. Gaixoaldi asko izaten dira sektorean”, azaldu du Sastrek. Eta alde psikologikoa gehitu behar zaio horri. “Profesional gisa, oso gaizki sentitzen zara, zuk zure aldetik eman dezakezun guztia eta gehiago eman arren bai baitakizu ez zarela behar bezala lanean ari”, esan du Aranberrik.
Gipuzkoan 5.000 langile inguru ari dira lanean zahar etxeetan, eta horietako gehienak —%95 inguru— emakumeak dira. “Zaintza den neurrian, sektore oso feminizatua da. Eta argi dago, hau gizonen lana balitz, munduko lanbiderik gogorrenetakoen artean egongo litzatekeela, eta, nola ez, askoz hobeto ordainduta”.
Sastrek eta Aranberrik, baina, ez dute amore emateko asmorik, borrokari eutsiko diotela diote. Joan den astean, hiru eguneko greban parte hartu zuten biek, eta urtea amaitu arte iragarrita dauden beste hamahiru greba egunetan ere izango direla ziurtatu dute. “Borrokatzea da gure irtenbide bakarra, eta amaierara arte borrokatuko gara”.
Leave a Reply