Unai Zubeldia
“Aukera batetik sortu da ideia berritzaile hau”. Hala azaldu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. “Hastear dira Ugartondo inguruan garatuko den urbanizazio berriko lanak, eta, etxebizitzez gain, ekipamendu publiko bat sortuko du udalak”. Lanei ekin aurretik, hausnarketa bat abiarazi zuten herrian zer behar zeuzkaten aztertzeko. “Eta horietako bi, gutxienez, ase genitzakeela ikusi genuen: gazteei begirako beharrak, batetik, etxebizitzen salmenta eta alokairu prezioen, eta lan prekarioen eraginez, bereziki”. Eta adinekoei begirakoa, bestetik, “ez direlako gutxi euren etxean deseroso bizi direnak, konpainia faltagatik, etxea handi geratu zaielako, herrigunetik kanpo bizi direlako…”.
Gazteen zein adinekoen oinarrizko beharrei tiraka landu dute “proposamen komunitarioa”: Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua —gaur egun, usurbildarren ia %20k dauzkate 65 urte edo gehiago—. “Bi behar horiei erantzun bateratua emateko aukera izan dezakegula uste dugu”, ondorioztatu du Arregik. “Usurbilen bertan elkargune bizi bat sortzea da helburua, elkartasuna, zaintza eta elkarbizitza indartuta”. Hori bai, proiektua garatzen hasi arteko bideak izan nahiko luke muina. “Oso garrantzitsua da gazteek eurek zein adinekoek elkarrekin proiektuaren definizioa lantzea, kontua ez baita proiektu egin bat aurkeztea”. Egun zehatzik ez badago ere, “epe ertainean” entregatu nahiko lizkiekete giltzak erabiltzaileei. “Okerrik ez dela, 2021erako”.
Hiritik At kooperatibak dinamizatuko du prozesua, eta, bihartik apirilaren 6ra, bost saio egingo dituzte herritarren ekarpenak jasotzeko. Etxebizitzaren izaera orokorra gaia landuko dute bihar; Erabiltzaileak eta sarrera baldintzak, otsailaren 2an; Espazioen diseinua, otsailaren 16an; Bizikidetza, martxoaren 23an; eta Funtzionamendua, apirilaren 6an. Usurbilgo Potxoenea kulturgunean egingo dituzte saio guztiak, 10:30ean. Ainhoa Retegi Hiritik At kooperatibako kidea ariko da dinamizatzaile lanetan. “Galdera asko eta erantzun gutxi dauzkagu oraingoz, eta horregatik da hain garrantzitsua herritarrek prozesuan parte hartzea”.
Retegiren hitzetan, Europan “aspaldi” jarri zituzten martxan horrelako ereduak. “Eta emaitza onak ematen ari dira, Danimarkan bereziki, eta baita Norvegian eta Suedian ere. Andel eredua deitzen zaio”. Hiritik At kooperatibako kideak onartu du Euskal Herrira “oso pixkanaka” ari dela iristen etxebizitza komunitarioen errealitatea. “Errenterian oraintxe dira martxan jartzekoak gazteentzako etxebizitza komunitarioak, eta adinekoen kasuan beste kooperatiba batzuk ere ari dira gaia lantzen. Baina Euskal Herrian gaur egun, oraindik, ez dago gazteak zein helduak elkartzen dituen etxebizitza komunitarioko proiekturik”. Horregatik da hain berritzailea Usurbilen abian jarri duten prozesua. “Eta horregatik sortzen ditu hainbeste galdera, orain arte ikusi gabeko zerbait delako”.
Gune publiko eta pribatuak
Gazteen kasuan, emantzipazio prozesuan murgilduta daudenak dauzkate jomugan, “alokairuari aurre egiteko edo etxebizitza bat erosteko gaitasun ekonomikorik ez daukatenak”. Eta, adinekoen kasuan, mendekotasunik ez daukatenak, “autonomoak direnak”. Oraindik erabat zehaztuta ez daukaten arren, izaera komunitarioko hamasei etxebizitza inguru eraikiko dituzte Ugartondoko urbanizazio berrian. “Erabiltzaileen beharren araberako etxebizitza pribatuak izango dira, baina, horrez gain, espazio publikoak ere edukiko dituzte eraikinek”. Esaterako, logela eta komun pribatuak izan ditzake erabiltzaile bakoitzak, eta guztiek erabiltzekoak izango lirateke egongela, sukaldea…
Arregiren esanetan, “esperientzia pilotua” izango da Usurbilgoa. “Bide bat urratzera goaz, eta etorkizunerako aukera on baten aurrean egon gaitezke. Garrantzitsua da bidean denok ikastea, etorkizunean beste eredu alternatibo batzuk martxan jartzeko aukera eskainiko digulako horrek”.
Leave a Reply