Kerman Garralda Zubimendi
Bakarrik bizitzearen errealitateetako bat da arazoei ere bakarrik egin behar zaiela aurre. Batzuetan, buruhausteak handiegiak izaten dira norberak konpontzeko, eta ez da izaten hain erraza laguntza eskatzea. “Aurretik egindako ikerketetan, jabetu ginen adineko askok ez dutela jakiten norengana jo laguntza eske, eta gizarte zerbitzuetako langileei kosta egiten zaiela arazoren bat duen adineko jendea identifikatzea”, azaldu du Unai Zabala Agintzari kooperatibako kideak. Arazoak dituzten pertsona eta kolektiboen behar sozialak gainditzea du zeregin Agintzarik.
Sarritan distantzia handiegia izaten da laguntzeko dauden gizarte zerbitzuen eta laguntza behar duten adinekoen artean, eta landa eremuetan areagotu egiten da tarte hori. “Sistema formalaren eta ez-formalaren arteko loturak eraiki nahi ditugu guk. Administrazioak eta herritarrek, egunerokoan bere bidea egiten du bakoitzak, eta elkarlan bat sustatzea ezinbestekoa da kostu handirik gabeko zaintza sistematizatu bat eraikitzeko”, gaineratu du Zabalak. Alde biak elkarrengana gerturatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren xedea, eta, alde horretatik, Landalab dinamika jarri du abian, Etorkizuna eraikiz proiektuaren barruan. “Adinekoen zaintza lanak hobetzea da helburua”. Eta, Zabalaren hitzetan, horretarako bi lan ildo ditu proiektuak: “Alde batetik, teknologia berriak gizarte zerbitzuetara bideratzea, eta, bestetik, lan komunitarioari esku hartze goiztiar bat planteatzeko tresnak ematea”. Agintzari kooperatibako kideak gaineratu duenez, landa eremuan oso errotuta dago auzolana. “Lan komunitarioa zergatik ez dugu bideratzen zaintza lanetara? Arazoa edozein dela ere, lehenago identifikatuko genuke, eta laguntza erraztu”.
Zerainen hasiak dira lehen urratsak egiten: “Adinekoak kafe bero bat hartzeko gelditzen dira astean behin. Oso ekintza sinplea da, baina harremanak estutzen ari dira, elkarren berri izaten dute, tertulian ibiltzen dira… Norbaitek arazoren bat izanez gero, bertan plantea dezake, eta guztion artean konponduko dugu”, azpimarratu du Jon Muñoa Zerainlab elkarteko kideak. “Zerainen argi dugu komunitateak erantzun behar diela komunitatearen erronkei”.
Zahartzaroa da landa eremuko herri txikien erronketako bat; Zerainena, bereziki. Izan ere, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera, Gipuzkoan 2025ean batez besteko adinik altuena izango duten herrien artean hirugarrena izango da Zerain, Belauntza eta Hernialderen atzetik. “Nekazaritza inguruneko herri txikiei erronka berriak eragin dizkiete gure egunerokoan izandako aldaketek eta gizartea zahartzeak”.
Agintzari kooperatiba ere bat dator sakon hausnartu behar dela zahartzaroaren inguruan. “Bakardadeari dagokionez, arazo asko iritsiko da urte gutxian. Ezin gara geldirik gelditu, esperimentatu eta ikasi egin behar dugu. Zahartzaroaren kultura osatu behar dugu”.
Landalab esperimentazio garaian egon da orain arte, baina positiboak dira lehen ondorioak. “Hazia landatu dugu, eta orain jarraipena eman behar zaio, erein dadin”, biribildu du Zabalak.
Berezko ezaugarriak
Landalab nekazaritza eremuetako herri txikietarako pentsatuta dago bereziki, haien berezko ezaugarriengatik zailagoa delako laguntza eskaintzea. “Sakabanatuago bizi gara herri txikietan, ez daukagu hirietako gizarte zerbitzurik, adineko asko bizi da…”, nabarmendu du Muñoak. Amasa, Angiozar (Bergara), Leintz Gatzaga eta Zerainen egin dituzte lehen probak, eta herri gehiagotara zabaltzea da etorkizuneko asmoa.
“Tokian tokiko planteamenduak landu behar direla jabetu gara. Antz handiak izan arren, bere bidea egiten du herri bakoitzeko bizitza komunitarioak”, esan du Zabalak. Haren esanetan, auzoko pertsonak eurak inplikatzea oso garrantzitsua da zaintza lanak “hobeak, azkarragoak eta merkeagoak” izan daitezen. “Auzo guztiek dituzte indar ukiezinak eta baliabideak. Aberastasun horiei zergatik ez dizkiegu jartzen betaurreko sozialak zaintza partekatu bat emateko?”, galdegin du. Landalab proiektuak aurrera egin ahala zahartzaroari eta bakardadeari taldean aurre egitea da erronka.
Leave a Reply