Eider Goenaga Lizaso
Gipuzkoako suhiltzaileek urte asko daramate langile gutxiegi direla salatzen. “Betidanik. Nik oroitzen dudanez, beti salatu izan dugu hori”, dio Josu Merinok, LABeko ordezkari eta foru aldundiaren menpeko suhiltzaileen langile batzordeko kideak. Baina egoera hori okertu egin da azken hilabeteetan, eta, abenduaren hasieran, Legazpiko suhiltzaile parkea itxi behar izan zuten, ez zegoelako lau laguneko guardia osatzerik. Atzo, suhiltzaileen ordezkariek eta Gipuzkoako Foru Aldundikoek —Imanol Lasa Gobernantza diputatua da suhiltzaileen arduraduna— bilera bat egin zuten, eta foru aldundiak suhiltzaileen gutxieneko eskaerei erantzuten zien proposamen bat jarri zuen mahai gainean: beste 48 suhiltzaile kontratatuko dituzte, lan poltsatik, eta horrekin bermatuko dute guardia bakoitzean bost suhiltzaile egotea.
Merinok, bileraren bezperan, ez zuen itxaropen handirik, eta, atzo, bileraren ostean, aitortu zuen sorpresa hartu zutela proposamenarekin. “Orain arteko bileretan guk eskatzen genuenetik oso urruti ibili dira beti. Abenduan hamazazpi suhiltzaile kontratatzea eskaini ziguten, gero 24ra igo zuten kopurua, eta esan ziguten ezinezkoa zela gehiago kontratatzea. Eta gaur esan digute 48 kontratatuko dituztela. Hori zen gure gutxieneko eskaera, gure zerbitzua bermatzeko eskatzen genuen gutxienekoa”.
Egoera larria zela dio Merinok, eta foru aldundiak beste parke bat ixtea eragotzi nahi zuela, kosta ahala kosta. “Hauteskundeak gainean ditugu, eta guk horren jakinaren gainean gogortu dugu gure borrokaldia. Nire ustez, horrekin lotuta dago haien proposamena ere. Dena den, arrazoia edozein dela ere, pauso handi bat da guk eskatzen genuen bide horretan”.
Akordioa lortu ostean, suhiltzaile zerbitzuaren modernizazioaren gaineko konpromisoa berretsi zuen Imanol Lasa diputatuak, “epe motz, ertain eta luzera”. Akordioaren nondik norakoen berri ere eman zuen. “48 suhiltzaile kontratatuko ditugu lurraldeko zortzi parkeen errefortzurako. Txanda bakoitzean suhiltzaile bat gehiago izango da. Martxo hasieratik aurrera hasiko dira lanean, gradualki [prestakuntza beharko dute batzuek], eta abenduan irekitako lan poltsaren bidez egingo dira kontratazioak”. Lan poltsa hori Legazpiko parkea itxi ostean eta suhiltzaileek protesta egin ondoren ireki zuen aldundiak, eta 656 lagun aurkeztu ziren.
Merinok azaldutakoaren arabera, langile horiek lanpostua duten suhiltzaileen baldintza berdintsuak izango dituzte: egutegi bat izango dute, atseden tarteak errespetatuko zaizkie, eta, printzipioz, parke bati atxikitako suhiltzaileak izango dira. “Horrek egonkortasuna ematen dio bai langileari eta baita parkeari berari ere”. Baina gerta liteke, parke batean bi hutsune edo bi gaixoaldi sortzean, parkez mugitu behar izatea. “Hala ere, ordezkoei baldintzak asko hobetuko zaizkie, batetik bestera ibiltzen baitira orain; ez dute jakiten noiz eta non egingo duten lan”.
Langile falta
Suhiltzaile falta 2017ko lan eskaintza publikoaren ondoren hasi zen “larriagotzen”. “Hain gaizki planteatu zuten… Eskainitako 25 postuak bete ostean, pertsona bakarra gelditu zen ordezkapenetarako”. Eta ordezkoen baldintzak “hain kaskarrak” izanda, suhiltzaile bakar hori Donostiako Udaleko suhiltzaileetara joan zela azaldu du Merinok. “2008ko LEPetik ateratako lan poltsarekin utzi gintuen horrek, baina oso murriztuta zegoen poltsa hori”.
Eta abenduan gertatu zen horren ondorio nabarmenena, egun batez Legazpiko parkea itxi behar izan zutenean. “Egun horretan, hiru langilerekin gelditu ziren Arrateko parkea (Eibar) eta Legazpikoa, baina laukoak dira txandak. Beraz, biak itxi beharrean, Legazpiko suhiltzaile bat eraman zuten Arrateko parkera, eta beste bat Zarautzera. Bi parke itxi beharrean, bakarra itxi zuten”.
Lau ez dira aski
Lau gutxi da. Langile gehiago ya leloa zeramaten suhiltzaileek astelehenean Tabakalera parean (Donostia) egindako elkarretaratzean. Izan ere, orain arte, lau suhiltzaileren artean betetzen dituzte guardiak: hiru suhiltzaile eta kabo bat. “Eta lau oso gutxi da. Pentsa, askotan hiru kamioi handitan iristen garela ikusten du jendeak; eta ikusgarria da gu iristen garen unea, baina jendeak ez dakiena da hiru kamioi horietan lau lagun goazela. Sute baten kasuan, koordinazio lanak egiten ditu kaboak, kamioien ardura hartzen du suhiltzaile batek —ura itxi eta ireki, mahukak kontrolatu…—, eta bi sartzen gara suteari aurre egitera, jendea erreskatatzera…”. Merinoren hitzetan, “zorionez” ez da istripu edo sute larririk izaten. “Orduan geldituko lirateke agerian gure zerbitzuaren gabeziak”.
Merinoren arabera, argi dago lauko taldea ez dela aski, eta aldundiak berak ere aitortzen du hori. “Izan ere, 2030erako onartua duten planak jasotzen du parke bakoitzean gutxieneko guardiak seikoak izatea. Pausoak ematen hasteko eskatzen dugu guk, eta lehen pauso gisa eskatzen duguna da bosteko taldeak osatzea parke bakoitzean, laura jaisteko aukerarekin”. Horixe da, hain zuzen, atzoko bileran foru aldundiak proposatu ziena, eta langileen ordezkariek onartutakoa.
Langile horien egonkortzeari buruz ere hitz egin zuten atzoko bileran. Izan ere, plazarik gabekoak izango dira, lanpostu horiek LEP batean atera arte. “2020an egingo da hurrengo LEPa, baina ez dira aterako 48 postuak. Beraz, bost urtetan 48 plaza horiek egonkortzeko eskatuko diegu. Ez digute ezezkorik esan, ezta baiezkorik ere. Premiazkoa da hori pauso gehiago eman ahal izateko”.
Merinoren hitzetan, langile ordezkariak gustura gelditu ziren eskaintzarekin. “Baina argi utzi nahi dugu hau zela gutxienekoa, oraindik gauza asko daude lotzeko”. Besteak beste, aipatu du suhiltzaileen behin-behinekotasuna %30ekoa dela eta egutegia gainditzeagatik 2.000 ordu zor dizkietela.
Leave a Reply