Borroka hasi besterik ez da egin

Borroka hasi besterik ez da egin

Aitziber Arzallus

Erretiroa etapa lasai eta aspergarria dela pentsatzen dutenei usteak ustel bihurtu baietz erretiroa hartzeko ordua iristean. Ikusi besterik ez dago Miguel Gortariren eta Karlos Etxeberriaren egunerokoa. “Etapa lasaiagoa bada, azkenean laneko ardurek beti eragiten dutelako tentsioa, eta orain horrelakorik ez dugulako. Baina oso bizirik gaude, gauzak egiteko gogotsu”, adierazi du Etxeberriak. Amezketarra sartu berrietakoa da erretiratuen taldean. 61 urte ditu, eta, 33 urtez irakaskuntzan lanean jardun eta gero, duela bi urte eskas utzi zion eskolak emateari, 2017ko abenduaren hasieran, hain zuzen.

Gortari, ostera, erretiratu esperientziaduna da. Nafarra da izatez, Iruñean jaioa, duela 83 urte, baina Gipuzkoan daramatza bizitzako urterik gehienak. Ikasketaz ekonomista da, eta 1995ean hartu zuen erretiroa, duela 23 urte. Bizi mantentzen da oso, bai gorputzez eta bai buruz, bestela ezinezkoa bailuke daraman martxari eustea. Haren agenda ikuste hutsarekin izerditan hasiko litzateke hogei urteko gazte bat baino gehiago. “Aspertu egiten naiz kartetan eta dominoan jolasten; zaharrentzat dira horiek”, dio.

Donostialdeko Pentsiodunen Elkarteko kide da duela hogei urtetik, eta, ondorioz, baita FEVAAS Aurretik Erretiratuen eta Pentsiodunen Euskal Federazioko kide ere. Elkarte horretako komunikazio kontuez arduratzen da. “Ia egunero izaten ditut prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak. Bilbora eta Madrilera ere sarri joan behar izaten dut beste federazioetako ordezkariekin biltzera”. Horrez gain, Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformako batzordeko kidea ere bada.

Hain justu, plataforma horrek elkartu ditu Gortari eta Etxeberriaren bideak, plataforma osatzen duten 36 talde horietakoren bateko kide direlako biak ala biak: FEVAASekoa da Gortari, eta Duintasuna elkartekoa Etxeberria.

Ohartzerako, erretiratu

Etxeberriak erretiroa hartzea eta Gipuzkoan pentsiodunen mugimendua sortzea, biak bat izan ziren. “2017ko abenduaren 2an hartu nuen erretiroa, eta urtarrilaren 15ean hasi zen mugimendua”. Artean, kosta egiten zitzaion bere burua erretiratutzat hartzea. “Neure burua ez nuen kokatzen erretiratuen sektorean; egokitze aldian nintzen oraindik”. Ordura arte, “urrun” ikusten zituen erretiratuak. “Egoitzetan edota obrei begira egoten ziren haiek ziren, eta, ohartzerako, haietako bat nintzen”.

Baina segituan konturatu zen egosten hasia zen mugimenduaren garrantziaz. “Jabetu nintzen borroka oso inportantea zela, gizarte justuago baten aldeko mugimendua zela, aldaketa soziala eragingo zuela”. Irakaskuntzan lanean ari zen bitartean LAB sindikatuko kide izan zen, eta artean sindikatutik iristen zitzaizkion mezuen bidez zuen mobilizazioen berri. “Aurretik lankide izan nuen lagun batek eman zidan behar nuen bultzadatxoa. Jendea behar zutela esan zidan, eta animatzeko ekinaldietan parte hartzera, eta horrelaxe hasi nintzen”. Urtarrilean bertan hasi zen Donostiako Alderdi Ederreko elkarretaratzeetara joaten. “Duintasunakoekin harremana egin nuen handik gutxira, eta haiekin elkartzen hasi nintzen. Argi ikusi nuen mugimendu hura indartu egin behar genuela, eta neure alea jartzea erabaki nuen. Hor nabil ordutik”. Gipuzkoako elkartea da Duintasuna, eta lotura du Bizkaiko eta Nafarroako Pentsionistak Martxan elkarteekin eta Arabako Pentsionistak Lanean elkartearekin.

Elkartasunagatik

1967ko urtarrilaren 1ean sortu zuten Espainiako Gizarte Segurantza, eta, ordurako, lan merkatuan urteak zeramatzan Gortarik. Hainbat kiderekin batera, sistema zaharraren eta berriaren artean geratu zen erretiroa hartzeko garaia iristean. “Jendeak uste du baldintza bikainekin erretiratu ginela egoera hartan geundenok, baina ez da hala. Dagokidan ordainaren %60 besterik ez dut jasotzen nik, eta, 1995az geroztik, hilean ia 700 euro lapurtzen dizkit gobernuak”. Dena dela, aitortu du “nahiko pentsio txukuna” duela eta badituela lagunak askoz egoera okerragoan: “35 urtez kotizatu, eta egoera penagarrian”.

