Unai Zubeldia
Bestelako zein ekintzak mugitzen ditu 20.000 donostiar?”. Biharamuneko bateko eta besteko kritika hotsez jabetuta, galdera horrekin egin du hausnarketa Jexux Olaziregi Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako idazkaritza taldeko kideak. “2.000 boluntario baino gehiago aritu dira lanean azken galdeketan, eta gipuzkoarrak ziren horietatik 1.600-1.800. Iritziak iritzi, Donostian, adibidez, 21.000 lagunek baino gehiagok eman zuten botoa herritarrek eurek antolatutako galdeketa batean”.
2014tik Gipuzkoako 84 udalerritako 122.617 herritarrek parte hartu dute estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketan; botoa eman zezaketen herritarren errolda hartuta, %20,85ek —588.210 lagunekoa zen errolda—. 88 galdeketa egin dituzte 84 udalerri horietan; izan ere, galdeketa euren kabuz egin zuten Igeldok, Itsasok, Itziarrek eta Zubietak. Gaur-gaurkoz, Aia, Hondarribia, Mendaro eta Urnieta daude galdeketa egin gabe, baina, oraingoz, ez daukate asmorik lau udalerri horietan pausoa emateko. “Oraingoz, amaitutzat ematen dugu galdeketen aroa”, azaldu du Olaziregik. “Erreferendum handi baterako baldintzak sortzen hasi behar dugu orain”. Alde horretatik, Gure Esku Dago-k 2019ko otsailaren 9an aurkeztuko ditu garatzen ari den barne prozesuaren ondorio nagusiak eta ardatz berriak.
Igandeko bi galdeketak hizketagai hartuta, “oso balorazio positiboa” egin du Olaziregik. “26.000 gipuzkoar gehiagok parte hartu dute prozesu honetan. Ariketa bat da hau, hurrengo faseetarako herritarrak prestatzeko ariketa”. Gure Esku Dago-ko idazkariak argi dauka “zenbaki hotzetatik harago” jarri behar dela fokua. “Galdeketetan parte hartu duten herritar horiek guztiak dagoeneko ahaldunduta daude horrelako prozesu bati aurre egiteko, eta, gure ustez, garrantzi handia dauka horrek”.
Joan den igandean, 21.021 herritarrek parte hartu zuten Donostiako galdeketan, donostiarren %13,1ek; eta 4.891 herritarrek Irunen, %9,15ek. Asier Etxenike soziologoaren esanetan, “nahi edo komeni den lekutik heltzeko aukera” ematen dute beti datuek. “Galdeketak galdeketaren testuinguruan soilik aztertuz gero, ulergarria da parte hartzea oso txikia izan dela esatea. Baina herri mugimendu batek antolatutako galdeketa da, eta gizarte mobilizazioaren esparruan kokatu behar da errealitate hori. Alde horretatik, oso kopuru handiez ari gara hizketan”.
Martxoaren 8ko adibidea
Kopuruen atzeko errealitateaz jabetze aldera, Etxenikek adibide bat jarri du mahai gainean: “Ez dakit zenbat jende mobilizatu zen Martxoaren 8ko greba feministaren harira; gehiago, agian. Baina manifestazioan ez dakit kopuru horietara iritsiko ziren, eta sekulako arrakastatzat hartu zen mobilizazioa. Horregatik diot mobilizazio gisa ulertuta, oso kopuru handiez ari garela hizketan”.
Azken lau urteotako galdeketen emaitzei helduta, herri bakoitzaren tamainak, izaerak eta biztanleen soziologiak eragin nabarmena izan dutela uste du Olaziregik. “10.000 biztanle inguruko herrietan nabarmen gelditu da hori; parte hartze handia izan da toki batzuetan, eta dezente txikiagoa beste batzuetan. Emaitza, beraz, ezin zaio leporatu udalerriaren tamainari bakarrik”. Adibide gisa, %39,37ko parte hartzea izan zen Azpeitian, %35,68koa Oñatin, %34,29koa Zumaian eta %29,46koa Bergaran; eta, beste muturrera joanda, %11,39koa Eibarren, %13,47koa Zumarragan, %14,81ekoa Lasarte-Orian, eta %15,51koa Errenterian.
