Unai Zubeldia
Merkatuari begira bizi da kooperatibismoa. Negozioak, produktu berriak, balantze ekonomikoak, salmentak… Egunerokoan ohiko kontuak izaten dira horiek Mondragon korporazioan, baina, herritarrengana gerturatu nahian, 75 urte luzeko mugimendu horri musika jartzea erabaki zuten lehenengo —Humanity at music—; kooperazio lanarekin narrazio laburrak, bertsoak eta ilustrazioak batu, eta 2018ko abenduan liburua kaleratu zuten ondoren; eta bide horretan sortutako elkarlanarekin “ikuskizun erraldoi bat” sortzea erabaki zuten azkenik.
Irailaren 14an taularatuko dute ikuskizun hori, Gasteizko Buesa Arena pabiloian, baina proiektua herriz herri sendotu nahi dute aurretik. Urrutira joan gabe, gaur eta bihar, 19:00etan, Arrasateko Amaia antzokian eskainiko dute Humanity at Music herriz herri emanaldia. “Sinfonia kooperatiboa deitu diogu guk”, zehaztu du Javier Marcosek, Mondragon korporazioko komunikazio buruak. Eta beste bi emanaldi ere lotuta dauzkate jada: Aretxabaletan, maiatzaren 25ean, eta Oñatin, ekainaren 8an. “Iruñean eta Markina-Xemeinen ere eskaini nahiko genuke emanaldia, baina lotu gabe dauzkagu oraindik”. www.humanityatmusic.com webgunean eros daitezke gaurko eta biharko emanaldietarako sarrerak, 15 euroren truke.
Duela pare bat urte hasi zen proiektua gorpuzten. “Musikaren arloan genbiltzan lagun batzuk elkartu ginen, eta kooperatibismoaren esperientziak bestelako kontakizun bat egitea merezi zuela pentsatu genuen”. Fernando Velazquez musikagile eta orkestra zuzendariarekin elkartu ziren lehenengo, eta hitzen ekarpena egin zuen Jon Sarasua bertsolari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak. “Musika eta hitzak edukita, bidearen zatirik handiena eginda geneukala pentsatu genuen”. Hemezortzi bertsolari ere elkarlanean aritu dira gerora, bertso bana eginda. “Eta bost idazle ere inplikatu genituen, emakumezkoak guztiak: Pili Kaltzada, Katixa Agirre, Gloria Totorikaguena, Leire Bilbao eta Irati Jimenez”. Maite Mutuberria ilustratzaileak bete zuen liburua osatzeko falta zen hutsune bakarra.
Kooperatibismoaren 75 urteko ibilbidea biltzen duen lana Durangoko Azokan aurkeztuta, irailaren 14ko ekitaldia prestatzen hasi ziren jarraian. “Zortzi pieza dauzka soinu bandak. Obertura da lehenengoa, eta 50eko hamarkadako kooperatibismoa ezagutzeko balio du doinu horrek”. Gero, abesti bat eskaini diote kooperatibismoaren arlo bakoitzari: “Banaketa, finantzak, industria eta ezagutza”. Bazkide, langile eta familia guztiei omenaldia egiten die seigarren piezak; internazionalizaziori buruzkoa da zazpigarrena. “Eta etorkizunari keinu egingo dio azkenak”. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta 400 laguneko koroa ere Gasteizko emanaldian izango dira irailaren 14an, eta Kukai dantza konpainiak ere ikuskizun berezi bat prestatuko du egun horretarako: Hanka bat lurrean, bestea airean.
Ehun lagun oholtzan
Buesa Arena pabiloikoaren aldean, “formatu txikiko emanaldiak” izango dira asteburu honetakoak. Baina Arrasate Musikaleko musikariak, abesbatza, Amets Arzallus eta Oihana Iguaran bertsolariak, Pilar Kaltzada narratzailea… “Ehun lagunetik gora ariko dira kantuan oholtzan, eta lau pieza eskainiko dituzte guztira, beste laurei keinuak eginez”, zehaztu du Marcosek.
Euskaraz sortutako proiektua dela azpimarratu du Marcosek. “Narrazioak, bertsoak, musika piezen hitzak… Dena”. Liburuaren kasuan, gaztelerara eta ingelesera ere itzuli dute lan mardula. “Kooperatibismoaren isla gisa, kultur eragile askoren arteko elkarlana dago atzean, eta oso aberasgarria da hori”. Proiektu solidarioa ere bada: “Saltzen dugun liburu bakoitzeko euro bat bideratzen dugu Mundukide fundazioarentzat, eta hainbat herrialdetan garapen proiektuak lantzen ditu fundazio horrek”.
Leave a Reply