Danel Agirre
Lagun batengana bisitan joan, eta, etxera itzultzeko atea topatu nahian, armairu batean sartu nintzen aurrekoan. Amen batean sei garagardo berdindu ondoren izan zen (badakit zer pentsatu duzun, baina ez nion hozkailua garbitu, nik igotakoak ziren seiak). Armairutik ateratzen nik bakarrik asmatu behar izan nuen, hori bai. Adiskideagatik balitz, bere berokien artean ahaztuta nengoke oraindik. Iruñekoa da, nire tenple falta antzekoa du bizioekin, eta total eginda zegoen bera ere. Marka da gu biona. Tabernara bagoaz, ez dugu jakiten ordubeterako den, edo hiru eguneko ilunaldi erabatekoa datorkigun. Bertako ezagunek gure frenorik ezagatik galdetzen digutenean, Euskal Herriaren ikurra dela erantzun ohi diegu nafarrak eta biok. Teoria berri-berria ere ez da, topikoen seigarren edukiontzitik birziklatzera noa. Baina ez hizkuntza, ez gastronomia, ezta esaneko jendea garena ere: gehiegikeria da baskoak benetan bereizten gaituen zer hori.
Armintzan bi kilo pasako eskalope bat prestatzen dute, zuk ere ikusiko zenuen telebistan. Egundokoa da pieza, Berri Txarrak-en agurreko kontzertua aise kabitzen zaio azpian; presoen manifa, hortxe-hortxe. Ingeniaritzaren obra gorena dozena bat xerra itsatsita diseinatu zuen jatetxeko amamak. Bideoa ikusi genuenetik, Begotxuren artelana probatzearekin tematuta gaude Olagarro eta biok, eta abenduaren 22rako erreserba egitea erabaki genuen. “Gabonetako tripakaden aldian nori geratuko zaio bi kiloko eskalopea berdintzeko gogorik”, pentsatu genuen gure inuzentean. Astebete lehenago deitu, eta algara bat entzun genuen telefonoaren beste aldetik. Maiatzera arte ez omen dute mahairik libre.
Gure kontrolik eza likidoa da, guztia blaitzen du, San Mamesen tamaina bertsua duen Begotxuren zartagineko olioak eskalopea oso-osorik bustitzen duen bezala. Erretzeari laga berri dion ehun kiloko morroskoak lehenbizikoz arineketan egitera irten, eta handik hiru hilabetera egingo den ironmanerako dortsala erosia izaten du dagoeneko. Lizari abisatu genion: mendira asko jota urtean behin joan eta harroxkoarena egiteko Alpeetako via ferrata deabruzkoenak zeharkatzearekin tematuta segitzen badu, gero ez dugu helikopteroa bere bila bidaliko. Ez dakit Thomas Dekker txirrindulariaren biografia irakurri duzun. Euskal Herriko Itzuliari ekin baino egun batzuk lehenago Eufemiano Fuentesek odol transfusioa egin ziola kontatzen du. Txute eta guzti, ordea, ezinean ibili omen zen bertakoen gurpilari segitu ezinik. Etxekoei aurre egiteko, dopin mota bakarrarekin ez zuen nahiko. Arraten edo Ibardinen lehiakor izateko, ezagutzen ziren tranpa guztiak konbinatu behar zirela ondorioztatu zuen.
Kirol kazetaritza hiperbolearen erreinua da, eta, hor ere nabarmentzea lortzeko, muturreko teknikekin trebatuta gaude berripaper nazionalean. Astebeteko mendiko ultratraila haurrari titia emanez korritu eta haluzinazio artean bukatu duen txapeldunaren istorioari tokia egiten diogu, esaterako. Eta, batez ere, testuak puzteko teknika modernoenak erabiltzen ditugu. Baina kontu handiz ibili beharra dago. Ni neu saskibaloi zutabean brutala idaztekotan egon nintzen lehengoan, deskuidatuta. Xuxenek abisatu zidan hori ez dela euskara, eta eskerrak. Esajeratua da superlatibo horrek eragiten didan nazka.
Leave a Reply