Erretiroa hartu berritan erabaki zuten Donostialdeko Pentsiodunen Elkartea sortzea, pentsioen alde borrokatzeko. “1998an hasi ginen, eta horretan jarraitzen dugu oraindik, geuregatik ez jada, elkartasunagatik baizik”. Azken urtean pentsioen alde sortu den mugimendua babestu egin du Gortarik. “Baina, egiazki, aitortu behar dut aho zapore gazi-gozoa ere eragiten didala. 2013tik 2018ra %0,25eko igoera sufritu dugu urtero, eta alderdi politiko bakar bat ere ez zaigu etorri gure egoeraz galdetzera. Zergatik iaz bai? Hauteskundeak datozelako, eta boto mordo bat bermatzeko bide ezin hobea ikusi dutelako gugan”. Gortariren ustez, horren adibide argia da iazko ekainean EAJk eta PPk pentsioen inguruan egin zuten akordioa. “Pentsiodunen botoak galtzeko beldurrak eraman zituen horretara”.

Pentsioen aldeko mugimendua hain azkar handitu eta zabaltzearen atzean beste arrazoi bat ere egon dela gogoratu du Etxeberriak. “Pentsiodunak nahikoa erreta zeuden lehendik ere, eta azken tanta izan zen etxean Espainiako Lan Ministerioaren gutuna jasotzea pentsioak %0,25 igoko zizkietela esanez —urtean 30 euro inguru—, eta gero jakitea gutunetan 1,6 milioi euro gastatu zituela. Normala denez, burlatzat hartu zuten hori, eta protestara bultzatu zituen horrek”.

Indarrak batuta

Pentsiodunek laster hartu zituzten kaleak. Astelehenero elkarretaratzeak egiten hasi ziren, Gipuzkoako hiruzpalau herritan aurrena, eta, urtearen joanean, 25 herritan. Plataformak eta elkarteak sortzen hasi ziren herriz herri, eta guztiak herrialde mailako plataforma batean biltzea erabaki zuten. Gortariren arabera, Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforma aterki egokia izan zitekeela iruditu zitzaien mugimendu hura guztia babesteko. “Plataforma, berez, 2015ean sortu genuen, zazpi elkarteren artean. Herrietako elkarteak hara lotuz joan dira gero”. Egun, 36 elkartek osatzen dute plataforma. “Oso garrantzitsua da denok norabide berean joatea, eta, alde horretatik, jokabide eredugarria izaten ari gara”.

Iritzi berekoa da Etxeberria ere. “Diferentzia nabarmenak egon arren, badago batasuna aldarrikapen komun batzuen inguruan, eta baloratzekoa da hori. Transbertsala da gaia, eta izaera desberdineko jendea elkarrekin lan egitera behartzen du horrek. Oso interesgarria da hori”. Aldeak badaudela onartu du Etxeberriak. “Baina komunean ditugun alderdi horiek indartzen saiatzen gara, indarrak batzen, eskaerak eta aldarrikapenak Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo gobernuei zuzentzen, eta bestelako eztabaidak ekiditen”.

Lorpenak eta erronkak

“Pozik” daude biak ala biak, urtebeteko borrokak emaitzak eman dituelako. “Lorpen txikiak izan dira, baina lorpenak dira”, Etxeberriaren hitzetan. Horien artean daude, esate baterako, pentsioak aurten %1,6 igo izana, 65 urtetik gora dituzten alargunen pentsioak kalkulatzeko oinarri likidagarria %52tik %60ra igo izana, eta pentsioak kalkulatzeko iraunkortasuna kontuan hartzen duen formularen ezarpena atzeratzea. “Baina aldarrikapen handienak falta zaizkigu, besteak beste: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata, iraunkortasunean oinarritzen den formula behin betiko ezabatzea, pentsioak beti gutxienez KPIa adina igoko dituztela ziurtatzeko legea egitea, eta %0,25eko igoerak baimentzen dituen dekretua behin betiko indargabetzea”.

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera “koldarra” kritikatu du Gortarik. “PSOEk %0,25eko igoeren dekretua indargabetu zezakeen, baina ez du hala egin. Datozen urteetan pentsioak KPIa adina igotzea bermatzeko dekretua onartuko duela agindu du, eta ikusiko dugu hori egiten duen. Horrenbeste urtean entzun dizkiedan gezur guztien ondorioa izango da, agian, baina Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuta ikusten ditudanean sinesten ditut gauzak nik”. Madrilek bezala Gasteizek ere bere esku dauden neurriak hartu beharko lituzkeela defendatu du Gortarik. “Badu ahalmena gizarte zerbitzuak kudeatzeko, eta pentsiodunei laguntzeko baliatu behar luke hori, are gehiago inoizko zerga bilketarik oparoena egin duen honetan”.

Astelehenero herriz herri mobilizazioak egiten jarraituko dute aurten ere, eta oraindik zehazteko duten arren, maiatzean, hauteskundeetara begira, manifestazio handi bat egitea aurreikusten dute. Luzera begira duten erronka zein den, berriz, oso argi du Etxeberriak: “Beste sektoreetara zabaldu behar dugu mugimendua, gaurko eta biharko pentsio sistema publiko duin bat bermatzeko kate osoa egokitu beharra baitago, lan merkatuko baldintzak hobetzetik hasita. Bakoitzak dagokigun eremuan hasi behar dugu lanean, baina beharrezkoa izango da pixkanaka sektore arteko sare bat osatuz joatea ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.