“Horrelako galdeketa batean, herritarrengana iristea izaten da zailena, herritarrek galdeketa bat dagoela jakitea. Donostiaren kasuan, esaterako, guretzat oso zaila zen donostiar guztiek igandean galdeketa zegoela jakitea”. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan ateratako inkesta batera jo du Olaziregik hausnarketa hori indartzeko. “Inkesta horren arabera, biztanleen %25ek ez zekiten hauteskunderik zegoenik hauteskundeak egin baino bi aste lehenago. Gure baliabide urriekin, pentsa zein zaila den informatzea bera”. Alde horretatik, galdeketa bakoitzeko emaitzak emaitza, “aurreko hilabeteetako lanketa eta bidean sortu diren bestelako dinamikak” goratu ditu Gure Esku Dago-ko kideak.
Hori bai, Irungo emaitzak aztertuta bereziki, Gure Esku Dago mugimenduak erronka argi bat daukala uste du Etxenikek: “Argi gelditu da ia-ia independentistak bakarrik mobilizatu direla galdeketa honetan, eta ez dakit porrota den, baina gabezia hori, behintzat, eduki du”. Soziologoaren hitzetan, berez askoz jende gehiagok bat egiten du erabakitzeko eskubidearen esparruarekin. “Baina ekimen hauek ez dira gai izan horiek guztiak mobilizatzeko. Gure Esku Dago-k uste dut hor izan duela gabeziarik handiena. Sektore bat bakarrik mobilizatzen ari da; neurri handi batean, aurretik errealitate horrekin kontzientziatuta zegoen sektorea, gainera”.
Etxenikek azpimarratu du emaitza dena delakoa izanda ere batzuk “beti” saiatuko direla gutxiesten, “posizio borroka bat ere badelako azken finean, borroka politiko bat”. Eta gaineratu du Donostian eta Irunen galdeketak egitea “jauzi kualitatiboa” dela. “Eskema batzuk apurtu ziren galdeketa horiekin, beldur batzuei aurre egin zitzaien, herri mugimenduentzat oso inguru zailak direlako Donostia eta Irun, komunikabide nagusiena izaten delako jendearen informazio iturria. Hori kontuan hartuta, baloratzekoa da Donostiako emaitza”.
Kataluniako prozesuari gehiegi begiratzen ote dion, gizarteko esparru batek kritika hori egiten dio Gure Esku Dago-ri. “Eta, bai, begiratzen diogu”, onartu du Olaziregik. “Baina marko berbera daukagulako; eskubide zibil eta demokratikoak murriztuta dauden estatu baten barruan gaude bi herriak”. Onartu du lanketa desberdina daukala herri bakoitzak. “Baina marko berbera daukagu oinarrian”. Etxenikeren ustez, begiradaren araberakoa da interpretazioa. “Ez dut uste egokia denik Kataluniako eskema bere horretan errepikatzea. Duela bi urte baino gutxiago, Katalunian giroa bero-bero zegoenean, argi gelditu zen Euskal Herrian halako beldur edo errespetu bat zaiola gatazka giroari”.
Oinarri soziala handitzera
Euskal herritarrak “kontserbadoreagoak” direla uste du soziologoak. “Statu quo-a gehiago defendatzen dugu, ez dakit historiagatik edo berez, baina errealitate hori egon, badago”. Horregatik, Etxenikeren ustez, zentzuzkoagoa da Euskal Herrian eztabaida “beste klabe batzuetan” planteatzea.
Orain arte egindako lanketa kultura politikoan eragiten ari dela uste du Etxenikek. “Eta bozketen eraginez gatazkarik ez dela sortu, hori da erakusgarri argia”. Lau urteko ibilbidea aztertuta, berriz, Olaziregi ziur dago “gero eta hurbilago” dagoela “erabakia”, baina erronka bat jarri dio Gure Esku Dago-ri eta gizarte osoari: “Pausoz pauso, oinarri soziala handituz joatea”.
Leave a Reply