Unai Zubeldia
Duela 40 urte martxan jarritako eskola kirolaren eredua, Juan Mugertza Nazioarteko Krosaren eta Morkaiko Mendizale Elkartearen 75. urteurrenak, Elgoibar kirol klubaren mendeurrena, Nazioarteko Xake Txapelketa, atletismo, txirrindularitza eta eskubaloi taldeak… 11.500 biztanle pasatxo besterik ez dauka Elgoibarrek, eta 40 kilometro koadro eskas. Baina sari preziatua iritsi berri zaio Europatik. “Aipamena da hau, herriari egindako aitortza”, azaldu du Ane Beitia alkateak. Kirolaren Europako herria izango da Elgoibar 2019an, eta joan den astean jaso zuen saria Bruselan, Europako Parlamentuan. Europako 30 bat herri eta hiri saritzen ditu Aces Europa elkarteak, eta, besteak beste, aurretik sari hori bera jasota daude Bilbo, Gasteiz eta Getxo. Elgoibar da Gipuzkoan saria jaso duen lehen udalerria.
Aurretik eskaera eginda, urtero hainbat udalerritako kirol azpiegituren balorazioa egiten du Aces Europa elkarteak, eta, tartean, batzordeko kideak udalerrira bertara joaten dira txostenean bildutakoa bertatik bertara aztertzera. “Egia da Elgoibar txiki antzera gelditu dela azpiegiturei dagokienez”, aitortu du Beitiak. “Baina, hain herri txikia izanda, erabiltzaile asko dauzkagu. Guk jaso dugu saria Bruselan, baina herritarrena da, jende asko aritzen delako boluntario lanetan”. Elgoibarko alkateaz gain, Ramon Mugika Kirol Patronatuko zuzendaria, Esther Lizarriturri eta Garbiñe Gabilondo Patronatuko langileak, eta Blanca Larrañaga zinegotzia izan ziren Bruselan.
Herrian kirol arloan dagoen mugimenduaren jakitun erabaki zuen Beitiak Elgoibar sariketa horretara aurkeztea. “Hain eremu txikian hemezortzi kirol elkarte dauzkagulako”. Urrutira joan gabe, herenegun arratsaldean aurkeztu zuten Nazioarteko Xake Txapelketa. “Eta iaz mendeurrena ospatu zuen Elgoibar klubak; nazioarteko atletismo proba ere hor daukagu, pilota elkartea ere bai…”. Horiek guztiak ezagutarazteko ere baliatu nahiko luke aukera alkateak.
Aceseko hiru ordezkari joan den irailean izan ziren Elgoibarren. “Eta harrituta gelditu ziren, txostenean azaldu geniena berretsi eta are gauza gehiago egiten ditugula ikusi ahal izan zutelako”. Azpiegiturak, erabilera datuak, udalaren kirol inbertsioak eta gastuak, emakumeen parte hartzea, ezinduentzako egokitutako guneak… Udalerri bakoitzak informazio hori guztia txertatu behar izaten du txostenean. “Eta aztertzaileek nota gorena eman ziguten guri”. Bitxikeria gisa, Lukas Vorel batzordeko kideetako bat “erabat harrituta” gelditu zen esku pilotarekin. “Eta esku pilotako pilota bat ere eraman zuen etxera”.
Elgoibarrek etorkizunean sor litezkeen beharretarako harremanak sortzeko ere baliatu nahi du aukera. “Jacak, Granadak [Espainia] eta Igualadak ere [Herrialde Katalanak], esaterako, jaso dute saria, eta horiekin harremana egin dugu Bruselan”. Besteak beste, Gian Francesco Lupatelli presidenteak, John Swanson presidenteordeak, Hugo Alonso idazkari nagusiak eta Vorelek berak parte hartu zuten Europako Parlamentuko sari-banaketa galan. “Eta horiek guztiek ezagutzen gaituzte jada etorkizunean azpiegituraren bat hobetzeko laguntza eske joan beharra ikusten badugu. Ez dugu jasoko zuzeneko diru laguntzarik, baina oso baliagarriak izan daitezke sortu ditugun harreman horiek”.
Talde lana eta konpromisoa
Elgoibarrek kirolaren balio unibertsalak zabaltzeko daukan irmotasuna eta herritarren artean kirola sustatzeko hartu duen konpromisoa goratu du Aces Europak, eta baita udalerriak kirol ekitaldiak antolatzeko daukan gaitasuna ere. Horrez gain, Elgoibarren daukaten kirol eskaintza, kalitateko azpiegiturak edo instalazioak eta herritarren parte hartzea ere azpimarratu ditu Europako elkarte horrek. Urrutira joan gabe, herritarren %40 dira Kirol Patronatuko kide, eta hilero 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute Kirol Patronatuak antolatutako ikastaroetan.
Beitiak herritarren “talde lana eta konpromisoa” azpimarratu zituen Bruselan, eta goraipatu egin zuen kirol taldeen eta elkarteen eguneroko ahalegina eta elkarlana. Kirolak Elgoibarren “gero eta protagonismo handiagoa” izan dezan lanean jarraituko dutela gaineratu du alkateak. “Kirolaren praktika aurrerantzean ere gure identitatearen ezaugarri nagusi izatea nahi dugu. Herritar orori kirola egiteko erraztasunak ematen saiatuko gara, eta, era berean, erakutsiko dugu herria prest dagoela goi mailako kirol ikuskizunak hartzeko”.
2019a ospakizunerako eta aldarrikapenerako baliatu nahiko luke Elgoibarrek. “Eta urrutira joan gabe, gain-gainean daukagu, jada, Juan Mugertza Nazioarteko Krosa”. Urtarrilaren 13an jokatuko da, Mintxetako zelaiaren inguruan.
Leave a Reply