Danel Agirre
Sekula Felipe Gonzalez, Tony Blair edo Gerhard Schroeder kaletik ikusten baditut, musu busti bat ematea lortu arte jazarriko ditut (badakit Feliperi Cohiba hats sarkorra dariola, baina berdin zait). Alderdi Sozialistetan aurrerantzean inori sozialista izatea ez zitzaiola eskatuko erabaki zutenean, fantasiaz, magiaz eta ilusioz betetako politika bati zabaldu zioten atea. Egia da Europa sator-zulo insolidario eta xenofobo bilakatu izanaren erantzule nagusiak direla hirurak, baina gutxienekoa da hori. Inongo printzipio gogaikarririk babestu beharrik gabe, burutazio originalenak plazaratzeko askatasun osoa dute orain bazterretako zinegotzi eta diputatu sozialistek. Euren irudimena dute muga bakartzat, eta loteria tokatu zaigun irudipena dut nik: izan ere, guztietan gureak dira kaskarin eta entretenigarrienak.
Kontatu nizun gascologia hobbytzat dudala: geografo txit karismatikoaren emaria ikertzeko orduro sonarra pasatu ohi dut sarean. Arreta osoa exijitzen duen denbora-pasa da, baina zeharo gogobetetzen nau. Egun, ordea, abangoardia ikonoklasta baten ordezkari, talentuaren hub (hitz hori gustuko du ziur) moduan ulertzen dut Gasco. Bere aitzindaritza gutxietsi gabe, dinamika zeharo psikotropikoan dabilen talde dinamiko askoa du alboan. Maiatzeko bozetarako programa diseinatzen hasi, eta Danborarena izena duen danbor formako eraikin bat asmatu eta harro aurkeztu duen gizataldeaz ari gara. Hiru hilabete falta dira hauteskundeetarako: eman Gipuzkoako sozialistei beste lauzpabost bilera, eta imajinatu ezin duzun lilurazko mundu bati forma emango diote. Zuri aurkeztu ahal izateko, buzoian lagatako liburuxkaren formatua hankamotz geratuko zaie, baina asmatuko dute zerbait.
Ez duzu aurkituko Gipuzkoako sozialisten ekimenei buruzko meme txukunik. Kontxako baranda imitatzen duten Gabonetako argiak, pintxoak aztertzeko institutua edo danbor itxurako pabiloia immuneak dira txantxari. Memegintza desaktibatzea lortu dute sozialistek, txantxa aurreikusi, bere egin eta konplexurik gabe ospatzen dutelako. Arturo Fernandez eta Pedro Osinagak mukuru bete izan dute Viktoria Eugenia. Ez da harritzekoa: bere buruaren parodia antzezten zuten, eta genero hori oso estimatua da inguruan, hirigintza alorrean, batik bat.
Danborarena Zorroagako aldapan eraiki nahi dute Gipuzkoako sozialistek. Hiriko etxegabeek egunero igotzen dute malda hori, auzoan dagoen aterpetxera bidean. Zabor poltsa urdinekin estaltzen ari diren futbol estadioko obra bukatu, eta parean danbor orlegi bat eraikitzen hasi direla ohartuko dira akaso laster. Ez duzu aurkituko Gipuzkoako sozialistei buruzko etxegabeen irain sumindurik. Etxegabeen irain suminduak desaktibatzea lortu dute sozialistek, etxegabeen irain suminduak aurreikusi, bere egin eta konplexurik gabe ospatu zituztelako aspaldi.
Kalean lo zegoen pertsona baten argazkia agertu zen duela urtebete Ernesto Gascoren Instagrameko kontuan, “logela zerbitzua?” zioen testuarekin. Alkateordearen autoretza ziurtzat eman zen, bere ibilbide artistikoa aintzat hartuta. Mezua laguntzaile batek argitaratua zela esanez zuritu zuen bere burua ordea. Inork ez zuen sinetsi, nik salbu. Esan dizut abangoardia ikonoklasta baten ordezkari moduan ulertzen dudala orain Gasco. Sozialismoaren printzipio gogaikarririk babestu beharrik gabe, dinamika zeharo psikotropikoan dabilen talde dinamiko askoa du alboan.
Leave a Reply